EDITORIALA
EDITORIALA

Pandemiatik ateratzeko ere datuak bidelagun

Beharbada orriotan hutsune bat sumatuko zuten irakurleek pasa den asteburu honetan zehar. Urte eta erdian estreinako aldiz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako covid-aren bilakaeraren inguruko daturik ez dugu argitaratu. Gaur egingo dugu berriz NAIZen eta bihar GARAn, astelehena baita EAEko Osasun Sailak aurrerantzean informazio hori emateko aukeratu duen eguna. Izan ere, hemendik aurrera ez da neurketa horien berri egunero eskainiko, astean behin baizik. Maiztasun eskasegia ote? Baliteke. Nafarroako Gobernuak egunero-egunero ematen segituko du. Ipar Euskal Herrian egoera okerragoa da, jakina, datuok ez dituztelako inoiz hiru euskal lurraldeak bildu; Pirinio Atlantiko edo Akitania Berriko mailakoen gainean egin behar izan ditugu irakurketak hemeretzi hilabete hauetan.

Guzti-guztioi etengabeko irakaskuntza ekarri digute eguneroko datu bilduma horiek. Hasierako gaizki-ulertuekin hartu genion benetako neurria izurriteari: positiboak eta kasuak ez zirela sinonimoak, esaterako, eta zenbatutako heriotzak benetako kopuruaren azpitik izan zitezkeela. Positibitate tasa edo ZIUko okupazio portzentajearen garrantzia ikasi dugu gero. Hilabeteak aurrera joan ahala, neurgarri batzuk indarra galtzen joan dira (birsorkuntza tasa demagun) eta beste batzuek (intzidentzia metatua, kasu) lehentasuna hartu dute. Akatsak akats eta ezintasunak ezintasun, egunero jakinarazitakoarekin eta norberak lortutako trebakuntzarekin datu horiek jokabide pertsonalak gidatzeko tresna egokia izan direla esan daiteke. Erakunde eta gizabanakoen arteko elkarlana erraztu dute.

Pandemia gainditzeko fasean sartuta, ulergarria dirudi informazioa murrizten joatea. Antsietate puntu bat eragin du askotan datu pilaketak, nekea larriagotu du zenbaitetan, eta beste auzi batzuek behar zuten arreta xurgatu duela erants daiteke. Deseskalada honetan, hala ere, pandemiaren bilakaerari buruzko informazio zehatz eta ulergarria bidelagun izan beharko da ere, ezinbestean. Heldutasun handia erakutsi duen gizarteak merezi eta behar du.