Andoni ARABAOLAZA
KIROL ESKALADA

11 urteko Logan Zhang-ek hiru 7c+ bistan eta egunbateko jardunean egin ditu

Ameriketako Estatu Batuetan sona handia duen Red River-en sinatu ditu igoera horiek. Haurrak onartu duez zuela espero arrakasta hori lortzea. Eskalatzen hasi aurretik, atletismoan maila bikaina eman zuen.

Kirol eskaladan haurrek egiten dituzten “muturreko” jarduerek oraindik ahoa bete hortz uzten gaituzte. Logan Zhang dugu azken protagonista. 11 urteko eskalatzaile honek 7c+ mailako hiru bide bistan eta egun bateko jardunean sinatu ditu.

Ameriketako Estatu Batuetan dagoen Red River-en egun batzuk eskalatzen izan da. Bistan eskalatzeko gogo handia zuenez, lehenik eta behin “40 ounces of justice” bidean sartu zen: «Egun bateko atsedena hartu eta gero, bide hori bistan egiteko apustua egin nuen. Igoera oso luzea egin zitzaidan. Une jakin batzuetan zalantzak izan nituen, eta horrek oso urduri jarri ninduen. Baina ez nintzen erori. Atsedenleku batean denbora asko igaro nuen, aurretik marraren giltza gainditu behar nuelako. Eta aise gainditu nuen».

Haur horren bigarren marrak “Skinboat” du izena. Ez zuen marra hori bistan kateatzeko itxaropen handirik; soilik probatu nahi zuen: «Hasiera nahiko nahasia da, baina buruhauste handirik ez nuen izan. Aitzitik, lan eskerga eskatu zidan. Helduleku txar batzuetan atseden hartzen saiatu nintzen. Eta jarraian helduleku onekin egin nuen topo. Bigarren igoera honekin asko poztu nintzen».

Atletismoan indartsu

Nahiz eta eguna erabat biribildua zuen, Zhang hirugarren baten bila joan zen. Berez, “Hoofmaker”-en ekinaldi bat egin nahi zuen, baina beste eskalatzaile bat aurreratu zitzaion.

Marra horren ordez, “Convected” aukeratu zuen: «Onartu behar dut azken bide horretan bizi izan nuen egoera ez zela batere erosoa izan. Magnesio marka asko zituen, eta horrek asko nahastu ninduen; helduleku egokienak hartzea arazo bihurtu zen. Horren guztiaren ondorioz, igoera kaskarra egin nuen. Zati batzuetan ez nindoan ondo. Oso gogorra iruditu zitzaidan. Ondoren grabatutako irudietan ikusi nuen helduleku batzuetan erratu nintzela. Hala eta guztiz ere, zorte handia izan nuen, eta katera erorikorik gabe heldu nintzen».

11 urteko haur honen ibilbidea berezia da oso. Eskaladan hasi aurretik, lehen urratsak atletismoan egin zituen. Adibidez, sei urteko haurren luzera jauzian munduko errekorra egin zuen, 1.84 metrorekin. Baina urtebetera, hazkunde kontuak zirela medio, oinetan arazoak izan zituen. Atletismoa utzi eta “Ninja Warriors” saioetan parte hartzen hasi zen. Azkenean, eskaladara salto egin, eta, adibidez, 10 urterekin munduko txapeldun bihurtu zen».