GARA
baiona
KONTROLGUNEAK MARTXAN

Hegazti gripearen agerraldi bat atzeman dute Ipar Euskal Herrian

Hegazti gripearen eraginez eta Pirinio Atlantikoetako Prefeturaren aginduz, bi etxaldetako ahateak hil dituzte azken egunetan Nafarroa Behereko Akamarre herrian. Pirinio Atlantikoetako Prefeturak iragarri bezala, kontrolguneak martxan jarri dituzte zenbait udalerritan, besteak beste, Akamarren bertan, Bidaxunen, Gixunen eta Samatzen.

Azterketen emaitza jakin gabe ere, H5N1 HP hegazti gripeak kutsaturiko bi etxaldetako ahateak hil berri dituzte Akamarren, abenduaren 19an eta 20an zehazki. Hori dela eta, Pirinio-Atlantikoetako Prefeturak iragarri bezala, kontrolguneak martxan jarri dituzte zenbait udalerritan: Akamarren bertan, Bidaxunen, Gixunen eta Samatzen. Hazleek eta ELB sindikatuak ez dute beren arrangura gorde. Aipaturiko herriez gain, Ipar Euskal Herriko beste lau herri ere zaintzapean daude: Erango, Arrueta-Sarrikota, Bardoze eta Urketa. Oroitarazi behar da Pirinio Atlantikoetako hamasei herri kontrolpean ezarri zituela duela zenbait egun.

Aipatu herrietatik hiru kilometrora babes eremuak finkatu dituzte eta hamar kilometrora zaintza eremuak. Bertan, hegaztiak garraiatzea debekatuta dago, baita hegaztiekin egindako produktuak saltzea, hala nola, haragia zein arrautzak. Salbuespen batzuk errespetatuta baimen bereziak lor daitezke.

Theophile de Lassus suprefeturaren kabineteko zuzendariak esan zuenez, biosegurtasuna bermatzeko prebentzioari loturiko neurri berriak plantan eman dituzte. Gainera, ikerketarako hiru maila finkatu dituzte. «Alde batetik, mesfidantza klinikoa deiturikoa. Hori handia bada, erakutsiko du animaliak kutsatuak daudela. Hurrengo bi mailen barruan ikerketak egiten dira laborategietan. Mesfidantza klinikoa argia denean, animaliak segidan hiltzen dira. Zalantzak baditugu, berriz, bigarren maila itxoiten dugu», azaldu zuen.

Azpimarratu zuenez, ez dute inoiz itxoiten hirugarren mailara iristea birusa oso azkar hedatzen delako: «Entseatzen gara ahalik eta azkarren joaten, birusaren hedapena saihesteko».

ELBren estrategia

ELBko hogei bat hazle bildu ziren astelehenean egoera aztertzeko. «Pixka bat arranguratuak gara hegazti gripea Ipar Euskal Herrian instalatua delako. Ez da laster desagertuko. Egunez egun, gehiago hedatzen ari da», deitoratu zuen Julen Perez hegazti hazle eta ELBko kideak.

ELBk etxalde txikiak eta kanpoan hazitako hegaztiak defenditzen ditu, bere erranetan kutsatzeei aurre egiteko sistema hoberena delako. Ez du estrategia aldatzeko intentziorik. «Beti defenditu ditugu kanpoko hazkuntzak, iruditzen zaigulako metodo naturalari esker eritasunei aurre egitea posible dela. Animaliak osasun oreka ona duenean, ez du desorekarik sortzen, eta, beraz, gaixotasunari aurre egiteko gai da. Animaliak, ordea, konfinatuta daudenean, estresatzen hasten dira, eta orduan sortzen dira gaixotasunak», azaldu zuen Perezek.