Alessandro RUTA

Luca Morisi, «La Bestia»-ren sortzailea eta Salviniren itzala atxilotu dute

Edozein gizon handiren atzean emakume handi bat dago beti. Horrela esaten da sarri. Matteo Salviniren kasuan, aldiz, «La Bestia» dago. Edo zegoen. Italiako Lega Nord alderdiko buruak bere pertsonaia eraikitzeko tresna hori beharrezkoa zuen. Baina, nor da «Piztia»?

Lehenik eta behin, azalpen bat: Matteo Salvini, pertsona, ez da existitzen. Ikusten dena irudi hutsa da: arrazista, populista, nolabait gordina, beti norbaiten edo zerbaiten aurka, izan migratzaileak edota ezkertiarrak, hegoaldekoak edota drogazaleak. Aldi berean, Il Capitano edo “Kapitainak” poliziak edonoiz defenditzen ditu, Italiako jakiak jaten ditu, katuak besarkatzen ditu eta oro har irudi paternalista ematen du, iragazkirik gabe.

Batez ere sare sozialetan eta telebistan ematen du irudi hori Salvinik. Baina ia dena, noski, faltsua da. “Migratzaileek italiarrei lanpostuak lapurtzen dizkiete”, itsasontzi baten argazkia alboan, “Eraso sexista bat egin du beltz batek: hori nahi dute komunistek”, “Eskandalu handia ezkerreko alderdian, lotsa!”... adibide mordoa daude.

Horixe da La Bestia: mailu baten antzekoa, egunero hamaika mezu arrazista edo diskriminatzaile botatzen dituena. Horri esker, Lega Nord alderdiak gero eta boto gehiago jaso ditu azken urteetan. Jendeak ez du ikerketarik egin nahi, ez du kontrolatu nahi, Salviniren menua onartzen du eta Kapitaina Gobernuan dago. La Bestiaren sortzailea Luca Morisi da, Lega Nordeko idazkariaren spin doctor edo aholkularia, komunikazio arduraduna. Mantuakoa da Morisi, publikoki ez da asko agertzen baina atzetik dena maneiatzen du. Salvini telebistako programa batean ezagutu zuen, 2012an, eta han proposatu zion bere spin doctor gisa lan egitea, Morisik kontatu zuenez. «Filosofo informatikoa naiz», horrela aurkezten du bere burua Morisik. Programa hartan, platoan zela, Salvinik aldi berean iPad-a erabiltzen zuen sare sozialak eguneratzeko. “A zer-nolako trebetasuna!!, pentsatu zuen Morisik.

Italian Danteren Urtea da 2021a. Dante Alighieri duela 700 urte hil zen eta Italiako idazlerik famatuena da, zalantzarik gabe, italiera hizkuntza bera asmatu zuelako. “Divina Commedia” bere maisulanean, Infernuan oso hitz “dantesko” bat agertzen da: contrappasso. Zer esan nahi du? Bekatariek sufritzen duten zigorra. Eta zein izango litzateke La Bestiaren contrappasso-a Danteren Urtean? 2020 hasierako Salviniren momenturik “ikonikoenetako” bat. Boloniako auzo batera joan zen, droga saltzaileen “bila”. Bertan, hainbat etxetako txirrinak jotzen aritu zen, galdezka: «Barkatu, zuk droga saltzen duzu?». Lotsagabea bai, baina, komunikazioari dagokionez, are baldarragoa.

Izan ere, joan zen igandean, Poliziak Luca Morisi atxilotu zuen, zergatik eta droga saltzen zuelako! Kokaina, zehazki. Kolpe latza izan da Kapitainarentzat, bi aste barru udal hauteskundeak izango baitira Italian. «Bere alboan egongo naiz beti, nire laguntza emango diot», adierazi zuen Salvinik, hitz totelka. Morisik, bere aldetik, «oker» jokatu duela azaldu zuen.

Bitxia da, halaber, “Divina Commedia” entzutetsuan Danteren bidaidea, Infernuan eta Purgatorioan, Mantuako poeta bat dela: Virgilio handia. Mantuakoa, Morisi bezala. Infernuko 17. kapituluan piztia bat agertzen da, Virgiliok aurkezten duena. Gerione da, eta, kasualitatez, iruzurra irudikatzen du. «Ecco la fiera con la coda aguzza», hau da, “hor dator isats zorrotza duen animalia”.

Benetako pelikula da gertatutakoa. “The Blues Brothers” gogoratzen duzue? Auto istripua izan eta Illinoisko bi naziak hiltzear direla, zerutik erortzen ari direnean, «maite zaitut» esaten dio batek besteari. Homosexuala dela aitortzen du, nahiz eta naziak homosexualitatearen aurka egon. Baina hori film bat zen. Egia esan, politikak gero eta antz handiagoa du zinemarekin: pertsonaiak, aktoreak, jarraitu beharreko gidoiak... Ea datozen eszenetan nolakoa den Matteo Salviniren antzezpena La Bestia gabe. Kapitainak, orain, itsasontziaren garbitzailea dirudi.