Arnaitz GORRITI
EUSKAL HERRIKO AIZKOLARI TXAPELKETA

Hodei Ezpeleta jaun eta jabe Tolosako final nagusian

Tolosako Beotibar pilotalekuan Euskal Herriko Aizkolari Txapelketak, Federazioari atxikitako lehiak alegia, txapeldun berria izendatu zuen atzo: Hodei Ezpeleta Bihurri eibartarrak, bere aurreneko finalean –22 urte baizik ez ditu–, “We are the Champions” entzun zuen, nagusi izan baitzen hasi eta buka. Erritmoa hasieratik hartu zuen eta ez zien aurkariei aukerarik eman, batez ere oinbikoetatik aurrera, eta bigarren erdian eroso aldea aterata nagusitu zen.

Bihurrirekin batera, Xabier Zalduak ekin zion aurreneko postu horren bila nor baino nor. Lanek oso luze jo zuten, nahiz eta egur gogorregirik ez zuten aurkitu, beren zorionerako. Ezpeletak erritmo oso konstantea mantendu zuen eta teknikoki, 22 urteko gaztea izanagatik, maisuki ekin zion lanari.

Xabier Zalduak, aldiz, azken oinbiko bietan –lan erdiak pasatuta– 40 segundotik gora galdu zituen, neurri baten enborraren epaia estuegi hartu zuelako. Bihurriren itzala izateko nahiaz bere hauspoaren kontra egiten amaitu zuen azkenean. Hala, oinbikoetatik aterata azken 60 ontzako bi enborretan minututik gorako abantaila atera zuen Ezpeletak, eta txapela hantxe bermatu zuen. Minutu eta erdiko aldea atera zion azkenean Zalduari.

«Gozatu baino ez dut egin»

Ezpeleta eta Zalduaren ostean, Jose Antonio Etxeberria, Oier Kañamares, Iban Resano eta 51 urteko Luis Mari Txapartegi sailkatu ziren, hurrenez hurren.

«Ondo prestatuta etorri naiz. Lo gutxi eginda, baina burua zentratuta behintzat. Gozatu baino ez dut egin gaur. Entrenamendu gogorrak egin izan ditut, baina ez hain luzeak, baina oso ondo aurkitu naiz», adierazi zuen txapeldun berriak, pozarren eta hunkituta.