GARA
BERLiN

SPDko hautagaiak ez dio uko egiten Die Linkerekin gobernatzeari

Olaf Scholz hautagai sozialdemokratak jokoa ireki nahi du. SPDko zerrendaburuak Koalizio Handiaren «kontinuista» ospea dauka, izan ere. Finantza ministro da egungo gobernuan, baina inkestek bere alde egiten duten honetan beste aukera batzuk ireki nahi izan ditu. Besteak beste, luzaroan ahaztutako ezkerrari keinuak egiten hasi da.

Olaf Scholz Alemaniako Alderdi Sozialdemokratako (SPD) hautagaiak atzo adierazi zuenez, ez du baztertzen Die Linkerekin (ezkerra, komunista ohiak) gobernatzea irailaren 26ko hauteskundeen ostean. Egun horretan, Angela Merkelen ordezkoa aukeratuko dute alemanek, eta inkestek lehia estua iragartzen dute azken uneraino.

«Tanteo hauek ez dira onak demokraziarentzat. Esperientziak erakusten duenez, koalizio bat baztertu ostean, hurrengoaren afera jartzen da mahai gainean. Eta momentu bat iristen da, zeinean herriak ez duen herriaren ongizateari buruz hitz egiten, alderdien azpijokoez baizik», esan zuen “Frankfurter Allgemeine” egunkariak argitaratutako elkarrizketa batean.

Duela aste batzuk, hautagai sozialdemokrata inkestetan oso atzean agertzen zen, baina azken inkestek Armin Laschet kontserbadorearekin (CDU/CSU) parekatu dute, eta Annalena Baerbocken (Berdeak) aurretik jarri dute.

Hautetsontzietatik atera daitekeen emaitza hain estua izanik, analisi asko gobernu-koalizio posibleei buruzkoak dira jada, hauteskunde egunaz harago. Eta Alemanian, joko politiko horrek aukera askotarako ematen du, ez bakarrik teorian. Izan ere, maila instituzional desberdinetan koalizio oso desberdinak osatu dira. Hala ere, harridura sortu dute Die Linkeri buruzko Scholzen hitzek, Merkelen politiken benetako «hautagai kontinuista» izatearen ospea baitu. Merkelek berak izendatu zuen, legealdi honetan, kantzilerorde eta Finantza ministro.

Ezin da ahaztu, edonola, Die Linkek egun 69 eserleku dituela Bundestagen (Parlamentuan), eta hautetsontziek garaile argirik ematen ez badute horien botoak erabakigarriak izan daitezkeela balantza alde batera edo bestera bultzatzeko.

Dena den, Scholzek gogora ekarri zituen SPDk ezkerrari hainbatetan inposatutako marra gorriak: «Alemaniako gobernu guztiek konpromiso garbia hartu behar dute elkarte transatlantikoarekin, NATOko kide izatearekin, eta EB indartsu eta subirano batekin». Scholzentzat ukiezinak dira, halaber, «diruarekin zuhurrak izatea, ekonomiaren hazkundea eta barne segurtasunaren bermea».