Andoni ARABAOLAZA
HIMALAIA

Tengkangpoche, polemikak ez du arrakasta ilundu

Urriaren 24tik 30era, Matt Glenn eta Tom Livingstone britainiarrek seimilakoaren ipar-ekialdeko zutoin ikusgarriaren lehen igoera sinatu zuten. Aurreko ekinaldian parte hartu zutenek, bi alpinistok salatu dituzte beraiek mendian gordetako tresneria erabiltzeagatik.

Tengkangpocheko (6.487 m, Nepal) iparraldeko isuria arras erakargarria da alpinismo teknikoaren ikuspuntutik. Azken bi hamarraldiotan, nazioarteko lehen lerroko makina bat espezialista saiatu dira seimilako zail hori igotzen: Ueli Steck, Nick Bullock, Will Gadd... Eta ekinaldi horietatik guztietatik “saria” eraman zutenak Steck eta Simon Anthamatten izan ziren. Hots, murru ikusgarria eskalatzen lehenak izan ziren.

Baina pareta laiotz horrek badu alpinista askoren begiradak berenganatu dituen zutoin eder zein zail bat ere: ipar-ekialdekoa. Proposamen horrek, jakina, saio ugari izan ditu azken urteotan, eta korapiloa askatzetik “hurbilen” ibili direnak Quentin Roberts kanadarra eta Jesse Huey estatubatuarra izan dira. Iazko udaberrian, sokada hori ia 6.000 metrora igo zen. Beraz, 500 metro zintzilik geratu zitzaizkien.

Xede handi hori bukatzeko aukera izan dutenak, berriz, Matt Glenn eta Tom Livingston britainiarrak izan dira. Zutoina gaindu ahal izateko, zazpi egun behar izan zituzten; urriaren 24tik 30era lortu zuten. Igo gabe zegoen bideari “Massive Attack” deitu diote, eta, zailtasun teknikoei dagokienez, protagonistok adierazi dute azken ekinaldia egin zutenen proposamena ontzat hartzen dutela. Hots: 6c, M7 eta A3.

Livingstonek azaldu du urri hasieran heldu zirela Nepalera: «Eguraldiak ongietorri bikaina egin zigun. Denbora galdu gabe, girora egokitzeari ekin genion. Glennentzat lehen aldia zen Himalaian. Tenperaturak aztertu ondoren, ohartu ginen oso baldintza onak genituela eskalada librean jarduteko; izan ere, izotz puntua 5.500 metrora zegoen».

Girora egokitu ondoren, Tengkangpocheko ipar-ekialdeko zutoinari ekin zioten. Lehen ekinaldi horretan, gainera, ezbehar bat ere izan zuten: «Egonkor zegon eguraldia, eta, bi egunez eskalatzen aritu eta gero, 5.700 metrora iritsi ginen. Baina, zoritxarrez, eskaladaren une batean berun bat atera eta erorikoa izan nuen. Hatz txikian min hartu nuen».

Sokak finkatu eta erlaitz batean atondu zuten bibakera jaitsi ziren. Aipatutako hatz hori artatu ondoren, soka finkoetatik igo eta azken puntura igo ziren. Livingstone ez zen guztiz osatu, eta bazirudien Glennek igoeraren ardura osoa hartu behar zuela. Baina ez zen hori gertatu: «Mattek adierazi zidan goialdeak zinez beldurgarria zirudiela. Bagenekien erronkaren zailtasunak ez zuela atsedenerako aukerarik emango, eta horregatik sekzio askotan sokaburu jardun nuen».

Aipatutako erlaitzean gaua igaro zuten, eta biharamunean rappelatzea erabaki zuten. Beraz, lehen ekinaldia bertan behera utzi zuten. Haranean atseden hartzen astebete egin zuten. Eguraldiaren iragarpenek zioten hotz egingo zuela eta haizeteak izango zirela: «-13 graduko tenperaturak izan genituen. Lehen saiotik Matt etsita jaitsi zen. Baina, bat-batean, esan zidan prest zela bigarren bati ekiteko. Alderdi guztiak aztertu ondoren, biak ala biak prest geunden ipar-ekialdeko zutoinari berriz ere ekiteko».

Bizkar zorroak antolatzen ari zirela, protagoniston artean eztabaida piztu zen: «Bibaka egin genuen erlaitzean Roberts eta Hueyk utzitako tresneria zegoen; antza, hurrengo ekinaldi batean erabili ahal izateko. Nahiz eta beharrezko tresneria egokia eraman genuen, besteek utzitakoaren zati bat hartu genuen: jumar pare bat, gasa, janaria... Era horretan, gure motxilak arinduko genituen. Erabaki hori hartu ondoren, igoerarekin hasi ginen. Mistoko tarteak, era askean hainbat luze, artifizialean ere tarte batzuk... Beraz, bigarren saioan ez ginen soka finkoetatik igo. Izaera horretako eskaladetan ez zait batere gustatzen jumarrak eramatea».

Polemika

Eguraldiak asko hoztu zuenez, bi alpinistok arazoak izan zituzten era askean baldintza egokietan eskalatzeko: «Artifizialeko sekzio batzuetan Matt sokaburu joan zen. Makina bat tresneria txiki jarri zuen, baina ez zitzaion oso zaila iruditu. Txarrena hotzak eragindako egoera gordina izan zen. Arroka zati batzuk erabat izoztuta zeuden, eta horrek geure erritmoa mantsotzera behartu gintuen. Gainera, onartu behar dut Matt eta biok eskalada estilo horretan ez garela oso onak».

“Massive Attack” bideak bi zati ezberdin ditu. Lehen erdiak kalitatezko mistoa du; beste erdiak, ordea, artifizial mantso eta nahasia: «Adibidez, laugarren eskalada egunean, gure bigarren bibaketik aurrera, izotzezko aldats tenteak eta mistoko sekzio oso atseginak eskalatu genituen. Asko gozatu genuen. Une jakin batean, zabalean soilik 20 zentimetro zituen korridoretik jarraitu genuen. Bederen, eskalada artifiziala atzean utzi genuen. Hortik aurrera Robertsek eman zidan informazioa erabili genuen. Bost egun eskalatzen jardun eta gero, zutoina gainditu genuen. Baina oraindik gailurrera eramango gintuen ertza gainditzea falta zitzaigun. Elurrezko ertz hori oso arriskutsua zen. Matt aurretik joan zen, eta lan oso ona egin zuen. Onartu behar dut une larriak ere bizi izan genituela; izan ere, elurraren kalitatea txarra baino txarragoa zen, eta geure buruak babesteko ez zegoen leku egokirik. Bibaka egin, eta biharamunean tontorra zapaldu genuen».

Tengkangpocheko ipar-ekialdeko zutoina, lehen lerroko alpinista askok amestutako xede handia, erabat askatzea lortu zuten. Aitzitik, neurri batean, jarduera hori ez da guztiz “garbia” izan. Aipatu dugun bezala, arrakasta lortu dutenek aurreko ekinaldikoen tresneria erabili zutelako. Gai horren inguruan behin eta berriz etika aipatu da; hain zuzen ere, non eta araututa ez dagoen kirol batean.

Joan den azaroaren 3an, zalaparta lehertu zen. “Lapurreta” hori ezagutu bezain laster, Roberts eta Hueyk Livingston eta Glennen kontrako hitz gogorrak egin zituzten. Besteak beste, materiala hartu izana isilean mantentzea leporatu diete, eta ez daudela konforme erabilitako tresneria «pirateatzeagatik».

Livingstone ez da mutu geratu, eta bere web orrian honako hau adierazi du: «Bagenekien bi alpinista horiek beste ekinaldi bat egiteko asmoa zutela. Noiz? Bada, ez dakigu. Robertsek berak adierazi zidan bibak batean janari poltsa bat utzi zutela, baina iraungita zegoela. Horrez gain, baieztatu behar dut poltsa hori ez zegoela paretaren goialdean, baizik eta leku eskuragarri batean. Bi alpinistok erresumin handia erakutsi dute. Niri ere gertatu zait esku artean nuen proiektu batean beste eskalatzaile batzuk aurreratzea. Baina ez dut salaketarik egin. Gainera, Roberts eta Hueyk hedabideak erabili dituzte gu gogor kritikatzeko. ‘Etika’ hitza asko aipatzen da; ez, ordea, Himalaian alpinista askok utzitako tresneriarekin pilatzen den zaborra. Eta hori egiten duten makina bat kide ezagutzen ditut. Ekinaldi bat egin eta esaten dute itzuliko direla, baina, azkenean, ez dute hitza betetzen. Mundu zabalean oso ohikoa da beste batzuen tresneria kendu edo erabiltzea, eta ez da ezer gertatzen. Nire iritzi apalean, alpinistok mendiak ahalik eta garbien utzi behar ditugu; hots, aztarnarik gabe».