GARA
BILBO

9.277 positibo atzeman dituzte egun bakarrean Hegoaldean

EAEko eta Nafarroako Gobernuek beste 9.277 covid positibo atzeman dituztela iragarri zuten atzo. Atzoko datuak nabarmenki gainditzen du astelehenean erregistratutako positibo kopurua; orduan 5.363 izan ziren positiboak Hego Euskal Herrian.

Guztira, 31.681 proba egin ziren atzo Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, bezperan baino 10.631 gehiago. Proba horietatik 24.315 EAEn egin ziren eta, gainerako 7.366 probak, Nafarroan. Hori horrela, Hego Euskal Herrian atzo egindako proben %29,28k positibo eman zuten, aurreko eguneko %25,47ko positibotasun tasa gaindituz.

Era berean, intzidentzia metatua era nabarmenean handitu da EAEn. Atzo 100.00 biztanleko 2.285eko zifran kokatu zen eta, hortaz, bezperako datua 209 puntuko aldearekin gainditu zen.

Ospitaleratzeei dagokienez, oraingoz 496 pertsona daude covid-19agatik ospitaleratuta Hego Euskal Herrian, bezperan baino 31 gutxiago. Horietatik 357 gaixo EAEko erietxeetan daude ingresatuta eta, gainontzeko 139 pazienteak, ostera, Nafarroakoetan.

ZIU zainketa intentsiboetako unitateetan 134 pertsona daude uneotan ospitaleratuta, bezperan baino bi gutxiago. Horietatik, 111 Euskal Autonomia Erkidegoan Osakide- tzak kudeatzen dituen ospitaleetan daude (bat gehiago) eta beste 23ak Osasunbideak artatzen ditu (hiru gutxiago).

Bezperarekin alderatuz, Nafarroako Foru Erkidegoan positibo kopuru bikoitza baino gehiago atzeman zituzten atzo. Zehazki, herenegun 1.098 kasu positibo atzeman zituzten, eta, atzo, aldiz, 2.419.

Nafarroako Gobernuak atzo iragarritako zifrek orain arteko markak guztiak hautsi dituzte. Atzo arteko marka, 2.036 kasukoa, abenduaren 24an eman zen. Fokua astebetera zabaltzen baldin bada, egun duela astebete baino 1.498 positibo gehiago daude Nafarroan orotara.

Nafarroan, lau hildako

Datu kezkagarriok, heriotzak ere ekarri dituzte ezinbestean. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, beste lau pertsona hil dira Foru Erkidegoan covidak jota.

Nafarroako Gobernuak azaldutakoaren arabera, 7.366 proba egin ziren atzo, bezperan baino 2.366 gehiago. Era berean, positibotasuna igo egin da. Atzo positibotasun tasa %32,9koa zen. Herenegun, aldiz, %27,5ekoa.

Datuak herri edo esparruka aztertuz gero, Iruñeko Bigarren Zabalgunea da kaltetuena, 112 positibo berri atzeman baitituzten bertan Osasunbideko erizainek. Jarraian, Sarriguren egongo litzateke, 84 kasurekin. Segidan, Lizarra, 83rekin, eta, bukatzeko, Iruñeko Arrotxapea auzoa, 74 positiborekin.

Bestalde, erietxeetan beste hamabi ospitaleratze erregistratu zituzten Nafarroan, horietako bat zainketa intentsiboetan. Guztira, 139 pertsona daude ingresatuta Nafarroako ospitaleetan, horietako 23 ZIUetan.