Andoni ARABAOLAZA
JARDUERA

CO2 isuririk izan ez duen xedea Alpeetako hormatzarretan

Simon Gietl italiarrak eta Roger Schaeli suitzarrak Alpeetan sona handia duten iparraldeko 6 horma eskalatu dituzte. Trantsizioak eginahal izateko, motordun ibilgailuak erabili ordez, parapentea eta bizikleta erabili dituzte. 18 eguneko proiektua izan da.

Simon Gietl italiarrak eta Roger Schaeli suitzarrak, lehen mailako alpinistak izateaz gain, jarduera berrien aldeko apustuak egiten dituzte. Berritzaileak izan ala ez, kontua da bi alpinistok egin berri duten proiektuari ukitu “berdea” eman diotela.

Sona handia duen Alpeetako xede bat izan dute esku artean. Hain zuzen, iparraldeko sei aurpegi ezagunenak, klasikoenak: Cima Grande di Lavaredo, Piz Badile, Eiger, Matterhorn, Petit Dru eta Grandes Jorasses. Hori aipatuta, agian, irakurleren batek esango du neurrira eginiko erronka dela. Baina jarduera horretarako Gietl eta Schaelik ez dute motordun ibilgailurik erabili. Beste era batera esanda, CO2 isuririk izan ez duen erronka burutu berri dute.

Pareta batetik bestera joateko, parapenteak eta bizikletak erabili dituzte. Sei horma horiek Suitza, Italia eta Frantzian daude, eta, denera, kutsatzen ez duten ibilgailu horiekin 1.000 kilometro egin dituzte. Horrez gain, 30.000 metroko desnibela gainditu behar izan dute. Eta proiektua itxi ahal izateko, 18 egun baino ez dituzte behar izan.

“North6” izeneko xede hori irailaren 12an hasi zuten; bukatu, aldiz, 28an. Protagonistek adierazi dutenez, jardunean hamalau egun egin dituzte; izan ere, bat atseden hartzeko baliatu zuten eta beste hiruretan eguraldi txarra egin zien.

Bi alpiniston bidaia Cima Grande di Lavaredon hasi zen. Gaua Auronzo aterpean igaro eta gero, goizeko 5:30ean abiatu ziren bikain ezagutzen duten hormatzar horretara. Gailurra oso azkar erdietsi zuten, eta, rappelatu ondoren, errepidean bizikletak hartu eta bigarren helburura joan ziren.

Piz Badile izan zen bigarrena, beraz. Baina aurretik 334 kilometro eta 3.720 metroko goranzko desnibela gainditu behar izan zuten Italiaren eta Frantziaren arteko muga hori zeharkatzeko. Irailaren 15ean, “Cassin” bidea zain zuten.

Marra klasiko hori eskalatu ondoren, iparraldeko ertzean leku egoki bat aurkitu zuten parapentea zabaltzeko. Bondo herrira iritsi bezain pronto, berriro ere bizikletak hartu eta Splugenpass izeneko mendate gogorrari aurre egin zioten.

Eguraldi aldaketa

350 kilometroko trantsizio horrek Grindelwald-era eraman zituen. Bi eguneko “bidaia” izan zen. Hirugarren urratsa, jakina, Eiger izan zen. Atseden pixka bat hartu eta gero, arratsaldean horma laiotz horretan sartu, luze bat igo eta bibaka antolatu zuten.

Biharamunean, oso goiz, “Chant du cygne” bidean (7a) sartu ziren. Arratsaldeko lehen orduetan zapaldu zuten Eigerren gailurra (3.967 m). Aurrekoan bezala, honetan ere parapentez egin zuten jaitsiera. Zermatt zen hurrengo geltokia.

Lehen hiru urrats horietan eguraldia lagun izan zuten, baina Matterhorn-ek klima kaskarrarekin egin zien harrera. Hornli aterpean egun bateko atsedena hartu, eta elurra gelditu zuenean, irailaren 21ean “Schmid” bidea eskalatzen hasi ziren. Protagonistok onartu dute elur askorekin egin zutela topo. Alabaina, ez zuten arazorik izan arratsaldeko seietan tontorra zapaltzeko. Hornli ertzetik egin zuten jaitsiera oso luzea izan zen. Goizeko ordu bietan laguntzaile batzuek Tasch-en antolatu zieten dendara heldu ziren.

Azken bi murruak igo baino lehen, Chamonixera iristeko, 140 kilometro eta 4.500 metroko desnibela bizikletekin egin zuten. Petit Drun ez zuten baldintza egokirik aurkitu: lainoa eta goialdetik erortzen zen elurra. Eskalada horrek 17 orduko lan eskerga eskatu zien. Denbora galdu gabe, aurrean zituzten 800 metroak rappelatu zituzten, eta gaua Charpoua aterpean egin zuten.

Eguraldi egonkorrarekin, seigarren eta azken helburua, Grandes Jorasses, sinatuta proiektu “berdeari” amaiera eman zioten.