GARA
MOSKU

Errusiak «Nord Stream 2» gasbidearen lanak bukatutzat eman ditu

Errusiak «Nord Stream 2» gasbidearen lanak bukatutzat eman zituen atzo. Azpiegitura horren bidez gasa Alemaniara Baltikoaren azpitik bideratuko du Errusiak, Ukrainatik pasatu beharrik gabe.

Gazpromeko zuzendari nagusiak, Alexei Millerrek, atzo jakitera eman zuenez, “Nord Stream 2” gasbidearen lanak «erabat bukatuta gelditu dira gaur [atzo] 08.45ean –ordu bat gehiago Euskal Herrian–».

Moskurentzat garaipen handia da, 10.000 milioi euro kostatu zaizkion azpiegiturak tentsio diplomatiko gogorrak eragin baititu. Kontra daudenen esanetan, batez ere Ekialdeko Europako herrialdeak, Errusiarekiko menpekotasuna areagotuko du. Ukrainak «traizio» gisa hartu du hasiera-hasieratik proiektua, gasbideak herrialdea saihesten baitu; izan ere, Errusiak gasa Baltiko azpitik eramango du Alemaniara, Mendebaldeko Europaren aliatua den Ukraina alde batera utzita. Gazpromek atzo berria hedatu bezain laster, gasbidearen kontra borrokatuko dela, «baita gasa eramaten hasten denean ere» ohartarazi zuen Kievek.

Egitasmoa azken txanpan sartu izana, hots, eraikita egotea eta laster gasa eramaten hastea, garaipen geopolitiko handia da Moskurentzat. Pentsa, hasiera batean AEBen eta Europako zenbait herrialderen oposizio gogorrari aurre egin behar izan zion Fitch agentziako Baliabide Naturalen zuzendari Dmitri Marinxenkok. Pasa den uztailean, baina, Joe Biden AEBetako presidenteak gasbidearen kontrako jarreran atzera egin zuen, jada ezin zuela gelditu argudiatuz. Ukrainan alarma gorri guztiak piztu ziren berehala, ordura arteko aliatu nagusiaren sustengua galtzen zutela erakusten baitzuten Bidenen adierazpenek eta Washingtonen jarrera berriak. Ukraina beldur da Errusiarekin dituen kontratuak behin bukatuta, 2024. urtean, gasa eramateko Ukrainatik pasatzen den bidearen beharrik ez izatea; horrek, noski, diru galera handia eragingo lioke herrialdeari. Urtean 1.500 milioi dolar jasotzen ditu eta.

Kontsumitzaileen «onerako»

Kremlinek ez zuen garaipen hitza erabili nahi izan atzokoan. Behin gasbidea martxan jarrita «irabazleak hornitzaileak eta kontsumitzaileak» izango direla adierazi zuen soilik. Alemaniak bezala, Moskuk ere proiektuaren izaera «erabat ekonomikoa» dela nabarmendu du, azpiegitura berriak gasaren kostua merkatuko duela azpimarratuz, gasa kontsumitzaile europarrengana iristeko ibilbidea 2.000 kilometrotan murriztuko baitu.

Egitasmoa 2012an adostu zen; hiru urte geroago, 2015ean, partzuergo europar bat osatu zen Gazpromen gidaritzapean. Azkenik, 2018an, “Nord Stream 2” gasbidea eraikitzeko lanak hasi ziren. Bost herrialde zeharkatzen ditu: Errusia, Finlandia, Suedia, Danimarka eta Alemania.