Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
SURF

WSL Challenger Series itzulia: Kaliforniatik Portugalera

WSL zirkuituko lehen mailara igo ahal izateko lehian ari dira euskal surflariak Portugalen, Challenger Series itzuliko bigarren proban.

Carissa Moore eta Gabriel Medina dagoeneko aurtengo WSL itzuliko irabazle izendatu dituzten arren, zirkuitua oraindik ez da amaitu. Izan ere, irailean Trestlesen egindako Final Handirako lehen bost postuetan plaza bat eskuratu ez zuten lehiakideek lehian jarraitzen dute datorren urtean ere lehen mailan egon ahal izateko.

Gauzak horrela, udazkenarekin batera hasi da Challenger Series itzulia eta 160 surflari lehia bizian dira datorren urtean lehen mailan egon ahal izateko. Guztira 96 gizon eta 64 emakume dira CS itzulian lehiatzeko plaza dutenak eta horien artean badira euskal herritarrak ere.

CT mailan lehen bost postuetako bat lortu ez zuten lehiakideak, munduko eskualdeetan QS rankingetan lehen hamar postuetako bat eskuratu zutenak eta junior mailako lehiakide gutxi batzuk dira CS itzulian lehiatu daitezkeenak. Zehatzago, mutilen kasuan, CT itzuliko 34 surflari, QS mailako 58 lehiakide, junior mailako bi lehiakide eta gonbidapen wildcard-a lortu duten beste bi surflari. Nesken kategorian, ostera, WCT mailako 17 lehiakide, QS mailako 44 lehiakide, junior mailako bi lehiakide eta gonbidapen wildcard bat.

Challenger Series itzulia osatzen duten lau txapelketetatik lehena irail amaieran egin zen Kaliforniako Huntington hondartzan eta bertan izan ziren Nadia Erostarbe, Leticia Canales, Ariane Ochoa, Garazi Sanchez-Ortun, Pauline Ado eta Ruben Vitoria euskal surflariak. Egunotan Portugalen egiten ari diren itzuliko bigarren txapelketan, Aritz Aranburu eta Janire Gonzalez Etxabarri ere badaude.

Huntington Beach

Caitlin Simmers eta Griffin Colapinto estatubatuarrek irabazi zuten irailaren 27an amaitu zen Challenger Series itzuliko lehen lehiaketa, Kaliforniako Huntington hondartzan. Colapintoren kasua oso esanguratsua da, izan ere, seigarren postuan amaitu zuen CT itzulia eta, ondorioz, postu bakar batera geratu arren, lehen mailan jarraitu ahal izateko lehiatzera behartuta izan da. Horrenbestez, Jake Marshall aberkidea garaitu behar izan zuen 23 urteko kaliforniarrak mutilen kategoriako txapela eskuratzeko.

Nesken kategorian Caitlin Simmers estatubatuarra eta Gabriela Bryan hawaiiarra izan ziren finalean; 15 urteko Simmers gailendu zen. Duela bi urte, 13 urterekin, junior mailako munduko txapelketa irabazi zuen Simmersek hondartza berean.

US Open of Surf Huntington txapelketan parte hartu zuten 96 mutilen artean Ruben Vitoria zarauztarra egon zen. Nesken kategoriako 64 lehiakideen artean, berriz, Nadia Erostarbe, Garazi Sanchez-Ortun, Ariane Ochoa, Leticia Canales eta Pauline Ado.

Euskal surflarien artean Ariane Ochoa izan zen emaitza hoberena eskuratu zuena, hirugarren txandara iritsi baitzen. Horretarako Garazi Sanchez kidea kaleratu behar izan zuen bigarren txandan. Sanchez bezala, gainontzeko euskal lehiakideak ere, bigarren txandan edo lehenengoan kaleratu zituzten. Horrenbestez emaitzok hobetzeko ahalegin berezia egingo dute egunotan Portugalen egiten ari diren txapelketan, baita Hossegorren ere; kontuan izan behar da euskal surflariek hobeto ezagutzen dituzten lekuak direla.

Ribeira d’Ilhas

Atzo hasi zen Portugalgo Ericeira eskualdeko Ribeira d’Ilhas hondartzan CS itzuliko bigarren lehiaketa, MEO Vissla Pro Ericeira. Bi metroko olatuak izan ziren, baina eskuin olatu luzeak eskaintzen dituen urautsi famatuan olatuek ez zuten aukera handiegirik eskaini. Haize olatuak izan ziren, etzanak eta narrasak, eta horrelako baldintzetan nahikoa lan izan zuten lehiakideek bira indartsuak egiteko momentu egokia hautatzen.

Mutilen kategoriekin hasi zen Portugalgo lehiaketa. Huntigntonen bezala, lau lehiakidez osatutako 24 txanda ziren, beraz, egun osoa behar izan zuten lehen kanporaketa egiteko. Oraingo honetan, gainera, Ruben Vitoriarekin Aritz Aranburu ere itsasoratu zen, hutsik geratutako ordezko plaza bat eskuratu baitzuen zarauztarrak.

Ruben Vitoriak ez zuen zorte handirik izan olatu aukeraketan eta lehen txandan kaleratu zuten. Aritz Aranburu ere gogor lehiatu zen, baina honek ere ez zuen txanda pasatzea lortu, beraz, jada ez da euskal surflaririk geratzen mutilen kategorian.

Nesken kategorian, ordea, sei euskal herritar izango dira lehian, Aranburuk bezala, hutsik geratu den plaza bat lortu ahal izango baitu Janire Gonzalez Etxabarri zumaiar gazteak. Beraz, datozen orduetan lehian ikusi ahal izango ditugu Nadia Erostarbe zarauztarra, Garazi Sanchez-Ortun getxotarra, Leticia Canales eta Ariane Ochoa bilbotarrak, Pauline Ado hendaiarra, eta, esan bezala, Janire Gonzalez Etxabarri 15 urte besterik ez dituen zumaiarra.

Portugalgo txapelketa amaitu ostean surflariak Landetara joateko prestatuko dira, urriaren 16a eta 24a bitartean Hossegor inguruan egingo den Quiksilvier/Roxy Pro France lehiaketan parte hartzeko. Eta CS itzuliko azken txapelketa Hawaiiko Oahu uhartean izango da azaroaren 25a eta abenduaren 7a bitartean, Haleiwa hondartzan.