Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA - EUROLIGA

Wade Baldwin, Olentzero berria

Baskoniak zortzi jokalarirekin Munichen irabaztea lortu du New Jerseykoaren 30 puntuei eta Costello eta Nnokoren lan apartari esker.

BAYERN MUNICH 76

BITCI BASKONIA 81


«Horra! Horra! Gure Olentzero! Bitci Baskoniako 5 zenbakiarekin eserita dago», Bayern Munichen aurka 30 puntu saskiratu eta garaipena gidatu ostean. Zeinek esan behar zuen? Zortzi jokalarirekin jokatu behar izan zuen Baskoniak Alemanian, gripearen erruz talde erdia jota baitzegoen. Alabaina, New Jerseykoaren 30 puntuek, Costello eta Nnokoren lanak eta taldearen defentsak etxetik kanpo Euroligako bigarren garaipena ekarri zuten, lehenengoa urriaren 14an Berlinen lortu ostean.

Eta hori Arturs Kurucs Loiutik arrapaladan Munichera hegan eginda garaiz iritsi zela pabiloira, Simone Fontecchio gripearen erruz taldetik erori ostean. Aurten Saski Baskoniak hegalekoak erruz baldin baditu ere, Sedekerskis, Giedraitis eta Fontecchio jokoz kanpo geratu ostean, hegalekoak auzoan zirela ekin behar izan zion talde gasteiztarrak Audi Domeko partidari.

Alabaina, 5-0 galtzen hasiagatik, gasteiztarrek berehala heldu zioten partidari, Wade Baldwinen aldetik batez ere. Baldwinek iaz Munichen jokatu zuen eta bere kirol bizitzako denboraldi bikainena osatu zuen. Hasieratik oso gogotsu aritu zen atzo eta aurreneko bost jaurtiketak, tartean hiru hiruko, sartu zituen. Hala, akordatzerako 13-20 aurreratu ziren arabarrak.

Hain zuzen, aurreneko laurdenean 16 puntu saskiratu zituen Wade Baldwinek, eta hori gutxi balitz, gasteiztarrek errebotea bere egin zuten, Bayernen ahulgunerik handienetakoa barruko jokoan baitago. Horrez gain, aipagarria izan zen Vanja Marinkovicen lana. Serbiarrak ez zuen punturik saskiratu aurreneko laurdenean, baina Baldwinentzat aukera onak sortu zituen. Hala, inork uste baino laurden hobea eginda, Baskoniak 13-25 aurretik amaitu zuen, 0-13ko partzial bati esker.

Jarraitutasunik ez

Baskoniaren abantaila 15 punturainokoa izan zen bigarren laurdenaren hasieran, baina Baldwinek atsedena hartzeaz bat, asko murriztu zen gasteiztarren errenta. KC Rivers alemanen hegalekoa izan zen murrizketa horren erantzulea, berak sartu baitzituen Bayernen aurreneko 12 puntuak, fisikoki nabarmen justu zebilen Arturs Kurucen aurrean. Hala, Neven Spahijak hutsartea eskatu behar izan zuen, artean markagailua 25-32 zela. Bide batez, Baldwin kantxara itzularazi zuen ostera ere.

Baldwinekin batera, Matt Costellok ere erraz eta zabal asko ikusi zuen saskia. Erraztasun horri esker Bayerni bizkarra erakusten jarraitu zuen Baskoniak. Dena den, atsedenaldirako hiru minuturen faltan berriz ere hutsartea eskatu behar izan zuen Spahijak, emaitza 35-40 estutu baitzen. Spahijak partida bezperan eskatzen zuen jarraitutasunaren arrastorik ez.

Zorionez, Marinkovicen hiruko batek Baskonia atsedenaldira aurretik iristea posible egin zuen. Bada, 42-46 aldageletara bidean, aurreneko laurdeneko magia berreskuratzera.

Beti aurretik

0-5eko partzialarekin ekin zion Baskoniak hirugarren laurdenari, batez ere errebotea berriz ere bereganatu zuelako. Horrez gain, bigarren laurdeneko agorralditik bueltan, Baldwin berriz ere puntuak pilatzen hasi zen, eta, gainera, Nnokok aspaldiko partez maila aparta eman zuen.

Hori gutxi balitz, talde alemana erasoan erabat kamuts azaldu zen eta Baskoniak Costellori esker aldea 17 punturaino zabaldu zuen, 48-65. Hala ere, Bayernek markagailua apur bat estutu zuen azken laurdenaren hasierara iritsi aurretik: 55-67, Wade Baldwinen saskiratze batekin laurdena agurtuz.

Azken laurdena ere ondo hasi zuen Baskoniak, 15 puntuko abantailari eutsiz, baina erregairik gabe geratzen joan zen. Gainera, Nnoko eta Enoch egotzi zituzten, bosna faltarekin.

Dena dela, Baskoniaren garaipena ez zen inoiz arriskuan egon, Grangerrek jaurtiketa libreen marratik eta Baldwinek distantzia erditik ez zutelako barkatu. Horra Baldwin Olentzeroren oparia!