GARA
BILBO

Eskolarteko kirol lehiaketak bertan behera EAEn

Gabonetako oporrak bukatzear daudela, Lakuako Gobernuak covidari aurre egiteko neurrien protokolo berria igorri die ikastetxeei, eta, horren arabera, jolastorduan musukoaren erabilera derrigorrezkoa izango da berriro. Gainera, ikasgela desberdinetako ikasleen arteko harremana ekidin egingo da.

Oro har, Exekutiboak ikasturte hasieran, birusaren intzidentzia maila oso baxua zenean, arindu zituen neurriak zorroztu ditu berriz ere, testuingurua erabat aldatu baita. Izan ere, omicron aldaerak hauspotuta, kutsatze kopurua inoiz baino altuagoa izaten ari da, aurreko olatuetako zifrak biderkatuz.

Ildo horretan, iragan urritik aurrera Bigarren Hezkuntzako ikasleak jolastorduan musukorik gabe egon ahal izan badira, aukera hori bertan behera geratuko da oporren ostean. Eta orain arteko protokoloak maila berdineko baina ikasgela desberdineko ikasleen harremana baimentzen bazuen –kanpoaldean betiere–, hemendik aurrera «ikasle-burbuilek» aurreko ikasturtean izan zuten izaera berreskuratuko dute, eta haurrek beraien gelako kideekin bakarrik egon ahal izango dute.

Eskolaz kanpoko jarduerak

Eskolaz kanpoko jarduerak egin ahal izango dira, «protokoloek ezarritako neurriak betetzen badira», baina jarduera horiek kanpoaldean eta ikasgela berdineko ikasleen artean egitea gomendatzen da. Eta ezin bada, maila berdinekoen artean.

Eskolarteko kirol lehiaketak, ordea, bertan behera geratu dira, nahiz eta entrenamenduak egin ahal izango diren, kasu honetan ere, kanpoaldean edo ondo aireztatutako barnealdeetan.

Deigarria da Lakuak kirol lehiaketen debekua ezartzea, jarduera horiek kanpoaldeetan egiten baitira kasu gehienetan, eta kutsatzeak, oso neurri handi batean, barnealdean izaten dira.