Bederatzi preso Euskal Herriratuko dituzte eta bi hirugarren gradu onartu
Jesus Mari Gomez Ezkerrok eta Jon Crespok hirugarren gradua lortu dute eta euskal espetxeetara ekarriko dituzte, beste zazpi presorekin. Hala iragarri zuten atzo Espetxe Erakundeek, mugimenduak berriro abiatuz.
Espetxeetako Erakundeetako Idazkaritza Orokorrak joan den ekainean muturreko urruntzea bukatu zenetik gertatuko den preso mugimendurik handiena egingo duela iragarri zuen atzo: bederatzi euskal preso politiko ekarriko dituzte Euskal Herriko kartzeletara.
Bestalde, horietako bi presori hirugarren gradua onartu dietela jakinarazi zuten: Jesus Mari Gomez Ezkerro eta Jon Crespo dira. Lehena Asturiasko Villabonatik Iruñera ekarriko dute; bigarrena, aldiz, Kantabriako El Duesotik Basaurira.
Euskal Herriko espetxeetara ekartzea onartu dieten gainerako zazpi presoak ondokoak dira: Andoni Goikoetxea (El Duesotik Martutenera igaroko da), Ibai Beobide (Burgosetik Basaurira), Joanes Larretxea (Asturiasko Villabonatik Martutenera), Unai Bilbao (Zaragozako Darocatik Zaballara), Alaitz Aramendi (Avilatik Zaballara), Joseba Borde (El Duesotik Basaurira) eta Igor Portu (Darocatik Iruñera pasatuko da).
Batzuek aske behar lukete
Zerrenda horretan agertzen diren preso batzuek kondenaren hiru laurdenak beteta dituzte dagoeneko eta, beraz, baldintzapeko askatasunean egon beharko lukete legea aplikatuz gero. Beste preso batzuk ere data horretatik hurbil daude; beste zenbaitek, ordea, kondena luzeak dituzte oraindik aurretik.
Hirugarren gradua onartu dieten Jesus Mari Gomez Ezkerro eta Jon Crespo dira, hain zuzen ere, legea normaltasunez beteko balitz baldintzapeko askatasunean kalera aterako liratekeen ehunka euskal presoetako bi.
Azken boladan ez zen euskal preso politikoen hurbilketarik iragarri. Erabaki garrantzitsuenak ekainaren bukaeran hartu zituzten Gobernu espainolaren menpe dauden Espetxe Erakundeek; orduan, Andaluzia aldean zeuden azken euskal presoak bertatik atera zituzten.
Sei urteko beste zigor bat jarri diote Jurdan Martitegiri
Jada espetxe zigor luzea ezarria duen Jurdan Martitegi Lizaso presoari sei urteko kondena erantsi zioten atzo, 2000. urtean Iurretan auto-saltoki baten aurkako sabotaje bat egiteagatik. Hamar urteko espetxe zigorra eskatzen zuen Fiskaltzak, Auzitegi Nazionalean egin zen epaiketan. Azkenean sei urteko zigorra ezarri diote, Martitegik leporatutako sabotajea bere gain hartu ostean.
2009an atxilotu zuten Perpinyan ETAko kide izateaz akusatuta, eta geroztik preso dago. Orain Martutenen ari da betetzen zigorra durangarra.
Aurretik jada zigor luzea ezarria du Estatu espainolean, 139 urtekoa espainiar agentziek atzo zabaldutakoaren arabera, Calahorrako Guardia Zibilaren kuartelaren kontrako atentatu bat dela eta. Aurretik, Estatu frantsesean hamasei urteko zigorra bete zuen osorik, Estatu espainolera entregatua izan baino lehen.
Martutenera ekarri baino lehen Madrilgo Soto del Realen preso izan zuten. Bertan bakartzea jasan zuen azken euskal preso politikoa izan zen.GARA