A.U. LASAGABASTER

…eta beste baten itzulera

21 hilabete igaro dira Mery Ortiz de Pinedok azken partida ofiziala jokatu zuenetik. Eskuin belauneko atzeko lotailu gurutzatua apurtu zuen 2020ko urtarrilean. Amesgaiztoa amaitu eta taldekideekin batera hurrengo denboraldiaurrea bete ondoren, ezker belauneko atzeko lotailu gurutzatua eta meniskoa hautsi zituen, Liga hasteko astebete besterik falta ez zela jokatutako lagunartekoan. Urtebete beranduago, eta taldearen igoera historikoa harmailetatik bizi ondoren, Alaveseko kapitainak botak jantzi eta partida bat jokatu du berriro ere.

Joan den ostegunean izan zen, talde gasteiztarrak Ligaren etenaldiak jokalarien erritmoa ez apurtzeko antolatutako Arratiaren aurkako lagunartekoan. 9-0 irabazi zuen Alavesek norgehiagoka, eta gol horietako bi partida osoa jokatu ahal izan zuen Meryk berak sartu zituen.

«Sentsazio onak eta amaierara arte intentsitate ona izan dut, azkenean nekea zertxobait nabaritzen bazen ere –azaldu zuen futbolari gasteiztarrak irribarre zabalaz–. Oso zoriontsu sentitu naiz zelaia berriro zapaltzeagatik, oso-oso pozilk nago hainbeste denbora kanpoan pasa eta gero». Meryk «staff guztiari, klubei, denei eskertu» zien «denbora luze honetan emandako laguntza eta itzulera hain erraza egin izana».

Argi dago aurrelari zuri-urdinak eman nahi duen hurrengo pausoa zein den. «Minutu hauek oso ondo etorri zaizkit erritmoa hartzen jarraitzeko eta Lehen Mailak exijitzen duenerako prestatzeko. Taldea laguntzeko sekulako gogoa dut», esan zuen oraindik Lehen Mailan debuta ospatu ezin izan duen Alaveseko kapitainak.

Alavesek, bestetik, hainbat jarduera antolatuko du emakumezkoen taldearen inguruan abenduaren 13tik 19ra. «DA Gloriosas astea» izendatu duena Alavesek eta Levantek Mendizorrotzan jokatuko duten partidarekin amaituko da.