Andoni ARABAOLAZA
EGITASMOA

Raul Macarro bilbotarrak «Camille xenda»nerrekor berria ezarri du

Euskal korrikalariak 106 kilometro eta 6.000 metroko desnibel positiboko ibilbide zirkularra egiteko 14ordu eta 14 minutu behar izan zituen. Macarrok ordubetean hobetu du aurreko denbora onena.

Trail munduko korrikalarien artean, Fastest Know Time (FKT) edo ezagutzen den denbora onena egitasmoa gero eta jarraitzaile gehiago biltzen ari da. Mendi baten joan-etorria, ibilbide zirkularrak.... Horietan guztietan errekorrak ezartzen jarduten dute. Euskal lasterkariek ere ez dituzte saihesten deialdi ezberdinak, eta, adibidez, Raul Macarro horietako batean protagonista izan da.

Bilbotarra aski ezaguna da ultra trailetan edo muturreko distantziak dituzten lasterketetan. Titulu ofizial eta pribatu asko irabazi ditu; tartean, Euskal Herriko Txapelketa. Baina lehia horiek pixka bat alde batera utzi eta duela gutxi “Camille xenda” ibilbide zirkularrean dena ematen ikusi dugu.

Eta azpimarratzekoa den emaitza lortu du: izan ere, Pirinioetako ibilbide horren errekor berria ezarri du. Lasterkari bilbotarrak 106 kilometro eta 6.000 metroko desnibel positiboa dituen proiektu hori honako denboran sinatu du: 14 ordu, 14 minutu eta 46 segundo.

Aurreko denbora onena duela pare bat urte Raul Criadok eta Ruben Virgil egin zuten: 15 ordu eta 31 minutu. Irakurtzen den bezala, Macarrok krono hori ordubete eta 15 minutuan hobetu du. Bide batez, esan behar dugu protagonista honek ibilbidean zehar laguntza jaso zuela.

Jatorrira itzuli

Euskal korrikalariak pare bat urte zeramatzan lehietan azaldu gabe, eta, helburu zehatzik gabe, mendian korrikan denbora asko egin du. Adibidez, “Camille xenda” ibilbidean. Eta onartu behar da egitasmo horrek harrapatu duela: «Ibilbide zirkular hori oso psikologikoa da, eta, harekin lotura zuzena dudanez, errekor berria ezartzeko gogoa izan nuen. Mendian emozio berriak bizi nahi nituen, eta esan behar dut erronka honek asko bete nauela. Uste dut trailaren jatorrira itzuli naizela».

Nahiz eta udaran egunak askoz ere luzeagoak diren, Macarrok “Camille xenda” egiteko hilaren hasiera aukeratu zuen: «Adibidez, ekainean egitea egokiagoa zen; gainera, beroarekin ez dut arazorik izaten. Baina udazkenean egin dut. Garaieran haize hotza egin zidan, eta Linzaren eta Somporten arteko sekzioan euria azaldu zen. Horren ondorioz, arroka nahiko irristakorra zegoen. Tarte horretan zein gaueko ordu txikietan denbora asko galdu nuen; eite gogorrenak izan dira».

Halere, aurreko denbora onenari ez zion jaramonik egin, eta buruan soilik honako helburua zuen: dibertitu.