Ikusi eta ikasi
Azkenaldian Islandiako telebista-serie pare batek pantailari lotuta eduki naute. Sumendi zahar batek berpiztean eragiten dituen gertaera misteriotsu batzuei buruzko “Katla” (irlaren hegoaldeko benetako sumendi baten izena hartuta) eta hartz handi eta lasai baten itxura daukan Andri Olafsson detektibearen lanak eta nekeak kontatzen dizkigun “Ófærð” (Harrapatuta). Nordic noir edo «iparreko (fikzio) beltza» gustuko duenarentzat, ikusi beharrekoak; bi-biek eskaintzen digute zer ikasia.
Istorioak, gidoiak, aktoreen lana, musika, erritmoa, fotografia… guztiak dira onak, eta ederki islatzen dute gizatalde txikietako giro itxi eta zaila. Galderak saihetsezinak dira: Nola liteke 370.000 biztanle inguruko herrialde batek halako kalitateko fikzioa egitea? Nola, hizkuntza txiki bateko produkzioak nazioarteko oihartzun zabala erdiestea? Estatu independente baten jabe izatea izan daiteke esplikazioaren zati bat, baina ez esplikazio osoa, seguru asko.
Bitartean, ikasten dugu elurra eta hotza ederrak, oso ederrak izan daitezkeela, eta gogorrak; are gogorragoak, sumendiaren errautsarekin nahasten direnean. Ikasten dugu islandiarrak hitz gutxikoak direla eta kontaktu fisiko publiko urrikoak; euskaldunon antzekoak horretan, agian. Ikasten dugu islandierak zaila dirudiela ahoskera eta idazkeran; euskara baino zailagoa, akaso. Eta ikasten dugu ez dela ezinezkoa poliziak atxilotuei bidezko tratua ematea, hilketa okaztagarrien ustezko egileak direnean, edo bahitutako agintari baten bizitza salbatzeko informazioa jokoan dagoenean.
Egiari zor, zalantza egin dut, baina sinetsi nahi izan dut islandiar polizia arruntek benetan ez dutela pistola eramaten, eta atxilotuen eskubideak errespetatuz bideratzen dituztela ikerketa-lanak. Desiragarri ez ezik, sinesgarri ere egin zait. Baina ez dakit ba, gure ertzain, polizia, jendarme, guardia zibil eta abarrei ez ote zaien egingo sinestezin ez ezik, barregarri. Fikzioak ere errealitate printzipioari eutsi behar dio-eta, igual horregatik jarri zuten amerikarrek Sherlock Holmes bera ostiak nornahiri partitzen.