Xole ARAMENDI
DURANGO
56. DURANGOKO AZOKA

Irudiak erretinan gordeta, bizipenak memorian iltzatuta

Azokak ateak itxi ditu. Bost egunen ondoren amaitu dira ur putzuz jositako errepideetan –bada bisitariak «heroitzat» hartu dituen editorerik– Euskal Herriko hainbat txokotatik Durangora egindako joan-etorriak.

Bukatu dira euripean eta haizepean –aurtengo paisaia bustia– kulturzaleek, kuadrillek, familiek, haur zein helduek, egindako ilara luzeak.

Hustu dira salmahaien arteko korridore luzeak eta agur esan diegu bertan aspaldiko lagunekin egindako hitz-aspertuei, mirespena diegun sortzaileei luzatutako begirada lapurtuei. Pertsiana bota du kulturaren merkatuak, urteko uztaren saltoki nagusiak. Hustu da plaza, hausnarketa gunea.

Itxi ditu ateak berriz ere, zoritxarrez, Plateruenak. Berriz noiz ireki zain geratu dira, umezurtz, musikazaleak.

Babesa

Landako Gunean hartu du babes, beste behin, euskal kulturgintzak. Hotz egiten du kanpoan, zentzu guztietan. Oasia desertuan. Espejismoa. Nahiz eta osasun egoerak behartutako neurri zorrotzen pean egin izanak izugarri baldintzatu, aldatu, duen Azokaren izaera soziala eta bere dimentsioa aurreko urteetakoekin alderatuz. Sortzaileek irakurle eta entzuleengandik jasotako besarkada epelagoa izan da aurten.

56. edizio honek –badira urteak, erraz esaten da– abenduko zubi luzeko egutegian planak aurrez egitea eskatu du. Eta behin Azoka barruan egonda ere plangintza eskatu du erlojupeko bisita egiteko salmahaietan barrena –«kulturgintza kronometropean» zioen beste editore batek–.

Kulturgintzak garai petralak bizi arren erretinan geratuko zaizkigu ikusitako irudiak, memorian iltzatuta bizipen sorta.