Jon ORMAZABAL
PILOTA

Sufritzen ere badakite

Zabaleta deseroso sentiaraziz eta Elezkano lekuz kanpo utzita, Peñak eta Albisuk esku-eskura izan zuten garaipena 13-19 aurreratuta, baina azkenerako nekeak erasan eta garaipena txapeldunek eraman zuten.

ELEZKANO-ZABALET. 22

PEñA-ALBISU 21


Partidak erraztasunez, edo Zabaletaren nagusitasun handiarekin bai behintzat, irabazten ohitutako bikotea dira egungo txapeldunak. Iazko finala ere 22-7 irabazi zieten maiatzean atzo Labriten aurkari izan zituzten Peña-Albisuri, baina distirarik gabeko egunetan lana eginez eta gutxi oparituta, sufritzen ere badakitela erakutsi zuten atzo Elezkano eta Zabaletak, oso maldan gora izan zuten partida –13-19 ere joan ziren atzetik– irauli eta laugarren puntua lortuta.

Bikote gipuzkoarrak nabarmen egin zuen gora astelehenean emandako itxura kaskarretik; atzelari txapelduna bere konfort eremutik aterata esku- eskura izan zuten garaipena, baina Peñak txapara botatako azken pilotarekin –Elezkano nabarmen gurutzatu zitzaion jo aurretik– ihes egin zien horrenbeste behar zuten puntuak. Beste behin, azkenerako huts gehitxo pilatu zituzten, aurtengo txapelketan gehiegi.

Hori bai, iazko finalaren errepikapena zenak ez zuen udaberriko haren inolako antzik izan. Ideiak oso argi zituztela irten ziren bi gipuzkoarrak kantxara, Jose Javier Zabaletak bere erritmoa jartzea eragotzi behar zuten nola edo hala, eta Peñak lehen saketik ekin zion, eraginkortasunez gainera, lan horri. Oso oldarkor eta Ederrenan pilatutako hutsak erabat ahaztuta, Albisuk pilotakada bat jotzerako 3-0 aurretik jarri ziren Baikokoak.

Baina Zabaleta deseroso senti zedin lan horretan Jon Ander Albisuk ere bazuen protagonismorik eta ataundarra ez zen nafarrari eustearekin konformatu; ezin zion kantxan zuzen aritzen utzi eta ezohikoak diren zenbait jokaldi ere egin zituen, pilotakadak moztuz edo tarteka bi paretakoak egiten saiatuz, baita boleaz ere –modu ikusgarri horretan lortu zuen, esaterako, 13-17koa lau eta erditik pilota zabalduz–, eta helburua lortu zuen oro har partidan.

Etxarrendarrak ez zuen ohiko duen nagusitasunik erakutsi eta Danel Elezkanok ere ez zuen bere lekua aurkitzen asmatu. Ohitua dago Zaratamokoa bere atzelariak sortzen dizkion aukerei itxaron eta onenak aukeratuta tanto askotxo batzen, baina bere bikotea ez zen atzo horrenbeste zulo irekitzeko gai izan eta lekuz kanpo, protagonismorik gabe, aritu zen.

Jon Ander Peñak, ordea, oldarkor jarraitu, eta hutsen bat pilatu bazuen ere, asmatutakoak askoz gehiago izan ziren. Asko oso ederrak gainera, eta urdinek oso bideratuta izan zuten garaipena.

11-16 zirela, ordea, gorriek atsedena eskatu eta Danel Elezkanok ulertu zuen bere atzelaria ezin zela bi jotzaileen aurrean bakarrik nagusitu; aurrera pauso bat eman eta erasoan oldarkorrago aritu zen, Peña defentsan estutzen hasi eta pixkanaka aldeak murriztuz.

Eta azken txanpa horretan, urdinek –batez ere, Albisuk– buruan zuten taktika hori kantxan ezartzeko egindako esfortzu handiaren nekea nabaritu zuten. Zabaleta gehiago astintzen hasi eta partida lehen aldiz hogeina berdindu ostean, hil ala bizikoan askoz opari gutxiago eginda garaipena lortu zuten.

Aldai eta Arrillaga; estilo talka Mungiako finalean

Pandemiak behartutako urtebeteko etenaren ostean, Lau eta Erdiko Master Laboral Kutxaren final handia jokatuko dute gaur Mungian Amaia Aldaik eta Miriam Arrillagak. Estilo desberdineko bi pilotarien arteko final orekatua aurreikusten da. Miriam Arrillagak duela bi urte lortutako txapela defendatuko du eta Aginagako atzelariak joko klasikoagoa erabiliko du asmo horretarako. Botera erosoago aritzen den pilotaria da gipuzkoarra, pilota ondo mugitzen duena, eta kantxan patxada handia erakusten du normalean. Amaia Aldairen jokoa, aldiz, askoz oldarkorragoa da, airez askoz gehiago sartzen den pilotaria da Dimakoa eta animoz oso indartsu helduko da finalera, aurreko kanporaketan Olatz Arrizabalaga kanporatu ostean.

Partida berari komeni zaion erritmora eramaten duenak asko izango du irabazia. J.O.