EDITORIALA
EDITORIALA

Preso politikoen egoera ez dute isilaraziko

Auzitegi Nazionalak “Kalerainfo” aldizkaria eta Kalera Kalera-ren web orrialdea berehala ixteko agindua eman zuela jakinarazi zuen, atzo, Sortuk. Erabakiak harridura sortzen du; izan ere, aldizkariaren zeregin nagusia preso politikoei auzi judizialen gaineko informazioa ematea da, informazio juridikoa, espetxe-ibilbidea egiteko, eta, era berean, beren eskubideen alde egiten diren mobilizazioen berri emateko. Presoen egoerari buruzko edo kartzela-politikaren bilakaerari buruzko albisteetan zer delitu egon daitekeen antzematea zaila da, erabaki horren helburua presoekiko elkartasuna kriminalizatzea ez bada.

Bestetik, erabakia ezin da bere testuingurutik bereizi. Joan den astean, hedabide gehienak, alderdi politiko batzuk eta biktimen elkarteak biziarteko kartzela-zigorraren aurkako manifestazioa zena preso politiko baten omenaldia zela saltzen saiatu ziren. Epaileak ere ez ziren maniobra zakar horrekin bat etorri. Gainera, azken orduko aldaketek Sarek antolatutako mobilizazioaren oihartzuna handitu zuten eta intoxikazio maniobra agerian utzi zuten. Porrot horren ondoren, badirudi orain presoen eskubideen aldeko beste tresna bat indargabetzea erabaki dutela. Argi dago, sakoneko Estatuak ez dio uko egiten indarkeria erabiltzeari eta Euskal Herrian presoen inguruan eraikitzen ari diren adostasun berriak sabotatzeari. Hala, Aieteren hamargarren urteurrenaren bezperan, ekarpen bakarra daukala erakutsi du beste behin: gatazkari konponbide demokratikoa emateko aukera boikotatzen jarraitzea.

Mugimendu horiekin presoen errealitatea ezkutatu nahi dute, kartzelatuta mantendu ahal izateko. Alferrik, euskal gizartearen zati gero eta zabalago batek barneratu baitu gatazkaren ondorioen konponbidea presoen askapenarekin etorriko dela, eta norabide horretan urratsak etengabe ematen ari da. Tresna batekin ez bada, beste batekin, presoei buruzko informazioa ematen eta presoen eskubideen alde mobilizatzen jarraituko dute herritarrek.