Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA - EMAKUMEEN EUROCUP

Çukurovaren segadan erori eta kalera joan da Gernika

Azken laurdenera arte, bizkaitarrak oso eskas aritu dira. Azken minutuetan ia miraria lortu dute, hala ere.

ÇUKUROVA 69

LOINTEK GERNIKA 40

 

Duela hiru urte Galatasarayren aurka gertatu zitzaion bezala, etxean lortutako alde handia alperrik galdu zuen atzo ere Lointek Gernika Bizkaiak Turkian. Hala ere, esan dezagun egia: atzokoa ez zen kanporaketa bateko itzulerako partida normal bat izan, segada bat baino. Ia hogei orduko bidaia –4.000 kilometro daude Gernikatik Mersin hiriraino–, bi PCR proba pasa behar egun berberean eta hargatik Belen Arrojok ezin jokatu... orotara zortzi jokalari baino ezin izan zituen erabili Mario Lopezek atzoko neurketan, eta baliabide falta hori funtsezkoa izan zen azken emaitzan.

Epaileen irizpide ezberdintasunak ere ez zion batere mesederik egin egin euskal taldeari, baina, zintzoak izanda, onar dezagun ere bizkaitarrek beren mailaren hamarren bat ere ez zutela eman aurreneko zatian –42-15 iritsi zen partida atsedenaldira–. Hala, 35 puntu atzetik jarri arte ez ziren benetan partidan sartu gernikarrak.

Tamalez, atzoko porrota oso mingarria izan zen, azken minutuetan berriz ere kanporaketa alde jartzeko zorian izan baitziren Mario Lopezen jokalariak. Ia irabazita zuten partida eta kanporaketa turkiarrek, baina 2-13ko partziala lortu zuten euskaldunek azken minutuetan, nahiz eta tartean sekulako akats pila egin, erasoan batik bat. Hala ere, minutu baten faltan kanporaketa berdindu zuten gernikarrek, 64-40koa ipini baitzuten markagailuan; aurretik jartzeko baloi bat ere izan zuten. Baina kale egin zuten eta sekulako erraztasunak eman zizkioten arerioari azken minutu horretan 5-0ko partziala lortu eta kanporaketa eramateko.

Zenbaki beldurgarriak

Aurreneko hogei minutuetan 15 puntu eta hiru saskiratze bakarrik lortu zituen Lointek Gernika Bizkaiak; Bjorklund eta Tinara Moore punturik sartzeke geratu ziren. Hirugarren laurdenaren hasieran, gainera, 12-2ko partziala lortu zuten turkiarrek, Gernikak baloiak bata bestearen atzetik galtzen zituelako –22 orotara–; eta joaneko partidan sekulako hiruko festa izan bazen bizkaitarren aldetik, atzo 12 saiaketatik bakarra sartu zuten, Roso Buch antolatzaileak azken laurdenaren hasieran, partida eta Eurocup txapelketan aurrera egiteko aukera oro galdutzat ikusten ziren momentuan.

Dela covid-19aren erruz entrenamendu gutxi egin dituztelako, dela aurkariaren eta epaileen presioaren erruz, partida oso eskasa egin zuten Mario Lopezenek, beraien benetako mailatik oso urrun; hori guztia dena galduta ikusi zutenean soilik aldatu zen. Askoz lasaiago eta hobeto jokatu zuten orduan baliabide gutxi izan arren, eta aurkariari beldurra hezurretaraino sartu zioten. Baina ezin segadatik onik irten.