Ane URKIRI ANSOLA
ALAVES

Bolada ona lortu nahian

Babazorroek denboraldiko bigarren garaipena erdietsi zuten Cadizen eta hiru puntuen hauspoa baliatu nahi dute Elx menderatzeko.

ALAVES-ELX

Denboraldiaren lehen laurdena bete denean, ezin esan daiteke Alaves ondo dabilenik. Kili-kolo egon da zenbait astetan eta oraindik ez du bolada on bat osatu. Horren nahiarekin jasoko du Elx aurkari zuzena. Cadizen aurka sentsazio positiboak berreskuratu zituen Callejaren taldeak; partida batean lehen aldiz bi gol sartu zituen eta sasoiko bigarren garaipena erdietsi zuen. Garaipen hori zerbaiten hasiera izan daitekeelakoan, Elxen aurka bere bertsiorik onena erakutsi beharko du, jaitsiera postuak atzean utzi nahi baditu. Bere esku dago.

Bere esku dago hamar partidetatik zazpitan gola egin duen taldearen aurka defentsa sendo eta tinko bat erakustea. Hori izango da neurketa honen giltzarria. Mendizorrotzak inoiz baino gehiago bultza egin beharko du, atea hutsean bi aldiz soilik utzi duen taldeak golik jaso ez dezan. Lucas Perez –ikusi beharko da zale babazorroek zer-nolako ongi etorria egiten dioten, azken denboraldian nahaspila sortu baitzen bere inguruan–, Boye eta Benedetto aurrelariak dira Elxen armarik indartsuenak eta jakina da Alavesek gola jasotzen duenean are gehiago zailtzen zaiola neurketa. Levante eta Cadizen ostean, gol gehien jaso duen taldea da, 1,4 partidako –Granadaren pare– eta lau gol baino ez ditu egin; 0,4 partidako, alegia. Gol gutxien egin duen bigarren taldea izateaz gain, nabarmendu behar da jokaldi batean gola lortzeko duen zailtasuna; izan ere, Cadizen luzapenean egindakoa salbu, beste hirurak estrategia jokaldietan erdietsitakoak izan dira –eta bi, penaltiz–.

Elxek, bestetik, ez ditu Alavesek baino garaipen gehiago eskuratu –honek ere bi aldiz irabazi du–, baina porrot gutxiago batu ditu, erdietsi dituen lau berdinketei esker. Hala, hamalaugarren postuan dago 10 punturekin, Alavesek baino lau gehiagorekin. Estatistika hauek esku artean, garaipena Mendizorrotzan geratzea are funtsezkoagoa da.

Atzean aldaketarik ez

Partida bat aurrera ateratzeko dituen zailtasunak ikusita, ezinbestekoa izango zaio Callejari defentsa lerro sendoa osatzea. Laguardiak eta Miazgak –Lejeunek min hartu zuenetik, hamaikakoan tinko dabil– osatuko dute atzeko erdiko lerroa. Espero da atzean aldaketarik ez egitea eta aldaketa nabarienak erasoan etortzea. Esaterako, baliteke Edgar Mendez hasieratik aritzea Pellistriren ordez.