Amaia U. LASAGABASTER
LA ROSALEDA

Osagarri guztiak bildu zituen Amorebietak ezusteko poza ospatzeko

MALAGA 1

AMOREBIETA 2


Partida borobila eginez eman zion erantzuna Amorebietak erronka zailenari eta, behingoz, merezitako saria jaso zuen. Etxetik kanpo lortu duen lehen garaipena 2. mailako zelairik zailenean heldu zen. Izan ere, Malagak La Rosaledan galdu duen lehen partida izan da.

Osagarri asko bildu behar izan ziren. Defentsiboki lan ezin hobea egin zuten urdinek, minutu askotan zehar Malagaren eraso jokoak aukera garbiak bilakatzea saihestuz. Eta etxekoak etsi-etsian saiatu zirenean, denbora agortzen zitzaiela ikusita, sufritzen jakin zuen talde zornotzarrak, urduritasuna larregi nabarmendu barik, behintzat Malagaren gola heldu arte. Aurkako ateari begira ere, sendo aritu ziren. Guruk eta Obik, zelai erdiko taldekideen laguntzarekin aurkariaren joko hasiera oztopatzearekin konformatu ez eta azkarrak izan ziren hutsuneak bilatu eta sortu, eta arean arriskua sortzeko ere. Behingoz, epaileak ere lagundu zuen, erabaki zailak hartuz.

Guruk sartu zituen gol biak, ederki definituz. 68. minutuan epaileak Malagaren gola baliogabetu zuen eta etxekoek, amorratuta, beste aurrerapauso bat eman zuten. Zorionez, haien gola ez zen heldu luzapenera arte eta denbora barik geratu ziren urdinen poza samintzeko.