Ion T. BARRENA
DONOSTIA
Elkarrizketa
JULEN BOLLAIN
GARAPENARI BURUZKO IKASKETETAN DOKTOREA

«DSBEk ez dio etorkizunari erantzuten, oinarrizko errentak bai»

Liburu eta tesi banatan oinarrizko errenta unibertsalak ekarriko lukeen paradigma aldaketa eta honen bideragarritasuna aztertu ditu Julen Bollainek. «Gizartearen %20 galtzen aterako litzateke, baina %80ren egoera asko hobetuko litzateke». Jaiotze hutsagatik urtean 12.577 euro jasotzeaz ari gara.

Egun indarrean dauden gutxieneko errenten eta baldintzarik gabeko errenta unibertsal baten arteko tartea aztertu du Julen Bollainek. Lehenek «porrot» egin dutela dio; bigarrenak etorkizunerako tresna ezin hobea eskaintzen duela.

 

Oinarrizko errentaz ari garenean zertaz ari gara?

Oinarrizko errenta izango litzateke diru esleipen bat pertsona guztioi egiten zaiguna. Honek kontrajarri egiten gaitu gaur egun ezagutzen ditugun errenta minimoen programekin. Esaterako, EAEn daukagun Diru Sarrerak Bermatzeko Errentarekin (DSBE; RGI, gazteleraz). DSBE jasotzeko baldintza zehatz batzuk bete behar dituzu; orduan joan ahal zara Administrazioarena esanez, «ezin ditut nire oinarrizko beharrak ase, laguntza behar dut». Oinarrizko errentaren kontzeptua kontrakoa da, zuk pertsona izateagatik eskubide batzuk dituzula ziurtatzen dugu eta horietako bat existentzia materiala bermatua izatea litzateke. Jaiotze hutsagatik diru kopuru bat jasoko zenuke bizitza duin bat izateko aukera bermatuko lizukeena.

 

DSBE bezalako gutxieneko errentak ez dira eraginkorrak ala?

Hainbat ondorio ezkor dituzte horrelako programek, ez soilik EAEn DSBEarekin, mundu mailan gauza bera ikus genezake. Nagusia litzateke euren helburuak ez dituztela bete, ez dira pobreziarekin amaitzeko gai. Hiru arazo nagusi nabarmenduko nituzke. Alde batetik, estaldura erroreak dituzte; gutxieneko errentak ez dira iristen beharra duen populazioaren zati guztira. Europan pobreak diren %20 eta %60 artean ez dira programotan sartzen, EAEn beharra lukeen %30 ez da Diru Sarrera Bermatzeko Errentaren baldintzetan sartzen; beharra duten asko sistematik kanpo uzten dituzu. Bestetik, estigmatizazioa. Zuk errenta minimo bat kobratzen baduzu administrazioei erakutsi behar diezu kontrol askoren bidez hori jasotzeko beharra daukazula edo eskubide horretarako beharra duzula eta baldintzak betetzen dituzula. Horrek estigmatizazioa sortzen du, Administraziora joan behar duzulako esanez, «pobrea naiz, laguntza behar dut». Azkenik, ekonomian «pobreziaren tranpa» deitzen duguna legoke; errenta minimo hauek ez dira bateragarriak lanaren errenta bat jasotzearekin, batzuetan pertsonok balantza batean jarri behar izaten dugu lan bat eskaintzen digutenean lan hori hartu edo ez, lana hartzen badugu Administrazioak oinarrizko errenta guztiz edo zati batean kenduko digulako. Batzuetan interesgarriagoa egingo zaigu beltzean lan egitea. Zergatik? Unean ditugun beharrizanek (jatea, berogailua.. ) pisu askoz ere handiagoa dutelako etorkizunean izan ditzakegun kalteek baino.

 

Oinarrizko errentarekin arazo hauek ez lirateke sortuko?

Ez luke estaldura arazorik izango, denok jasoko genukeelako. Ez lituzke pertsonak estigmatizatuko; osasun publikoa edo hezkuntza bezala litzateke, oinarrizko errenta gizakiaren eskubidea litzateke. Pobreziaren tranpan ere ez ginateke jausiko; oinarri bat, lurzoru bat litzateke, bestelako errentak jaso ahalko genituzke eta inork ez liguke kenduko oinarrizkoa. Enpleguaren ikuspegitik jendea aktibatzeko pizgarria izango litzateke.

 

Ados, baina bideragarria da planteamendu hori?

EAEn oinarrizko errenta bat finantzatzea guztiz posiblea da, aurkeztu berri dudan tesian jaso dut finantzatzeko modua: aberatsena den gizartearen %20k zerga gehiago ordaindu beharko lituzke eta gizartearen %80k bere egoeran hobekuntza nabarmena ikusiko luke. Errentaren birbanaketa bat litzateke.

 

Zenbakitan jar dezakegu esandako hori?

Kostu guztia barne produktu gordinaren %4,8 inguru litzateke eta horretarako birbanaketa bat egingo genuke, aberatsena den %20k diru gehiago ordainduko luke, barne produktu gordinaren %4 pasatxo. Oinarrizko errentaren neurria EAEn pobreziaren atalasean ipini dugu, 12.577 euro/urtean (2018ko datuak eskuan).

Bideragarria da zenbakiei begiratzen badiogu, baina egia da, eta kontuan hartu behar dugu, errekurtsoen birbanaketa oso handia dela eta egun ezagutzen dugunarekin alderatuta aldaketa handia dela. Ondorioz, eman beharko litzateke aldaketa bai mentala, bai kulturala, eta baita soziala eta ekonomikoa ere.

Guk lan honekin zer nahi genuen? Erakutsi hau bideragarria badela, askotan esan baita ez dela bideragarria eta ez dagoela dirurik. Dirua badagoela demostratu dugu gure erkidegoan (EAE), hala erakutsi da Espainian ere, Katalunian eta Europako beste herri gehienetan. Gainera, eta garrantzitsua da nire ustez, emaitzak nahiko antzekoak dira. Normalean gizartearen %20 inguru galtzen ateratzen da eta gizartearen %80k bere egoera hobetzen du.

Zer behar da? Borondate politikoa. Gizakion aldaketa mental bat ere, agian, beharko litzateke. Gaur egun gure eskubide asko enplegu bat izatetik datoz, enplegua eta biziraupena lotzen dituen ekuazio hori goitik behera apurtu beharko genuke.

 

Bada nora begiratu eredu gisa?

Egia da oraindik ez daukagula herri bat erreforma fiskal batekin oinarrizko errenta jarri duenik praktikan. Iranek jarri zuen 2011tik 2016ra, baina datuak ez dira oso fidagarriak. AEBetako estatu bat bada, Alaska, 1981etik oinarrizko errentaren antzeko zerbait baduena; ez da erreforma fiskal baten bidez finantzatzen, baina egia da ere Alaska AEBetako ezberdintasun handienetakoa zuen estatua izatetik berdintasun handiena duen estatua izatera pasa dela.

Adibide eta ariketa asko izan dira. 1969an, adibidez, AEBetako Kongresuan aurrera egin zuen oinarrizko errentaren legeak. Nixonen administrazio garaian Kongresuak oinarrizko errentaren alde egin zuen. Zer pasa zen? Senatuak atzera bota zuela. Baina adierazgarria da ez estatu komunistetan edo hirugarren munduko estatuetan, AEBetan ere aurrera egin zuela kontu honek Kongresuan. Gaur egun zer dugu? Proiektu pilotu eta esperimentu asko.

Orain dela bost urte erreferenduma egin zuten Suitzan, hortik aurrera Finlandia aipa genezake, baina baita Herbehereak ere, Eskozia, Frantzia, India, AEBak, Kenya, Namibia edo Bartzelona, non proiektu pilotua egin baitzen eta Generalitateak oinarrizko errentaren plan pilotu bat jarri nahi duen abian. Esperientzia hauek ebidentzia oso egokiak ematen dizkigute eztabaidan aurrera egiteko.

 

Liburuan diozu 500 urte goazela honetaz hizketan baina inoiz ez dela azken bost urteetan bezainbeste hitz egin. Zergatik?

Hiru arrazoi nagusi daude nire ustez. Lehena, errenta minimoen programek porrot egin dutela, eta ez diot nik, Europako Batzordeak dio, ez dituzte euren helburuak bete. Bigarrenik, proiektu pilotu asko egiten ari dira munduan zehar, 30 baino gehiago daude une honetan eta emaitza oso interesgarriak ematen ari dira. Adierazten dute errenta jaso arren jendeak ez duela enpleguaren bilaketa lagatzen, pertsonen ongizate ekonomikoa hobetu egiten dela, pertsonen osasun mentala asko hobetzen dela, logikoa denez, eta ospitaleratzeak ere jaitsi egiten direla... eta bereziki pertsonen gaitasun kognitiboak hobetu egiten direla. Azkenik, errenta minimoek ez diote etorkizunari erantzunik ematen, oinarrizko errenta askoz ere hobeto kokatzen da etorkizuneko erronkei erantzuteko. Adibidez, zer gertatzen da lan merkatuaren eboluzioarekin? Zer digitalizazioarekin? Robotizazioarekin? Epe ertain edo txiki batera enpleguen suntsiketa neto bat ematean? Errealitate honi ez dio erantzuten gutxieneko errentak, zuk gutxieneko errenta jasotzen baduzu prozesu bat jarraitzen duzu Administrazioarekin eta helburua da lan merkatura sartzea. Giza kapitalaren eraketa litzateke gutxieneko errentaren helburuetako bat eta horrek ez du zentzurik gero eta enplegu gutxiago egongo den etorkizun batean.

Oinarrizko errenta, aldiz, oso erreminta potentea litzateke enplegua eta biziraupena lotzen dituen ekuazio hori suntsitzeko, baina baita enplegu gero eta gutxiago izango denez honekin ez dadin gertatu aberastasunarekin gertatzen dena: esku gutxitan geratzea. Enplegua banatzeko modua litzateke. Gure bizi baldintzak bermatzea ez bada %100 enpleguarekin lotzen, horrek aukera asko irekitzen ditu. 

 

Lanaren edo kasu honetan enpleguaren krisiak paradigma berri baten aurrean jartzen gaitu...

Bai, eta uste dut belaunaldi berriek oso garbi dutela. Gaur egun enpleguak ez digu bermatzen bizi kalitate on bat. Espainiako Estatuan langileen %13 pobreak dira. Kapitalismoaren bermea zen gero eta gehiago eskaintzen zuela: enplegu gehiago, soldata hobeak... Baina hori ia ez da gertatzen, paradigma hori pasatu dugu eta beste errealitate batean gaude, errealitate horri ezin diogu horrela erantzun.

Kapitalismoarentzat lana eta enplegua gauza bera dira, kapitalismoak ez ditu barne produktu gordinean eragiten ez duten lanak kontuan hartzen. Oinarrizko errentak ahalbidetuko liguke azaltzea lana enplegua baino askoz ere gehiago dela; etxeko lanak, zaintza lanak, lan boluntarioa... Lan horiek gaur egun emakumeen sorbaldetan jausten dira gehienbat, hor daukagu lanaren bereizketa sexual bat kapitalismoak mantentzen duena. Emakumea lan merkatura sartu zenean jardunaldi bikoitza egiten hasi zen, bat merkatuan eta bestea etxean.

Oinarrizko errentak bermatzen du, gutxienez, enplegua ez den lan horri ere balio bat ematea. Gaur egungo kapitalismoak hori ez du kontuan hartzen. Baina lana enplegua baino gehiago da eta gaur egungo sistema sozioekonomikoak ere bere biziraupenerako beharrezkoa du ordaindua ez den lan hori hor egotea.

 

¿12.577 euros anuales solo por nacer y sin condiciones? 

La renta básica incondicional se abre paso en el debate público. En 2022 llegará al Parlamento de Gasteiz una Iniciativa Legislativa Ciudadana con este fin y, de manera total o parcial, son cada vez más las voces que la defienden ante el aumento de la desigualdad y los límites que muestran prestaciones como la Renta de Garantía de Ingresos (RGI).

Julen Bollain, doctor en Estudios para el Desarrollo, explica en la entrevista concedida a NAIZ Irratia que las rentas mínimas como la RGI «han fracasado» porque no han servido para hacer desaparecer la pobreza. Además, hace hincapié en que «muestran faltas de cobertura», puesto que en la CAV un 30% de potenciales perceptores queda fuera; generan una estigmatización importante en quienes la reciben; y dificultan, en ocasiones, el acceso al mundo laboral. Pero, sobre todo, destaca que «no responden a los retos del futuro»; la evolución del mercado laboral, la robotización y la digitalización auguran una disminución neta del empleo, por lo que cree necesario «romper esa ecuación vigente que une al 100% la subsistencia con el empleo». 

En la tesis recién defendida, Bollain ha simulado su implantación en la CAV y «el estudio demuestra que es viable». Una renta incondicional y universal de 12.577 euros anuales supondría un 4,8% del PIB de la CAV, «un 20% debería pagar más y el 80% de la ciudadanía vería su situación mejorada de manera considerable».

No obvia que esto «necesita de un cambio mental, social y económico relevante», aunque él considera que lo determinante será «la voluntad política». I. T.