Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA

EHSF zirkuituak eta txapelketak:Gazteen denboraldia amaitu da

Joan den asteburuan Deban egin zen Euskal HerrikoGazte Surf txapelketaren ostean, Euskal Herriko Surf Federazioak antolatzen dituen 18 urtez azpiko txapelketen sasoia amaitu da. Aldiz, oraindik indarrean dira Open Surf eta Bodyboard zirkuituak.

Azaroaren 13an, larunbatean, egin zen Euskal Herriko Gazte Surf Txapelketa Debako Santiago hondartzan. Urrian amaitu zen Euskal Surfing Gazte Zirkuituaren ostean 18 urtetik beherako surflariei jokatzeko geratzen zitzaien azken lehiaketa zen Debakoa eta lehiakide gazteek indar guztiak xahutu zituzten olatu indartsuetan. Lehia gogorra izan zen.

Aitzitik, Euskal Herriko Surf Federazioak antolatzen dituen beste bi zirkuitu nagusiak oraindik ez dira amaitu. Bodyboard modalitatean oraindik bi lehiaketa gehiago egin behar dituzte, bata Ereagan eta bestea Mundakan, eta Open Surf kategoria irekian, ostera, EHSFko zirkuituen denboraldiari amaiera ematen dion Mundakako txapelketa ospetsua egitea falta da.

Bestalde, Punta Galeako eskuin olatuan (Getxon) negu sasoian egin ohi den olatu handietako txapelketa egiteko itxaronaldi epea ere irekia da, azaroaren 1ean ireki zen eta martxoaren 31n itxiko da. Denbora tarte horretan antolatzaileek ikusten badute txapelketa egiteko baldintza egokiak izan daitezkeela lehiakideei jakinaraziko diete eta argi berdea emango zaio lehiaketari.

Gazteen lehiaketa berezia

Itsaski indartsua izan zen joan den larunbatean, negu sasoiko itsaskia, baina 18 urtetik beherako surflari gazteak ongi moldatu ziren Debako hondartzaren mendebaldean dagoen murrutik gertu sortu ohi diren korronteak baliatuz barruratu eta olatu ederrak hartzeko.

Hiru maila izan ziren nesken zein mutilen kategorietan: SUB 18, SUB 16 eta SUB 14. Maila guztietan kalitate oneko surfa ikusi ahal izan zen.

Oxel Oregi gailendu zen mutilen SUB 14 kategorian, eta Annette Gonzalez-Etxabarri zumaiarra, neskenean. SUB 16 kategorian Kenjimo Erostarbe eta Alba Gmedi izan ziren garaileak. SUB 18 kategorian, ostera, Xuban Lopetegi eta Enara Zabala izan ziren txapeldunak.

Kontuan hartu behar da joan den asteburuan Deban egin zen lehiaketa aparteko txapelketa dela; alegia, 18 urtetik beherakoen zirkuitua amaitu ostean egindako txapelketa gehigarria dela. Izan ere, urrian amaitu zen Euskal Surfing Gazte Zirkuitua eta txapeldunak jada izendatu zituzten. Saioa Ortega eta Oxel Oregi, 14 urtetik beherako kategorian, eta Keoni Lasa eta Bianca Tye, 18 urtetik beherako kategorian.

Aurtengo denboraldian hiru txapelketak osatu behar zuten Euskal Surfing Gazte Zirkuitua, baina Getarian (Gipuzkoa) egitekoa zen txapelketa bertan behera geratu ostean Zierbenako Arena hondartzan eta Mendexako Karraspio hondartzan egin ziren lehiaketetako puntuak hartu ziren kontuan ranking orokorrerako. Mendexakoak balio bikoitza hartu zuen, Getariak utzitako hutsunea betetzeko.

Debako txapelketa, ordea, zirkuitutik kanpo egindako txapelketa izan zen; hau da, Euskal Herriko Gazte Surf titulua zegoen jokoan, baina ez Euskal Surfing Gazte Zirkuituko txapela. Edonola ere, batean zein bestean surflari gazteek lehiarako grina eta surf egiteko gogo bizia erakutsi zuten.

Bodyboard itzulia indarrean

Azken urteetan Hego Euskal Herrian indarra hartu du bodyboardak eta hein handi batean bodyboard zaleek txapelketak eta ekimen desberdinak antolatzeko erakutsi duten seriotasunari esker izan daiteke. Surf modalitateak baino jarraitzaile gutxiago dituen arren, txapelketa garrantzitsuak antolatu dituzte azken urteetan bodyboard zaleek eta Zumaia, esaterako, ezagun bilakatu da mundu osoko bodyboard zaleen artean.

Hain zuzen ere, Zumaiako Itzurun hondartzan egin zen joan den urrian aurtengo Euskalsurf Body Board Zirkuituko lehen txapelketa eta Alex Odriozola zumaiarra izan zen irabazlea. Modu horretan ranking orokorrean lehen postuan kokatu zen eta ondorioz bera da egun rankingeko buru.

Bodyboard zirkuituko bigarren txapelketa azaroan egingo da, Getxoko Ereaga hondartzan, baina datozen asteburuetako batean izan daitezkeen baldintza hoberenen zain dira antolatzaileak ganorazko lehiaketa bat egin ahal izateko.

Horren ostean, rankingean ondoen sailkatzen direnek Mundakan egingo den txapelketan parte hartu ahal izango dute eta han erabakiko da aurtengo Euskalsurf Body Board Zirkuituko txapelduna nor den.

Gauza bera izango da Olaian Euskal Surfing Open Zirkuituaren kasuan. Sopela eta Zarauzko txapelketen ostean, mutilen zein nesken rankingeko lehen sailkatuak (15 eta 7) lehiatu ahal izango dira abenduan Mundakan egingo den txapelketan.