Iker Ibarluzea
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Hitz hutsak

Aldaketa klimatikoaren gaia pil-pilean dago azken egunotan, Glasgown egiten ari diren goi bilera dela eta. Ni neu ez naiz mundu mailan ematen ari den fenomenoari “aldaketa klimatiko” deitzearen aldeko, klima une oro ari baita aldaketa iraunkor bat jasaten. Orain berotze bat ari da jasaten, hemendik urte jakin batzuetara hozte bat jasango duen modura.

Gizakiak gai honetan izan duen esku hartzea nabaria izan da azken hamarkadotan, batez ere, industrializazioak goia jo zuen hamarkada horietan. Hala ere, zalantza handiak ditut goi agintariek benetako asmorik ba ote duten egoerari nolabaiteko irtenbide bat emateko.

Zergatik diot nolabaiteko? Karbono dioxido isuriak etenda ere, lurraren tenperatura igotzen joango delako. Beraz, gure esku dagoena da, garaiz edo berandu iritsiko diren ondorioak nola edo hala atzeratzea. Horretarako, norberak badu bere aletxoa jartzerik egunerokotasunean. Nola? Esaterako, nahitaezko egoera batean egon ezean, garraio publikoa erabiliz. Autoa lankideekin partekatzea ere bada aukera bat, ez baita gauza bera lau lagun auto banatan joatea edo lau auto berean. Kutsatzea nabarmen jaisten da. Etxean ahal den neurrian aparatu elektronikoak itzalita edukitzea, kontsumo baxuko argiak erabiltzea, ahalik eta plastiko gutxien erabiltzea... aukerak asko dira. Norberak bere aletxoa jartzeak, goi agintarien promesa faltsuek baina askoz gehiago balio du. Ez izan zalantzarik.