Esti Elduaien
EH Bilduren Gipuzkoako batzarkidea
KOLABORAZIOA

Ez ikusiarena egin eta ikustea eragotzi nahi

Entzun, irakurri eta ikusi ditugu, asteotan, Gipuzkoako adinekoen egoitzetan ematen den zerbitzu eskasaren inguruko hainbat salaketa. Entzun, irakurri eta ikusi, Gipuzkoako Aldundiaren ikuskapen ofizial batean oinarrituta, Donostiako Txara I egoitzan adinekoak hamasei orduz ohean eta jan gabe edukitzen zituztela, baita legeak agintzen duen adina erizain, mediku, psikologo, psikoterapeuta eta monitore ez dituztela ere. Entzun dugu ahaldun nagusia zaintzaile bakoitzak bere gain bi egoiliar dituela esaten, baina izan dira langile bakoitzak bere gain hamahiru adindu dituela baieztatu dutenak ere.

Entzun, irakurri eta ikusi ditugu egoitzetako hainbat langile aipatutakoa kasu isolatu bat baina askoz gehiago dela esaten, horrelakoak ohikoak direla eta adindu bakoitzari ez zaiola behar duen adina denbora eskaintzen, langile gutxi dituztela eta ondorioz, ezin dituztela zainduak behar bezala zaindu. Entzun, irakurri eta ikusi ditugu egoitza horietan bizi diren pertsonak aurrez esandako guztia berresten. Eta entzun, irakurri eta ikusi dugu Erizaintza Elkargoaren salaketa, Gipuzkoako egoitza hainbatetan titulazio egokirik gabeko profesionalak ari omen direlako kontratatzen.

Salaketa gogorrak dira, zalantzarik gabe, baina Gipuzkoako egoitzetako ereduaren arrakalaren larritasuna ikusarazten dute, dituen gabezia guztien handitasuna nabarmendu eta Aldundiaren benetako esku-hartze zuzenaren ezinbestekotasuna mahaigaineratu. Aldundiaren ardurapean daude egoitza horiek, erakunde horrena da bertan bizi diren pertsonak behar bezala zaintzearen ardura, baina, oraingoz, entzungor egin eta salaketak ukatzera mugatu dira, langileak gutxiesteraino.

Arazoa onartu eta konpondu beharrean, Aldundiak gezurtatu egin ditu salaketa horiek guztiak, Gipuzkoako egoitzetako zaintza eredugarria dela esan eta egungo sistema babestu beharreko altxorra dela behin eta berriz nabarmendu dute, hori bai.

Hala eta guztiz ere, Aldundiak berak onartu berri du egungo zaintza eredua agortua dagoela eta bestelako eredu baten beharra badagoela. Pandemiak begi bistan utzi du egungo sistemak ez duela zaintza duina bermatzen, eta azkenean hori onartzen amaitu du Aldundiak. Denbora luzez aurkakoa esan arren, orain ereduaren aldaketa beharrezkoa dela esaten hasi dira. Etorkizunera begirako trantsizioaren bidean ere sartu dira, gerora zer egingo duen iragartzen. Orainari heldu aurretik, etorkizunari heltzen.

Argi dago zaintza sistema ezin dela egun batetik bestera aldatu; aldaketa eta larritasuna ez dira bateragarriak. Baina bide hori adituekin ez ezik, egoiliarrekin, senideekin, langileekin, langileen ordezkariekin eta inplikatutako gainerako erakunde sozial eta publikoekin hitz eginda egin beharko da. Elkarlanean adostasunak bilatu. Zaintzaren zati garrantzitsuenetakoa gutxietsita, arrakalak areagotu besterik ez dira egingo, ikaragarrizko zuloa bihurtzeraino; eta etorkizunerako promesak egin bai, baina oraintxe bertan erresidentzietan dauden arazoei bizkarra emanda, arrakala eta zulo horien sakonera handituko da, etorkizuneko aldaketari gero eta zailtasun gehiago ezarriz.

Badirudi hainbatek errealitate hau ez duela entzun, irakurri eta ikusi nahi, edo erakutsi nahi.