Pello Zabala
Eguraldian aditua
AZKEN PUNTUA

Basoak berde!

Abuztuko kolaborazioa eguzkiari ahulaldiaren ezintxoa ote zerabilkion seinalatuz hasi nuen: ea aurten ez ote dabilen beste urteetan baino eskastxoago berotzen... Noski, paraje bakoitzarekiko neurria zaindu beharra dauka eguzki jaunak ere: itsaso inguruan izan, edo mendi eta baso altuetatik neurtu bere eragina, gogoan hartu beharra dago aireak bere hezetasuna poltsiko ezberdinetan gordetzen duela; bestalde, haizearen eragin momentuko hori ere badago tartean, ahulago edo zakarxeago txoko eta bazter bakoitzeko, aldapa eta mendi puntetako boladen arabera.

Eguzkiaren labeko bero faltarik, gogoan hartzeko tamainakorik ez dirudi oraindik agerian datorrenik: bere milioika graduak ez dirudi aise faltan botako ditugunik; izkinaren batean edo mendi-bizkar motelen batean itzal gehiago sentitzea, bai, haize eta giroen saltoxka horietan freskaldi bat gustatzea atsegina izaten da malda eta malkar hauetan. Aurtengoak ez digu ekarri bero itogarri estuasundunik: apenas bi eguerdi-ondoz pasa zaigu tenperatura 30 gradutik. Hori bai, eguzkia bi egunetan soilik falta izan da hemen, eta, gainerantzean, 282 orduz zaindu eta goxatu du lurra. Aurten abuztu portatu da, portatu denez. Noski, horrek euri eta busti eskasia ere seinalatzen digu, eta halaxe da: 25 litro besterik ez digu ekarri abuztuak hain berde eta mardul dagoen Urbia bideko Arantzazu malkartsu berde honetan.