GARA
DonostiA

Gregorio Vicariori hirugarren gradua onartzeko eskatu dute

Gaixotasun larria duen Gregorio Vicario presoarentzat hirugarren gradua eta baldintzapeko askatasuna eskatu zuten atzo Sarek eta Etxeratek, «duen gaitza duintasunez eta bermez tratatu ahal izateko». Lakuari eta Iruñeari «aurrerapauso bat» eman dezatela eskatu zieten, «beren osasun zerbitzuen bidez presoei osasun arreta emateko».

Kezka bizia eragin du Gregorio Vicario presoaren egoerak. Aurreko astean jakinarazi zenez, bihotzeko ebakuntza egin behar izan diote jada hogei urte preso daramatzan durangarrari. Atzo elkarrekin agertu ziren Sare eta Etxerat, «espetxeetako arduradunei» eskaera zehatza helarazteko: hirugarren gradua onartu eta aske utz dezaten, baldintzapean, «duen gaitza duintasunez eta bermez tratatu ahal izateko eta bere senideengandik hurbil egon dadin».

Etxerateko Patricia Velez eta Sareko Joseba Azkarraga izan ziren Donostian egindako agerraldian. Gogora ekarri zutenez, bi erakundeek «urteak daramatzagu gaixorik dauden presoen egoerak eragiten digun kezka plazaratzen. Era askotako gaitzak dira, baina, zehazki, bihotzarekin lotutakoak dira hildako gehien eragin dituztenak euskal presoei dagokienez». Izan ere, 1988tik sei dira jada espetxean bihotzeko arazoen ondorioz hil diren euskal preso politikoak.

Lau bypass

Vicarioren kasuari buruz zera nabarmendu zuten: «Urgentziazko ebakuntza kirurgikoa egin diote Leongo ospitalean. Burgosko espetxetik eraman zuten bertara. Lau bypass jarri dizkiote, haren bizitza arriskuan baitzegoen. Daukagun informazioaren arabera, ebakuntza ongi atera da eta orain errekuperazioari ekin dio».

Hala ere, «Gregorio Vicarioren kasuan, egoera ez da bat-batekoa –ekarri zuten gogora–. Denbora luzea darama minekin. Duela urte eta erdi ospitaleratu behar izan zuten lehen aldiz, eta, urrian, oso zabalduta zegoen iskemia larria detektatu zioten eta kateterismo bat egin eta stent bat jarri zioten».

«Lehenago esan dugu, eta orain ere esaten dugu: espetxea ez da leku egokia halako gaixotasunak tratatzeko. Espetxe-araudian araututa dago gaixo hauek espetxetik kanpo jaso ahal dutela tratamendua, baina, zoritxarrez, euskal presoen kasuan ez da arau hori aplikatzen», nabarmendu zuten Velezek eta Azkarragak.

Horren adibide, Josetxo Arizkuren presoa: esan zutenez, 2018ko ekainean Murtzian ospitaleratu behar izan zuten, bihotzeko krisi batengatik. Gero, 2020ko azaroan, urgentziaz eraman behar izan zuten erietxera, miokardio-infartu bat izan eta gero. «Arizkurenek ere 60 urte baino gehiago ditu, eta hogei urte baino gehiago daramatza askatasunik gabe», erantsi zuten.

Eskaera zuzenak

Egoera ikusita, «espetxeetako arduradunei eskatzen diegu ez jarraitzeko arriskuan jartzen pertsona hauen bizitza. Etengabeko osasun desasistentziari amaiera eman behar diote eta gaixotasunak berandu detektatzea zuzentzeko bitartekoak lehenbailehen jarri. Era berean, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diegu aurrerapauso bat eman dezatela, beren osasun zerbitzuen bidez presoei osasun arreta emateko», azpimarratu zuten.

Estatuari dagokionez, «gradu progresioak blokeatzeari uzteko eta presoei baldintzapeko askatasunean egoteko aukera ez eragozteko eskatzen diegu espetxeetako arduradunei». Vicario baldintzapean aske uzteaz gain, «neurri bera aplikatu behar zaie gaixotasun larriak dituzten beste hemeretzi euskal presoei. Etxean nahi ditugu eta bizirik nahi ditugu», amaitu zuten.