Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA - EMAKUMEEN EUROCUPA

Gernika Bizkaiak hurrengo fasera pasatzea lortzeko La Roche Vendeeren kantxan irabazten saiatu behar du

«FIBA Leihoen» etenaldiaren ostean, Emakumeen Eurocupa abian da berriz. Lointek Gernika Bizkaia Estatu frantsesean da, gaur gauean 20.00etan –FIBAren Youtubeko kanalak zuzenean eskainia– La Roche Vendeeren aurkako dema garrantzitsua jokatu behar du-eta.

Bi jardunaldiren faltan, frantsesak H multzoko aurrenak dira, jokaturiko lau neurketak irabazi ostean; hau da, hurrengo faserako txartela eskuan dute. Gernikarrek, berriz, Virtus Bolongaren aurka irabazi izan balute, sari bera izango zuketen, baina ezin izan zutenez italiarren aurka Malosten irabazi, borroka egiten jarraitu behar dute.

Mario Lopezek zuzenduriko taldea bigarrena da H multzoan 2-2 balantzearekin, Carolo eta Virtus Bolognak baino garaipen bat gehiagorekin. «Garaipen garrantzitsua litzateke hurrengo faserako sailkatzeko», onartu zuen neurketa bezperan Marta Alberdik. «Eurocupeko partidak bestela ere oso intentsoak dira, baina partida honetan, bereziki, finala balitz bezala jokatu behar dugu», azpimarratu zuen jokalari bizkaitarrak.

Bankole eta Suarez gelditu

Gogoan izan behar da joaneko partidan talde frantsesak 78-90 irabazi zuela Malosten, aurreneko laurdenean 20-32 hanka egin ostean. Ana Suarez espainiarraren gidaritzak eta Ornella Bankoleren 29 puntuek erabaki zuten neurketa.

«Bankolek puntu asko sartu zituen Malosten, eta Ana Suarezek eraman zuen partidako erritmoa. Ezin diegu berriz ere halakorik egiten laga», nabarmendu zuen Marta Alberdik, jakinda oso zaila izango dela, gernikarrek ezingo baitute ez Margaret Roundtree ez Lashann Higgs erabili gaurko partidan.