Amaia U. LASAGABASTER
EIBAR

Puntuak eta hobekuntzak, helburu bikoitza Anduvan

Eibarrek garaipena nahi du onenen erritmoari eusteko, baina baita defentsalana sendotzea eta aurreko partidan baino kontzentratuago zelairatzea ere.

MIRANDES - EIBAR

Helburua betikoa izango da, baina garaipena eskuratzea errazagoa izango da Eibarrentzat urrats batzuk hobeto ematen baditu; lan defentsiboa eta partidaren hasierako intentsitatea eta kontzentrazioa, alegia.

Eibarrek, izan ere, behin bakarrik utzi du bere atea hutsean eta bere entrenatzaileak, «taldea oro har ondo defenditzen» ikusten badu ere eta «2. mailan atean jaurtiketa gutxien jasotzen dugun taldea» izanda ere, hau adierazi du: «Egia da eraginkortasunean ez garela ondo ibili eta ez dugula lortzen partida osoan mantendu eta atea hutsean uztea. Hori lantzen ari gara».

Horrekin batera, aurreko partidaren hasiera ez errepikatzea espero du Garitanok. «Biziago hasi behar gara, intentsitate handiagoarekin. Normalean oso ongi zelairatzen gara, baina aurrekoan ez zen gertatu».

Bereziki garrantzitsua da hori, Mirandesek duen kalitatearekin sor ditzakeen arazoak kontuan hartuta. «Sekulako talentua dute. Gazteak dira, baina talentudunak eta, batez ere, oso trebeak erasoko jokoan». Armaginek ere izango dute min egiteko aukera, Anduvan «boladatan» jokatzen baita. «10-15 minutuko bolada batean egurra eman eta beren erasoko jokoarekin zure gainetik pasatzen dira. Baina gero beste fase batzuetan arazoak dituzte. Eta hori aprobetxatu behar dugu», azaldu du.

Baliteke, bestetik, entrenatzaileak sistema aldatzea, aurreko partidan taldeak askoz hobeto jokatu baitzuen atzelari bat kendu eta Exposito aurreratu ondoren. Horrela bada, Rahmanik utziko lioke bere lekua Sergiori.