Asier AIESTARAN
TXIRRINDULARITZA

Roglic izan da indartsuena Milano-Torino klasikoan

Adam Yates menderatu du amaierako buruz burukoan, eta sasoi betean iritsiko da Il Lombardiara.

Primoz Roglic esloveniarrak beste erakustaldi bat emanda irabazi zuen atzo Milano-Torino klasikoa, larunbatean korrituko den Il Lombardia klasiko handiaren aurretik jokatu den goi mailako lasterketa. Jumbo taldeko txirrindularia Adam Yates (Ineos) britainiarrarekin iritsi zen azken metroetara, baina Roglic indartsuagoa izan zen buruz buruko lehian.

Guztira 190 kilometro egin behar izan zituzten txirrindulariek, Milanotik irten eta Torinoko Superga mendate gainean amaitzeko. Azken 20 kilometroetan bi aldiz igo behar zuten Superga, bost kilometroko mendatea, batez beste %9ko pendiza duena baina puntu batzuetan %14raino ere irsiten dena.

Eguneko ihesaldia sei ziklistak osatu zuten, tartean Caja Ruraleko Oier Lazkano, datorren urtean Movistarren korrituko duen arabarra, eta Joan Bou, Euskaltel Euskadiko valentziarra. Mattia Frapporti (Eolo-Kometa), Davide Orrico (Vini-Zabu), Kevin Vermaerke (DSM) eta Juri Zanotti (Bardiani-CSF) izan ziren helmugatik 53 kilometrora harrapatu zituzten iheslariak.

Tropelean erritmoa oso bizia izan zen, eta horren erakusle Supergako lehen igoeran jada hogei bat txirrindulariz osatutako taldetxoa geratu zela lasterketa buruan –tartean Mikel Bizkarra–. Zenbait eraso izan ziren, Nairo Quintanarena esaterako, baina Mauri Vansevenant izan zen gaina lasterketa buruan igaro zuena, taldearekiko hogei bat segundoko aldearekin.

Tropeltxoan Rafal Majka (UAE) izan zen erritmoa bizitu zuena, Tadej Pogacar taldekidearen aukeretan pentsatuz seguru asko. Vansevenant azken igoera hasi bezain laster harrapatu zuten eta orduan hasi zen oilar nagusien arteko eraso festa. Julian Alaphilippe (Deceuninck) munduko txapelduna izan zen jotzen aurrena –ortzadar maillota bigarrenez irabazi zuenetik korritzen zuen lehen lasterketan–, baina Majka azkar sartu zitzaion gurpilera eta berehala ikusi zen frantziarra ez zegoela beste batzuetan bezain fresko.

Aldiz, eraso bortitzena Adam Yates ingelesarena izan zen hiru bat kilometroren faltan. Primoz Roglic bakarrik izan zen gai bere erritmoa jarraitzeko, eta atzean utzi zituzten Pogacar eta Joao Almeida (Deceuninck).

Egoera horretan iritsi ziren bi bikoteak azken metroetara. Aurrean, Yates saiatu zen Roglic atzean uzten, baina ez zuen lortu eta esloveniarrak Giro dell’Emilia klasikoan lortutako garaipena errepikatu zuen, Adam Yates 12 segundora utziz. Atzean, Almeida Pogacar baino azkarragoa izan zen hirugarren postuan sartzeko 37 segundora.

Ervitiri ebakuntza

Imanol Ervitiri ebakuntza egin zioten atzo ezker eskuko metakarpoan zituen «pare bat haustura» sendatzeko. Paris-Roubaix klasikoan izandako erorketan egin zituen haustura horiek, eta, sare sozialetan aipatu zuenez, dena ongi irten zen.

Vollering erlojupekoan

Demi Vollering neerlandarrak (SD Worx) irabazi zuen The Womens Tour lasterketako hirugarren etapa, 16,6 kilometroko erlojupekoa, Joscelin Lowden eta Leah Kirchmann menderatuz.