Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
SURF

Haleiwa Challenger: Lehen mailan egoteko txapelketa erabakigarria

Challenger Series itzuliko azken txapelketa hasi da. Haleiwan erabakiko da datorren urtean lehen mailan izango diren surflarien zerrenda nortzuek osatuko duten. Ruben Vitoria eta Aritz Aranburu kaleratuak izan dira, baina neskek lehian jarraitzen dute.

Azaroaren 26an hasi zen Challenger Series itzuliko laugarren eta azken txapelketa Haleiwa hondartzan, Hawaiiko Oahu uhartean. Mutilen kategoriako lehen erronda osorik egin zuten bi metro eta erdiko olatu ederrekin. Biharamunean bigarren errondako txanda gehienak egin zituzten, baina itsasoko baldintza hobeagoen zain lehiaketa etetea erabaki zuten WSL erakundeko arduradunek.

Pasa den irailean Trestlesen egin zen Final Handian izendatu zituzten aurtengo bi irabazleak, alegia, Carissa Moore eta Gabriel Medina. Ordea, CT itzulian lehen bost postuetan plaza bat eskuratu ez zuten lehiakideek lehian jarraitu behar izan zuten datorren urtean ere lehen mailan egon ahal izateko. Gauzak honela, Haleiwako txapelketa da oraindik lehen mailan postu bat eskuratu ez duten lehiakideentzako azken aukera.

Guztira 96 gizon eta 64 emakumek eskuratu zuten Challenger Series itzulian lehiatzeko plaza bat, baina lehen mailako lehiakideei ere azken txapelketan lehiatzeko aukera eman zaie euren postua hobetzeko. Horregatik, mutilen kategorian 8 txandakoa izan zen lehen erronda Haleiwan eta 16 txandakoa bigarren erronda. Neskenean, berriz, lehen bi errondak 8 txandakoak izan ziren.

Vitoria eta Aranburu

Haleiwan lehiatzeko plaza bat eskuratu zuten euskal surflari bakarrak Ruben Vitoria eta Aritz Aranburu zarauztarrak izan ziren. Vitoriak, likra berdearekin, olatu handiak hartu zituen bere txandan, baina olatu bakar batean erakutsi ahal izan zuen aurpegiz surf egitean duen surf dotorea; bigarren olatu bat falta izan zitzaion puntuazio altuagoa izateko. Hori gutxi ez, eta gainera, bere arerioek txapelketako puntuazio altuenetakoak eskuratu zituzten eta ezin izan zuen hurrengo errondara pasatu zarauztar gazteak.

Bestalde, Aritz Aranburu bikain aritu zen lehen txandan; bi hawaiiar kanporatu zituen, horien artean Billy Kemper, olatu handietako surflari famatua. Lehen postuan pasatu zuen lehen erronda zarauztarrak, baina biharamunean, olatu txikiagoekin eta erreka haize indartsuarekin, nahiz eta ongi aritu zen, ez zuen txanda pasatzea lortu.

Sekulakoa da lehiakideak erakusten ari diren maila. Kontuan hartu behar da surflari batzuk soilik txapelketa honetarako prestatu direla azken hilabeteetan. Batzuek asteak daramatzate egunero Haleiwan surf egiten eta sasoi onean direla erakusteko bideoak argitaratu dituzte. Horietako bat da John Florence, lesio bategatik lehiatzeari utzi eta aurtengo denboraldia galdu ostean itzuli den surflaria.

John John Florence izango da ziur aski Haleiwako lehiakide faboritoa, bertan ikuskizun gehien eskaini dezakeen surflarietako bat baita, baina ez da lehen mailako lehiakide bakarra. Jack Robinson, Jesse Mendes eta aurten lehen mailan lehiatu diren beste hainbat surflari ere Haleiwan dira, eta haien artean aurkitzen da baita ere ikusmin handia sortzen duen surflari izarra, Kelly Slater, hamaika bider munduko WSL zirkuituko txapeldun izandakoa.

Nesken kategorian ikusmina sortu duen lehiakidea Carissa Moore da. Mauiko surflariak bi titulu garrantzitsu irabazi ditu aurten: batetik WSL zirkuituko txapela eta bestetik Tokion egin ziren Olinpiar Jokoetako urrezko domina. Hortaz, datorren denboraldirako plaza ziurtatua du Moorek lehen mailan, hau da WCT zirkuituan, baina hala ere Haleiwan lehiatzea erabaki du.

Neskak lehiatzeko prest

Haleiwako txapelketa eten ostean azaroaren 28an nesken kategoriarekin jarraitzeko asmoa azaldu zuten pasa den asteburuan WSLko arduradunek. Hamar orduko aldea dago Euskal Herria eta Hawaii artean, alegia, atzo arratsaldeko seietan, Hawaiin goizeko zortziak zirenean hastekoak ziren nesken txandak, baina azken unean itxaronaldi epea luzatzea erabaki zuten antolatzaileek.

Gehienez abenduaren 7a arte luza daiteke Haleiwako txapelketa; beraz, oraindik badute denbora apur bat antolatzaileek, baina lehiakide kopurua ikusita gutxieneko baldintzak diren unean lehiaketarekin jarraitu beharko dute.

Aurrez esan bezala, mutilen kategorian ez da geratzen euskal surflaririk, baina nesken kategorian euskal herritarren ordezkaritza zabalagoa da eta datozen orduetan munduko surflari hoberenekin lehian ikusi ahal izango ditugu.

Bi bizkaitar, gipuzkoar bat eta lapurtar bat prest dira Haleiwan burutuko den nesken Challenger Series itzuliko azken txapelketan lehiatzeko. Leticia Canales eta Ariane Ochoa bilbotarrak, Janire Gonzalez-Etxabarri zumaiar gaztea eta Pauline Ado hendaiarra Haleiwako eskuin olatuetan lehiatzen ikusi ahal izango ditugu WSLko antolatzaileek txapelketarekin jarraitzeko agindua ematen dutenean.