Dabid LAZKANOITURBURU

Independentista kanakik gabeko independentzia galdeketa gaur

Pandemia dela eta, hirugarren independentzia erreferenduma atzeratzea exijitu zuten kanakek Kaledonia Berrian. Txinara zeharka berrira dagoen Parisek gaurko data mantentzea erabaki du, baina badaki Pazifikoko artxipelagoan tentsioa ez dela baretuko. Hori dela eta, denak, calcoche unionistak tartean, biharamunera begira daude jada.

Estatu frantsesak independentzia erreferenduma deitu du gaur Kaledonia Berrian, baina independentistek parte hartzeari uko egin diote, pandemia dela eta hitzordua atzeratzea eskatu ondoren. Zeharka Pekinera begira den Parisek ez zuen eskaera onartu. Horrela bada, 1998an sinatutako Noumeako Akordioei jarraituz, hirugarren galdeketa inposatu du metropolitik 17.000 kilometrora den Pazifikoko artxipelagoan.

Deskolonizaziorako 2018ko eta 2020ko erreferendumetan ezetza gailendu zen, baina 10.000 botoren aldearekin baino ez (%53,26). Boza emateko eskubidea soilik kanakek, bertako jatorrizko herritarrak, eta calcocheek dute (jatorriz frantsesak baina bertan zenbait belaunaldi daramatenak). Guztira 185.004 lagun dira. Artxipelagoan berez 271.000 pertsona bizi dira, baina hauteskunde errolda murriztu egin zen, iritsi berri diren etorkinen eragina saihesteko.

Parisen 1988an sinatu ziren Matignoneko Akordioek bi komunitateen arteko elkarrizketari bidea ireki zioten, urteetako liskarrei amaiera emanez eta tentsioa baretuz. Hamar urte geroago, metropoliak autonomia estatusa eskaini zion Kaledonia Berriari, deskolonizazio prozesuaren barruan erreferendumak iragarriz.

Estatu frantsesak segurtasuna eta justizia arloak bere esku mantentzen ditu, nazioarteko harremanak ahaztu gabe.

Independentziaren aldekoak gero eta gehiago dira Kanakyn eta jada gobernu autonomikoan agintzen dute, baita hiru probintzietatik bitan eta 33 udalerrietatik hemezortzitan. Kongresuan ere gehiengoa dute.

Hirugarren erreferenduma ahalik eta lasterren egitea exijitu zuten independentistek hitzordua atzeratzea eskatu dute azken hilabeteotan. Irailera arte covid kasu bat bera ere izan gabe zen Kaledonia Berria, baina azken hilabeteotan gogor jo du pandemiak, eta 280 hildako eragin ditu, gehienak kanakak.

Ez bozkatzeko FLNKSen deia

FLNKS Askatasun Nazionalerako Fronte Sozialista Kanakak ez bozkatzeko deia egin die jarraitzaileei. Kanaken antzinako boterea irudikatzen duen “Senatu Tradizionalak” dolu eguna egiteko deia egin die kanakei eta herritar progresistei. Hala ere, ganberaren presidenteak, Yvon Konak, lasaitasunerako deia egin du eta, onartuz duenez, «edonor da aske bozkatzeko».

Metropoliak 2.000 polizia eta soldadu atera ditu kalera ustezko liskarren aitzakiarekin, aurreko erreferendumetan baino bi aldiz gehiago. Hori guztia gutxi ez eta aurrealerta egoeran ere bada uneotan artxipelagoa, gerturatzen ari den depresio-tropikal bat tarteko.

Unionistak ziur dira ezetzak irabaziko duela. Hori bai, beldur dira parte hartzeak behea joko duela aurreikusita (%80ra eta %85era iritsi zen aurreko bi galdeketetan).

Biharamunari begira

Horrela bada, abenduaren 13ra begira daude guztiak dagoeneko. Sebastien Lecornu Frantziaren Itsasoz Haraindiko ministroa dagoeneko Noumean da elkarrizketei ekiteko, baina FLNKS eta gainontzeko indar abertzaleek 2022ko apirileko presidentetzarako hauteskunde frantsesen aurretik berarekin biltzeko asmorik ez dutela ohartarazi dute.

Ekainean, bi aldeek hirugarren erreferendumaren ostean elkarrizketa prozesu bat zabaltzea adostu zuten, 2023ko ekainaren aurretik «proiektuen erreferenduma» bultzatzeko. Baietzak irabaziko balu, estatu berriaren eraketari buruzkoa; ezezkoak irabaziz gero, Errepublikaren barnean izan beharreko estatus berriari buruzkoa.

Hori bai, Parisek badaki gaur emaitza edozein dela ere tentsioak jarraituko duela. Ezetzak irabazten badu ere, gainera, NBEk ez du Kaledonia Berria deskolonizaziorako lurraldeen zerrendatik ateratzeko asmorik. Horrek independentziarako ateak zabalik mantentzen ditu.