Aritza Urrengoetxea Cordovilla
Irakaslea
KOLABORAZIOA

Gorputz hezkuntza balioetsi

Hezkuntza curriculumeko ikasgaien artean, gorputz hezkuntzak jaso ditu, historikoki, gutxiespen handienak. Hala ere, arrazoi nahikoak daude Gorputz Hezkuntza bilakatzeko curriculumeko ikasgairik garrantzitsuenetariko bat. Horren harira, Osasunaren Mundu Erakundeak adierazi du haurren gehiegizko pisua eta loditasuna dela XXI. mendeko osasun arazo larrienetako bat. OMEk egindako ikerketen arabera, azken lau hamarkadetan, izugarri handitu da haur eta gazte gizenen kopurua. Osasun arazo horiek gutxitzeko, hezkuntzak badu, auzi horretan, zeregina. Hain zuzen ere, sustatu beharra dago ikastegietan adin goiztiarretatik ohitura osasuntsuak eta jarduera fisikoa egitearen garrantzia. Horregatik, hezkuntza curriculumeko ikasgai guztien artean, gorputz hezkuntza da alor onena ohitura osasuntsuak sustatzeko. Izan ere, jarduera fisikoaren bidez haurrek ondo garatzen dituzte eguneroko bizitzarako trebetasun motor, kognitibo eta afektiboak. Hortaz, gorputz hezkuntzako ikasgaia balioesteko eta munduan zinez larritzat jotzen den haurren loditasunaren arazoa hezkuntzatik konpondu beharra dago hainbat ekintzaren bidez.

Lehenik eta behin, Euskal Herrian dauden hiru hezkuntza sistemetako curriculumetan gorputz hezkuntzari eskaintzen zaion ordu kopurua eskasa da. Zeren Hegoaldean –Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean– gorputz hezkuntzari eskaintzen baitzaio eskola ordutegi osoaren %3 eta %4 eta astero bi ordu ematen dira. Iparraldean, ostera, irakasten den denboraren %14 da eta ikasmailaren arabera astean hiru edo lau ordu ematen dira. Edonola ere, aipatutako orduei gimnasiora joateko, arropa aldatzeko eta dutxatzeko denbora kentzen badiegu, ikasgaiari eskaintzen zaion astia nahikoa murrizten da. Hori dela eta, OMEren gomendioak aintzat hartuta, onena litzateke eskolatutako haurrak egunero gutxienez heziketa fisikoan ordubete jardutea. Izan ere, OMEk “Jarduera fisikoari eta ohitura sedentarioei buruzko jarraibideak” txostenean egiaztatzen du osasun fisikoa bermatzen dela egunero 60 minututik gorako jarduera fisikoa egiten bada. Ondorioz, haurraren garapenari laguntzeaz gain, loditasun arriskua gutxiagotuko da eta helduaroan izaten diren gaixotasun kardiobaskularrak, artikularrak, diabetesa edo hiperkolesterolemia ekidingo dira.

Bigarrenik, Unescok gorputz hezkuntzaren zeharkakotasuna goraipatzen du curriculumeko beste ikasgai batzuetako edukiak lantzeko. Izan ere, oso ikasgai aproposa da kontzeptu teorikoak eta jarduera fisikoa uztartzeko. Horregatik, zehazten da proiektu ludiko-pedagogikoak antolatu behar direla etengabe, ikasgelan eta ikasgelatik kanpo garatzeko. Esate baterako, txangoak egitea natura zientziei lotutako ezagutzak jorratzeko edo matematika gimnasioan lantzeko. Hortaz, gorputz hezkuntzako ikasgaiak, zehar lerroen bitartez, hezkuntza curriculumeko beste ikasgaietan ekintza fisiko erakargarriak gehitu beharko ditu ikasleen osasunerako eta garapen intelektual eta fisikorako funtsezko arlo bilakatzeko.

Bestalde, Euskal Herrian gorputz hezkuntza ikasgai bikaina izan daiteke ikasleen artean euskal kultura ezagutarazteko eta eskoletako aniztasun kulturala kudeatzeko. Adibidez, ikasleek herri kiroletako jarduera fisikoak egingo balituzte, kulturarteko hezkuntzan oinarritutako jarduera fisikoak egingo lituzkete. Horrenbestez, aukera egongo litzateke haur bakoitzak dituen nortasun kulturalak adierazteko eta besteenak ezagutzeko. Horrekin guztiarekin, eskoletan bizikidetza, errespetua eta tolerantzia ahalbidetuko litzateke.

Laburbilduz, gorputz hezkuntza ikasleen osasuna, heziketa eta garapen integralerako ezinbesteko ikasgaia da. Jarduera fisikoaren bitartez haurrak bere motrizitatea eta adimena garatzeaz gain pertsonen eta taldeen arteko harremanak hobetzea lortzen da. Beraz, osasun fisikoarekin batera oinarrizko garapen eta gaitasun psikologiko, sozial, emozional, afektibo eta kognitiboak bermatuko lirateke.