Arnaitz GORRITI
AIZKORA

Mikel Larrañaga eta Karmele Gisasola nagusitu dira Zestoako finalerdietan

Sherpa.ai Aizkora Txapelketako finalerdiak izan ziren atzo Zestoan. Mikel Larrañaga eta Karmele Gisasola izan ziren onenak gizonen eta emakumeen proban, hurrenez hurren.

Gizonen artean hamahiru parte hartzaileek hiru txandatan bota zituzten bi oinbiko, bi kana-erdiko eta beste bina 60 ontzako. Azkenean, 16 minutu eta 44 segundorekin, Mikel Larrañaga azpeitiarra gailendu zen. «Ni ere harrituta geratu naiz egin dudan denborarekin. Ikaragarri urduri hasi naiz, nahiz eta pentsatu etxean bezain ondo lana eginez gero aurre xamarrean behar nuela. Hasieran trakets xamar hasi naiz, baina gero gozatzen hasi naiz eta bukaeran oso gustura amaitu dut», nabarmendu zuen.

Azaroaren 21eko Bilboko finalera, Larrañagarekin batera, hurrenez hurren, honako aizkolariak sailkatu ziren: Eneko Otaño, Iker Vicente egungo txapelduna, Aitzol Atutxa, Julen Alberdi Txikia IV.a eta Jon Irazu. Azken sailkatuak, Irazuk, Larrañagak baino hiru minutu gehiago egin zituen. Finaletik at geratu ziren Ugaitz Mugerza, Iñaki Azurmendi, Jexux Mari Mujika, Julen Larrea, Arkaitz Jauregi, Eloy Corchero eta Jon Rekondo.

Sei segundoren barruan

Aurrez emakumeek aritu ziren, 36 ontzako launa enbor moztuz. Karmele Gisasola Zelai III.a nagusitu zen 9 minutu eta 5 segundoko denbora eginez. Bere atzetik, Uxue Ansorregi sailkatu zen, sei segundo eskasera, eta azken, Garazi Arruti, oso urrun, 13 minutu eta 22 segundo behar izan baitzituen. Emakumeen azken finalerako Gisasola sailkatu zen denbora onenarekin, eta bere atzetik Araian nagusi izan zen Maika Aristegi –hiru segundo gehiago– eta Uxue Ansorregi.