Jon ORMAZABAL
PILOTA

Oinatzen grina eta zangoak ez doaz abiadura berean

Lehen erdian nolabait eutsi dio Peio Etxeberriari baina erabat akituta erabat amildu da erditik aurrera.

BENGOETXEA VI 8

PEIO ETXEBERRIA 22


Betidanik partida guztiak gorputz eta arima jokatu izan dituen pilotaria da Oinatz Bengoetxea; horrexegatik da, besteak beste, kantxetako maitatuenetako bat. Badirudi, ordea, bere gorputza gaur egun ez dela bere grina izugarri horri jarraitzeko gai eta, partida amaituta leitzarrak berak onartu bezala, esfortzu handiei buelta ematen ditu gaur egun lanik handienak. Sufrituz, Peio Etxeberriari presa sartu eta akatsak eginaraziz, nolabait eutsi zion Baikokoak, partidaren erdira arte edo, ultzamarraren abiadurari, baina horretarako egindako esfortzua garesti ordaindu eta erabat amildu zen bigarren erdian.

Partida guztiek izaten dituzte euren une eta momentuak eta Balmasedakoa ez zen salbuespen bat izan. Ohikoa ez dena, Oinatz Bengoetxeari berak egindako bi tantok kalte izugarria egin izana da. Izan ere, bere alde erori baziren ere, 7-11 gerturatzeko balio izan zioten bi tantoak oso izan ziren gogorrak eta hortik aurrera gorputzari buelta eman ezinda aritu zen. Aurretik eskatua zuen atseden bat 6-10ekoan eta telebistarako atsedenaldira heldu aurretik bigarrena ere eskatu zuen, haize pixka bat hartu eta hankak luzatzeko. Alferrik, ordea.

Peio, eroso

Ordura arteko 161. pilotakada zen dejada batez egindako tantoarekin heldu zen Peio Etxeberria 12. kartoira, eta beti dena esplikatzeko balio ez badute ere, estatistikek oraingoan ondo islatzen dute partidan gertatu zena; beste 28 pilotakada baino ez zituen behar izan Aspeko aurrelariak bigarren atsedenaldira heltzeko eta beste 22 partida erabaki eta finalerdietarako aurrerapauso handi bat emateko.

Egia da partidako lehen tantoan Oinatz Bengoetxeak sakez egindako faltak ere gauzak zertxobait erraztu zizkiola, baina astelehenean Beotibarren ez bezala, partidari oso entxufatuta ekin zion Peio Etxeberiak.

Bitxia da baina Danel Elezkanoren aurka txapelketatik kanpo geratzeko zorian izatetik, finalerdietarako bidea nahikoa aurreratua izatera pasatu da ultzamarra eta bere jokoan ere nabarmena izan da aldaketa.

Tolosan zailtasunak izan zituen pilotak eskuan sartzeko, baina atzo Enkarterrin hasieratik nabarmena izan zen pilota bere eskutik arerioarenetik baino abiadura biziagoan irteten zela. Batez ere jokoari pausa pixka bat eman eta zuzen jokatzeko modua egitea lortu zuenean, jokoaren ekimena erabat izan zen berea.

Oinatz Bengoetxeak ez du garai bateko indarrik izango zangoetan, ez eta nerbiorik besoetan ere, baina borrokarako grina ez zaio oraindik ere falta eta, gorputzak erantzun zion bitartean, zailtasun dezenterekin, baina partidari nolabait eutsi ahal izan zion.

Ohitua dago leitzarra korrontearen aurka aritzen eta, aukera zuen bakoitzeko arriskatuz, sakea aldatuz eta jokoa frontisera erakarriz, saiatu zen 37 urteko aurrelaria aurkariari presioa sartu eta honek akatsak egin zitzan behartzen, tarteka tanto ikusgarriren bat ere sinatu zuen, baina ahalegin horiek guztiek markagailuari ahal bezala eusteko baino ez zioten balio izan. Gorputzak ez zion garai batean bezala erantzun eta ezin nahi beste «gerra eman».

Altunak Eibarren hasiko du txapelaren defentsa

Final-laurdenetako lehen multzo honetako lehen jardunaldia gaur itxiko da Eibarren. Bertan hasiko du Jokin Altunak bere txapelaren defentsa eta lehen arerioa Aitor Elordi mallabitarra izango du, esku pilota Astelenara itzularaziko duen lehen partidan. Joseba Ezkurdiak ostiralean Altsasun sekulako maila erakutsi bazuen ere, amezketarra jotzen dute askok aurtengo txapela janzteko faborito nagusitzat, baina hori guztia kantxan erakutsi behar da.

Jaialdiko estelar gisa binakako partida bat jarri dute, hain zuzen ere, Aimar Olaizolak «Katedralean» jokatuko duen azkena. Goizuetarra Albisurekin arituko da, Irribarria eta Rezustaren aurka. Partidaren aurretik, Aspek omenalditxo bat egingo dio Olaizola II.ari. Izan ere, Aimarrek, eta baita Asier anaiak ere, Eibarko enpresarekin debutatu zuen. J.O.