GARA
ESKUBALOIA

Bide onetik jarraitu eta mahaigainean kolpea eman

Bidasoak, Anaitasunak eta Bera Bera liderrak goian segitu nahi dute, eta Zuazok ezin du etxean kale egin.

Eskubaloiaz asetzeko larunbata dute euskal zaleek, Asobal Ligako eta Ohorezko Mailako lau taldeek jokatzen baitute gaur bertan. Gizonezkoetan, partida konplikatuak dituzte bigarren sailkatua den Bidasoa-Irunek eta zortzigarrena den Anaitasunak, Puente Genil (13.00, LaLigaSports TV) eta Frigorificos Morrazorekin (19.00) hurrenez hurren. Emakumezkoetan, Bera Bera liderrak Granollers bisitatuko du (16.30) eta sailkapenean gorantz egin nahi duen Zuazok Lanzarote hartuko du (17.15).

Bidasoa-Irun txipa aldatu beharrean dago berriro ere. Asteartean EHF Kopan lehen garaipena eskuratu ondoren, Asobal Ligako bigarren postuari eutsi nahi dio. Ligan, azken bost partidetatik lau irabazita iritsiko da. Puente Genil aurkariak kontrako ibilbidea darama: azken bost partidetatik hiru galdu ditu, bat berdindu eta bakarra irabazi. Hala ere, andaluziarrak ondo sailkatuta daude, Liga hasieran lortutako hiru garaipenengatik.

Jacobo Cuetara entrenatzaileak aitortu duenez, Bidasoako jokalariak «goraka egiten ari dira, lehiaketako erritmoa hartzen eta euren jokoa hobetzen ari dira». Gaurko aurkariari buruz ere mintzatu zen asturiarra: «Badakigu oso pista zailean jokatuko dugula eta aurrean oso joko ona egiten duen taldea izango dugula. Badakigu zaila izango dela».

Puente Genil taldea moralki baxu egotearen erruduna Anaitasuna da. Iruindarrek 36-23 irabazi zieten andaluziarrei Ligako azken partidan. Nafarrek aspaldiko bolada onari jarraipena eman zioten bi puntu horiekin, eta gaur bide beretik jarraitu nahiko dute, Frigorificos Morrazo Iruñean mendean hartuta.

Liga hasiera kaskarraren ostean –emaitzen aldetik, gehienbat–, Quique Dominguezen taldeak olatu ona hartu duela dirudi eta lau garaipen eta berdinketa bat daramatzate azken bost jardunaldietan. Anaitasunako entrenatzaileak «erritmo handia eta defentsa sutsua» eskatu die gaurko bere jokalariei, «ahalik eta erosoen aritzeko». Talde nafarra denboraldiko errebelazioetako bat da. Horren erakusle dira bere defentsa gogorra eta segurua. Erasora, gainera, beldurrik gabe joaten den taldea da.

Gaurkoan, hori bai, geldiketei dagokienez Ligako atezain onena izango dute aurkari nafarrek: Javi Diaz. Dagoeneko 81 geldiketa daramatza denboraldi honetan. Bere taldeak, gainera, Benidormen aurka garaipenaren bidea berreskuratu zuen.

Zuazo eta Bera Bera

Azken egunetan Kopan eta Europan emaitza bikainak lortu ondoren, gaurkoan funtsezkoa izango da Zubileta Evolution Zuazo eta Bera Bera euskal taldeentzat hurrenez hurren Lanzaroteri eta Granollersi irabaztea, bai behintzat Ligan jarritako helburuak bete nahi badituzte.

Behin Kopako lehen kanporaketa pasata, Zuazok beste gorputzaldi batekin hartuko du neurketa. Bizkaitarrek aspaldiko partez garaipen bat erdietsi zuten eta horrek, ezinbestean, beste sentsazio batzuk ekarri dizkie oraindik neurketarik irabazi ez duen talde bakarraren aurka lehiatzeko. Zuazok, aldiz, garaipen bat behintzat erdietsi zuen Morvedreren aurka eta horri esker, jaitsiera postuetatik kanpo dago. Baina ez dago hain urrun.

Bestalde, Bera Berak astea borobiltzea nahi du Europan sailkapena eskuratu eta Ligan Elxi irabazi ostean. Sailkapenean espero baino beherago dagoen arren, Granollers beti da aurkari arriskutsua; zer esanik ez, bere pabiloian. Gainera, kanpoan etxean baino gehiago kostatzen ari zaie irabaztea donostiarrei.