Ibai AZPARREN
IRUÑEA
Elkarrizketa
ANE LARRINAGA
EHUKO IRAKASLE AGREGATUA, PARTE HARTUZ IKERKETA TALDEKO KIDEA

«Globalizazio neoliberalak irentsi egin du unibertsitatearen jarduera»

Hego Euskal Herriko unibertsitateen eta ikerkuntzaren azterketa egin du Ane Larrinaga irakasleak, ikerlari eta irakasle talde batek plazaratutako «Hego Euskal Herriko eliteak. Boterearen azterketa» liburuaren atal batean.

Ipar Hegoa eta Manu Robles Arangiz fundazioen eskutik, eliteen eta unibertsitateen arteko harremana aztertu dute EHUko irakasle, doktore eta katedradunek “Hego Euskal Herriko eliteak” liburuan. GARAk elkarrizketa sorta prestatu du horietako batzuekin, eta NAIZen argitaratuko dira hurrengo bi asteetan. Ane Larrinaga izan da lehena. Soziologian eta Zientzia Politikoetan doktorea den EHUko irakasleak etxe barrura begiratu du eta, hala, elite akademikoaren egoera aztertzeaz arduratu da.

Elite akademikoen instituzio nagusia unibertsitatea dela diozu zure atalean. Zer ulertzen da «elite» kontzeptuarekin unibertsitatearen eta ikerketaren eremuan?

Boterearen banaketa asimetrikoa da, eta eliteak izaten dira botere baliabide asko metatzen dituzten taldeak. Baliabide horiek ez dira derrigorrez izaten baliabide ekonomikoak, izan daitezke politikoak edo kulturalak. Elite akademikoak azken multzo horretan sartuko lirateke. Gizartean posizio nagusi bat dute, ahots autorizatu gisa hitz egiteko baimena ematen diena. Bestalde, gainerako eliteak inbestitzeko, abala emateko, instituzio batean daude. Beharbada ez dira beste elite batzuk bezain garrantzitsuak, baina badute bere kokapen garrantzitsu hori ere.

Aipatzen duzunez, azken mende erdian egiturazko bi eraldaketa bizi izan ditu Mendebaldeko unibertsitateak. Lehena, goi mailako hezkuntzaren demokratizazioa.

Garaian garaiko testuinguruak baldintzatzen du unibertsitateen zeregina. Unibertsitate publikoak berdintasun eta kohesio eragile izan dira azken 30-40 urteotan. Zergatik? Pribatuak ez bezala, masa unibertsitate gisa sortu zirelako, gizarte populazioaren maila guztiei irekita, bokazio jeneralistarekin. Euskara ere integratu zuten, muga handiekin. Horrek oinarri batzuk jarri ditu berrikuntza sozialerako eta garapenerako. Halaber, pentsamendu kritikoa zabaltzeko aukerak eman dira, komunitate zientifikoa handitzeko aukerak, eta kapital sozial handiko gizartea sortzeko tresna izan dira.

Baina globalizazio ekonomikoa iritsi zen.

Berdintasunaren edo kohesio sozialaren aldeko funtzio horiez gain, beste balio batzuk ere txertatu dira unibertsitateen funtzionamenduan. Orain, unibertsitatea nazioartekotze eta desinstituzionalizatze prozesu batean dago murgilduta. Desinstituzionalizatzea zer da? Azkenengo hamarkadetan, aro modernotik jaso ditugun instituzioek, hau da, familiak edo instituzio politiko edo erlijiosoek, lehenengo funtzioa eta zentzua galdu dituzte, eta trantsizio une batean gaude orain. Unibertsitateak ezin ditu bete lehen esleituta zeuzkan funtzio asko, eta, aldiz, behartuta dago beste funtzio berri batzuk bere gain hartzera. Gainera, orain arte unibertsitateak ia era kuasimonopolistikoan zeuzkan funtzio batzuk, ikerkuntza adibidez, esternalizatu egin dira. Unibertsitatetik kanpo sortzen da ezaguntza zientifikoa, eta horrek esan nahi du aldaketa une batean gaudela.

Eta zer funtzio sozial betetzen dute unibertsitate publikoek gaur egun?

Ez dago argi. Lehengo balioak ahultzen joan dira, gizartearekiko zeuzkan betekizunak ahulduz joan dira, eta, aldiz, gero eta gehiago sartu da logika ekonomikoa. Globalizazio neoliberalak irentsi egin du unibertsitatearen funtzionamendua, eta irentsi egin du ikerkuntza lana ere. Ez hori bakarrik, kutsatu egin du ezagutza zientifikoaren produkzioa. Sartu gara sistema transnazional batean non unibertsitate bakoitzak bere kokapena aurkitu behar duen. Esparru pribatuaren logika sartu da indarrez unibertsitatean. Irakasle eta ikertzaileek ere hori jasaten dute, ez dago batere argi zein den ikertzaile eta irakasleen rola, eta logika gerentzialarekin kudeatzen da unibertsitatea. Produktibitatearen irizpidean sartu da irakasleen lana, etengabe neurtzen eta ebaluatzen dira beraien emaitzak… Gainera, irakaskuntzaren debaluazio bat gertatu denez, eta ikerkuntza saritzen denez, ikerkuntzara bideratu da indar gehiena. Hori bai, ikerkuntzan ere ildo jakin batzuk saritzen dira bereziki.

Hego Euskal Herriko administrazioek nola erantzun diote egoera horri?

Egia esateko, gaur egun, batez ere politika zientifikoaren ildo estrategikoak ez dira erabakitzen ez maila autonomikoan ez estatu mailan, beste maila batzuetatik datoz, gure kasuan Europatik. Hortik behera dauden gobernuek ildo horiek ezartzen dituzte beraien esparruetan. Nola bideratzen da hori? Diru funtsak ildo horien arabera banantzen dira. Funtsen arabera ildo batzuk saritzen dira eta beste batzuk baztertzen dira. Gauza bera gertatzen da diziplina arloekin, batzuk lehenesten dira beste batzuen gainetik, teknologiarekin edo zientzia esperimentalarekin lotutakoak, adibidez. Zergatik? Zuzenean merkatuen beharrei erantzun ahal dieten diziplinak direlako. Aldiz, zientzia sozialak edo humanitateak, esaterako, ertzetan geratu dira.

Nola eragin dio horrek guztiak euskararen egoerari?

Nazioartekotzeak hierarkiak ezarri ditu esparru guztietan, baita linguistikoan ere, eta ez bakarrik ikerketaren munduan, baita komunikazio zientifikoaren munduan ere. Hau da, komunikazio hori ingelesez egiten da. Ikerketa taldeak jatorri ezberdineko jendez osatuta daude, eta nahiz eta kide euskaldun batzuk egon tartean, eguneroko funtzionamendua euskaraz egitea zaila da. Publikazio zientifikoen munduan, enpresa transnazional batzuen monopolioa existitzen da. Enpresa transnazional horiek kokatzen dira mundu anglo-saxoian. Eta zer saritzen da ikertzaileen artean? Bada, inpaktu handiko aldizkarietan argitaratzea, hain zuzen ere. Eta horiek ingelesez dira.

Bikaintasun zentroak aipatzen dituzu liburuan. Nola definituko zenituzke? Zer dinamika ematen dira zentro horietan?

Unibertsitateetan deskapitalizazio bat gertatzen ari da, batez ere publikoetan. Giza baliabide asko esternalizatzen ari dira, erabaki politikoen bitartez. Hor badago estrategia politiko bat. Ikerkuntza zentro horiek sortu dira unibertsitateko jendearekin, baina aldi berean unibertsitatetik kanpo eta modu autonomoan funtzionatzen dute. Ez dute izaera publiko argia, korporazio edo fundazio gisa antolatuta daude juridikoki eta aparteko aurrekontuak dauzkate. Gainera, ez dituzte jasan unibertsitate publikoak jasan dituen murrizketa politikak. Zentro horietan nazioarteko ikerlari handiak erakartzeko ahaleginak egiten dira; punta-puntako ikerkuntza kokatu nahi dute bertan.

Eta eliteek ere presentzia handia dute zentro horietan.

Unibertsitatean zentratzen dira elite akademikoak, eta zentro horietan bikaintasuneko eliteak kokatzen dira, beste maila bateko ikerketa egiteko bideratuta daudelako zentro horiek. Horregatik diot elitea ez dela talde homogeneo bat. Unibertsitatean aritzen direnek, alde batetik, irakaskuntzan funtzio bat bete behar dute, irakasleak dira. Bestalde, ikerkuntzan jardun behar dute. Bikaintasuneko zentro horietan ez dute zama hori, ikerkuntzara dedikatutako pertsonak biltzen dira hor, politika zientifiko globalekin lerrokatutako eliteak dira, nazioartekotzera bideratutako eliteak, eta ikertzaile horiek sare transnazionaletan funtzionatzen dute. Politikoki markatutako ildo estrategikoak lantzen dituzte ikerkuntzaren arloan.