GARA
ESKUBALOIA

Zuazok Liga berean dabilen Malaga izango du aurkari Kopan

Urtea hasteko, albiste ez oso onak jaso ditu Zubileta Evolution Zuazok. Izan ere, atzo bertan egindako Kopako bigarren kanporaketarako zozketan, talde bizkaitarrari maila berean –Ohorezko Mailan, alegia– dabilen Costa del Sol Malaga egokitu zitzaion. Andaluziarrak orain sartu dira zozketan, baina Zuazok beste kanporaketa bat gainditu behar izan du: Uneatlantico Unicaja Bancori 24-26 irabazi zieten bizkaitarrek.

Kanporaketa bi partidatan jokatu beharko da. Joanekoa hilaren 26an jokatuko da Barakaldon, eta itzulikoa, berriz, hilaren 29an edo 30ean, Malagan. Zozketan hamabi talde egon ziren, Ohorezko Mailako hamar eta Bigarren Mailako beste bi. Zuazok ez zuen zorte handiegirik izan, Costa del Sol Malaga laugarren baitago sailkapen nagusian, Super Amara Bera Bera liderretik bost puntura.

Talde donostiarrak oraindik ez du parte hartuko kanporaketa honetan, Kopako azken fasearen antolatzailea baita aurten. Elxek ere hurrengo kanporaketara itxaron beharko du, txapelketako iazko txapelduna baita.

Hauek dira kanporaketako beste neurketak: Grafometal La Rioja - Rocasa Gran Canaria; Handbol Sant Quirze - Unicaja Banco Gijon; Vino Doña Berenguela BM. Bolaños - Mecalia Atletico Guardes; Conservas Orbe Rubensa BM - Caja Rural Aula Valladolid; eta Balonmano Morvedre - KH-7 BM Granollers.

Bera Bera, lanera

Talde donostiarrak atzo ekin zien entrenamenduei Mundiala dela-eta izandako geldialdiaren ostean. Bera Berak jakinarazi zuenez, opor hauetan jokalari batek covid-19an positibo eman duela adierazi dio klubari.