Jose Ignazio Ansorena
KOLABORAZIOA

Normaltasuna, San Tomas eguna eta baratxuri zopa

Normaltasuna amets gabiltza, maiz hitza izenondoz lagunduta: normaltasun berria, zaharra, egokitua... Gloria Fuertes poeta profetak aspaldi definitu zuen: «Normaltasuna/ zorotasun era kontrolatua da./ Adi zintzoari,/ ausart/ ikaragarria baita./ (Nik miretsi egiten dut)».

Ezkutuan dauden milioika arau dira normaltasunaren osagarriak. Ez dakigu noiz edo non sortu diren, baina aginpide handia dute. Inguru, jendarte, txoko, familia bakoitzean hari ikusezinez era desberdinetan trabatzen dira eta, sarean konturatu gabe harrapatuta, bizitzan aurrera, edo atzera, garamatza normaltasunak. Denean ukitzen eta baldintzatzen gaitu: jateko, lo egiteko, sexua izateko, erlijioan, begiratzeko eratan, egunaren antolaketan, olgetan eta aisialdian, lanean eta abar luze-luzean. Ustez kontrolatua dugun normaltasun horrek berak kontrolatzen gaitu ordea.

Normala da egun hedabideetan azaltzea gure planeta betirako hondatzeko lanetan oso aurreratuta gaudela eta jarraian saio berean hazi (ekonomiaz ari dira, noski) egin behar dugula aipatzea; edo irrikitan gaudela su artifizialak berriro Aste Nagusira (nagusia kutsakortasunean) ekartzeko; normala da, denborarik ez dugulako, etxetik kanpo prestatutako janari eskasak telefonoz eskatzea, baina dieta egiten saltoka ibiltzea urteetan; eta txerri-jan horiek irentsi bitartean, ikustea telebistan milaka eta milaka pertsona euren herrialdeetatik ihes egiten, hotzez akabatzen, ez arropa egokirik ez janaririk ez dutela, triparatzen ari garena kontrako eztarritik joan gabe.

Normala da Mediterraneoan itota hil diren gorpu zenbatezinen berri izatea gin-tonic bat dastatzearen plazer betean; normala da gaueko aisialdi eufemismoaz izendatzea desfase orokortua; normala da «enprendedore» deitzea lapur txiki kuadrilla handiari; normala da ez dakidan zein aldaretan sagaratu dugun norbanakoen libertatearen izenean, beste askorena birrintzea; normala zaharren zaintza soilik emakumezkoen eskuetan uztea; normala jende saldoak mozkortzea kirol talde batek partida irabazi duelako...

Ez da normala, aldiz, etxeetan baratxuri zopa prestatzea eta jatea; edo sagar erreak, konpota edo gaztainak, gure aitona-amonen gosea berdintzeko horren egoki izan zirenak. Baina ziur aski horretara itzuli beharko, honek ez duelako gehiagorako ematen. Joandako mendearen hasierako hogeigarren urte zoro haiek pasatu ziren historiara: pandemia, espainiar gripea, eta krisi ekonomikoa izan zituzten aurretik, hirietako jende dirudunak zoro gisan zebiltzan, olgatzea besterik ez buruan eta beste asko haiek imitatu nahiz. Ehun urte pasa da eta halako paralelismoa dugu. Berriro krisi ekonomikoa, berriro pandemia, berriro asko nola edo hala aberastu beharrez... berriro gerra? Agian, konturatu ez arren, gerra badago gure artean... normaldua. Bi galdera: normaltasun zahar hori egokia al zen? Eta berria nola nahi genuke izatea pandemiaren larritasuna gainditzen denean?

Gurean San Tomas eguna normal ospatuko ote zen oso kezkatuta ibili omen gara donostiarrok. Asko desiratzen azken urteetan zabaldu den San Tomas egun normal deitu arren zinez anormala zen hura berriro antola ez zedin.

San Tomasez ari garela, normala da ia egunero txorizo emeritoaren beste adarjotze bat agertzea. Eta denak pozik, haren ondorengoa gure antolamendu zibilaren erpinean mantentzen dugula. Nahikoa du. Francoren heriotzaren 50 urte betetzeko lau urte falta dira. «Hik bultza gogor hortikan, ta bultza nik hemendikan, ikusiko dek nola-nola laister eroriko dan».