Andoni ARABAOLAZA
JARDUERA

«Aitta»-ren aldarri ozenaentzun da Peña Santan

Arkaitz Yurritak, Unai Mendiak eta Eneko Cesarrek 500 metro luze den eta 8c (halabeharrez 7b+) zailtasuna duen marra sortu dute. Behetik eta era askean zabaldutako proposamen gogor hori zabaltzeko bi bidaia egin dituzte. Bidearen giltza kateatzea falta zaie.

Seme-alabak dituztenak pozez zoratzen dira txikiek lehen aldiz “aita” edo “ama” esaten dutenean. Ondoren, txilin-hotsa bihurtzen da, baina bihurri horiek gehiegi errepikatzen dutenean gurasoen buruak ia “eztanda” egiten du.

Bada, esperientzia hori berriki bizi izan du lerrootako protagonista batek: Eneko Cesarrek. Eta, hain zuzen ere, Arkaitz Yurrita eta Unai Mendiarekin Peña Santa de Castillan (Europako Mendiak) zabaldutako bideari “Aitta” izena jarri diote. Hots, txiki horien omenez.

Hirukote horri aitortu behar zaio sortu duen proposamen berria meritu handikoa dela. Datuek, behinik behin, hori islatzen dute: 8c (7b+ halabeharrez) eta 500 metro. Gainera, eskatzaileok hormatzarretan duten eskarmentua ezagututa, marra hori irekitzeko erabili duten estiloari azpimarra berezia egin behar diogu: behetik eta era askean. Jakina, ez dago goitik behera paraboltez josia, eta, gainera, friend sorta luze bat eraman behar da norberaren burua babestu ahal izateko. Paraboltak bere “tokian”, hots, oso aldenduta; eta, beraz, horrek guztiak bide berriari aurre egiteko konpromiso handia eskatzen du.

Bide batez, esan behar da Peña Santan eginiko jarduera horrek FEDMEren aitorpena jaso duela. Bai, “Aitta”-rengatik hormatzarretako eskaladen atalean saria jaso dute. Eta onartu behar dugu sari hori “motz” ere gera daitekeela; izan ere, azken urteotan gure ingurumarian zabaldu den izaera handiko proposamen gogor baten aurrean gaude.

Askotan esaten da izaera horretako jarduerak kanpoan etxean baino askoz ere gehiago aitortzen direla. “Aitta”-rekin ere antzera gertatu da. Ratikonen, Wendestocken, Eigerreko iparraldeko horman... sona handiko proposamenak daude eta duten garrantzia ematen zaie. Peña Santako honek, aldiz, ia ez du oihartzunik izan.

Kontuak kontu, argi dugu “Aitta”-k eskaladaren arlo horretan benetako tokia hartu duela. Cesarrek kontatu digu duela pare bat urte hasi zirela proiektu horrekin: «Unai eta biok Peña Santako bide bat egitera joan ginenean, bidearen sarreran espoloi oso erakargarri bat ikusi genuen. Harrezkeroztik, buruan genuen. Lehen bisitan, duela pare bat urteko maiatzean, Arkaitz, Unai eta hirurok espoloi horretara joan ginen. Alderdi hartan elur piloa zegoen, eta pareta oso bustia ikusi genuen. Egoera hori ikusita, ez genekien zer egin. Baina ohartu ginen aukeratutako xede horrek eroria zuela eta, pixka bat heze bazegoen ere, zer edo zer egiteko aukera izango genuela. Hormak bi zati ezberdin ditu, eta erdian erlaitz bat dago. Lehen bisita horretan beheko zatia eta pixka bat gehiago zabaltzeko aukera izan genuen. Aurtengo ekainean, berriz, astebeteko lanean, Unaik eta biok ‘Aitta’ bukatu genuen. Uste dugu proposamen polita, gogorra eta zorrotza geratu zaigula».

Bi zati ezberdin, baina biak ala biak eskalada oso fina eskatzen dutenak dira. Lehen zazpi luzeak, adibidez, oso tenteak dira. Erdiko sekzioak, berriz, eroria du. Eta azken bederatzi luzeek ere asko eskatzen dute. Nahiz eta diedroren bat edo beste duen, ia eskalada guztia plaketan egiten da.

Eta luze horietatik guztietatik “izarra” hamabigarrena da. Nahiz eta erabat argi ez izan, 8c eman diote. «Oraindik ez dugu kateatu, baina zalantzarik ez dugu 8b+ baino gogorragoa dela. Luze guztietatik hori da kateatu ez dugun bakarra, eta gure proiektua biribiltzeko bakarra falta zaigu. Oso bertikala den plaka bat da, ederra baino ederragoa, eta zulo batzuk dituena. Bileratik irten eta parabolt bat jarri genuen. Horren ondoren, oso tente ikusi genuen. Tarte hori irekitzen makina bat eroriko izan genituenez, ezkerraldera jo eta hortik jarraitu genuen; luzearen zatirik gogorrena da. Pare bat mugimendu ez genituen askatu, baina argi dugu guztiz askatuko dugula. Tarte horretatik aurrera 8a edo 8a+ izan daitekeela uste dugu. Hiru txapa gogor eta amaierari eutsi egin behar zaio. Oso-oso gogorra da», adierazi dute.

Estilo bikaina

Hiru protagoniston ibilbidea ezagututa, argi eta garbi geratzen zen “Aitta” zabaltzeko estiloak berebiziko garrantzia izango zuela. Ahal den garbiena eta konpromiso handia eskatzen duena. Arestian aipatu dugunez, behetik eta era askean. Eta azken honetan ere estilo horri ez diote muzin egin. Agian, beste urrats bat egin dute.

Cesarrek berak argibide gehiago eman dizkigu esperientzia horren inguruan: «Badakizu, ahalik eta txapa gutxien sartzen saiatu gara. Luze batzuetan une oso tentsoak bizi izan ditugu. Unaik zabaldutako hirugarren luzea (8a+/b) teknikoki ez da bidearen gogorrena, baina eskalatzeko oso-oso zaila iruditu zaigu. Azken paraboltetik bilerara dagoen sekzio hori... Uf, oilo-ipurdia jartzen duen horietakoa da».

Eskalatzaileok, beraz, paraboltak “neurrian” jarri dituzte, eta ohartarazi behar dugu “Aitta”-n sartu nahi duenak friend joko eta erdi bat arnesean eraman behar duela. Oro har, beraz, Peña Santako proposamen berri honek konpromiso handia eskatzen du, hori baita bidearen ezaugarri nagusietarikoa: «Luze batzuek, adibidez, txapa bat soilik dute. Seigarren mailako batzuetan hobe da erorikorik ez izatea. Horrekin esan nahi dut zailtasun horietako luzeetan oso fin eta seguru eskalatu behar dela. 7b+ halabeharrez gainditu behar da, eta, jakina, ‘Aitta’-n ezin da edonor sartu».

Cesarrek aipatu duen konpromiso handi horretaz gain, gogoratu behar dugu zailtasunean oso iraunkorra dela. Hori ere marra berri horren ezaugarri garrantzitsuenetakoa da. 8c mailako luze bat du, giltza dena. Baina zortzigarren mailako hainbat luze ditu, 7c+ zailtasunekoak hiru eta 7a eta 7b arteko beste batzuk. ‘Errazenak’, berriz, seigarren mailakoak dira».

Laburbilduta, Yurritak, Mendiak eta Cesarrek sortu duten “Aitta” Peña Santako bitxi gisa aurkeztu behar dugu. Estiloa, zailtasun oso handia, konpromisoa... Gutxietsi behar ez diren alderdiak dira.

Cesarri galdetu diogu, horma ezberdinetan ireki dituen eta eskalatu dituen bideak kontuan hartuta, “Aitta” non kokatzen duen: «Nik ez dakit zein den gogorrena, baina ‘Piztu da piztia’, ‘Udazken koloretan’ eta ‘Ven venir’-ekin lotuko nuke. ‘Aitta’, adibidez, luzeagoa da eta zailtasun tekniko handiagoa du. Nik dakidana da oso-oso gogorra eta exijentea dela. Hormatzarretan egin dudan zailenetarikoa. Picu Urrielluko ‘Orbayu’ (8c) hor dago, baina nik maila hori ez dudanez, ezin dut ezer zehatzik esan. ‘Orbayu’-ren zailtasuna adostuta dago; guri lehen aipatu dudan luze hori kateatzea falta zaigu. Hori guztia esanda, argi dut ’Aitta’ egun bakarrean kateatzea oso zaila ikusten dudala. Siebe Vanhee belgikarrak, adibidez, ‘Piztu da piztia’ (8b/+) Peña Montañesa) egunean kateatu zuen. Baina 200 metro ditu, eta ‘Aitta’-k, 500. Eta, gainera, zailtasunean oso iraunkorra da. Agian, Siebek berak edo eskalatzaile profesional batek xede hori lor dezake».