Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

AHT linea berriari buruz «elkorren arteko elkarrizketa» Baionan

Akitania Berriko presidentea, Alain Rousset, Baionara heldu zen atzo Akizetik igarota Baionatik mugara luzatuko litzatekeen Bordele eta Okzitaniako Tolosa arteko AHT linea aipatzeko. Bileran parte hartu zuten euskal alkate gehienek zalantzan eman zuten Parisek eta Bordelek berpiztu nahi duten egitasmoa. Karrikan protesta egin zuen CADEk.

Akitania Berria eskualdeko presidente Alain Rousset sozialista Baionan antolaturiko bilerara ordu erdiko berantarekin heldu zen atzo goizean. Ordurako 70etik gora euskal auzapez zain zituen Baionako Arteen Eskolan kokatzen den Henri Grenet Auditoriumean, bertan egin baitzen Euskal Elkargoko buru Jean-Rene Etchegarayk deituriko alkateen bilkura.

Ateak itxita eginiko bilkurak helburu zehatza zuen: berriki Parisek, zehazki Jean Castex lehen ministroak, eta haren atzetik, Bordeletik, Alain Roussetek berak, berpiztu duten egitasmoaren finantzaketari buruz eztabaida errailetan ematea.

Hamarkada luze bat eman du Lapurdi zeharkatuko lukeen AHT linea berria egiteko egitasmoak tiraderan gordeta.

Are, Emmanuel Macronek frantziar presidente hautatu zutenean, 2017an, alde batera utzi zuen abiadura handiko sarea etengabe zabaltzeko politika.

Azpiegitura garestia

Kostu handiari egotzi zion Macronek AHTren egitasmo berriak izozteko hautua. Bost urte beranduago, zaharberritutako proiektua sustatzera heldu zen atzo Rousset Baionara.

Egitasmoari buruzko eztabaida gainditutzat eman nahian, zuzenean horren finantzaketarako plana mahai gainean ezarri zuen Akitania Berriko presidenteak. «Espainiatik helduko da AHT, lanak aurrera doaz, azkar doaz, eta guk zer?», bota zuen bilera amaitu bezain laster kazetarien aurrean.

Lehenagotik Bordele eta Tolosa arteko tren ibilbide berria egin ahal izateko Estatuak, Eskualdeak baina baita lurralde erakundeek ere diru ekarpena egin beharko dutela ohartarazita zuen Roussetek. Zehazki Euskal Elkargoari 150 milioi inguru ordaintzea egokituko litzaioke, gutxienez hamarkada bat barru Akitania eta Okzitaniako metropoliak tren azkar batek lotu ditzan. Hala eta guztiz ere, Europako diru ekarpena gehitzeko mugaz gaindiko ibilbidea behar denez garatu, atzoko bilkuran aipatu zen trenbidea Lapurdi eta Gipuzkoa arteko mugaraino eramateko asmoa. Hala baieztatu zion GARAri bileratik irteterakoan Filipe Aramendik. Hori dela-eta, Urruñako auzapezak azaldu zuenez, «elkorren arteko elkarrizketa» gertatu zen Grenet Auditoriumean.

Eskualdeko buruzagiak «betiko asmoari heldu dio, baina zozoak ez garenez, lehen bezala gaur ere argi dugu proiektu hau kaltegarria dela gure herriarentzat», laburbildu zuen auzapez abertzaleak. Bere aldetik, Euskal Elkargoaren baitan mugikortasun arloaren ardura duen Jean-François Hirigoyen Donibane Lohizuneko auzapez kontserbadoreak nabarmendu zuenez, «alkate gehienek uste dute hobe dela oraingo sarea hobetzea azpiegitura kopuru handia duen lurraldea kaltetuko lukeen tren linea berria egitea baino».

Hazparneko alkate zentrista, Isabelle Pargade, ahoan bilorik gabe proiektuaren aurka mintzatu zen hautetsi horietako bat izan zen. Urkoin laborantza lurren galera ekarriko lukeen higiezin proiektua salatzeko auzoek deituriko ekimenera hurbiltzeko xedez, bilkuratik lehenago alde egin zuen Pagardek. Aitzinetik, «tren azkarra ez dugu behar; bai, ordea, elikagaiak sortzeko laborantza lurren zaintza hartzea», adierazi zuen.

 

Un territorio en fase 0 de «metamorfosis ecológica»

Los centinelas nombrados por Bizi! para observar el grado de cumplimiento del pacto ecológico por los gestores de las instituciones locales de Zuberoa, Nafarroa Behera y Lapurdi publicaron ayer su primer informe.

La conclusión es clara, Ipar Euskal Herria sigue fijada en la fase 0 debido a la escasa acción de 40 de las 56 localidades chequeadas. Solo Baiona e Itsasu aprueban, justo, para situarse en la fase 1. Es la segunda localidad la premiada con la «mariposa de oro», a diferencia de los consistorios menos virtuosos en materia de acción por el clima, a saber, Donibane Lohizune y Biarritz. GARA