GARA
IRUÑEA

2.021 positibo berri eta hiru heriotza erregistratu dira Nafarroan

Nafarroako Gobernuak atzo eman zituen datuen arabera, koronabirusak eragindako 2.021 kasu berri atzeman zituzten larunbatean, asteburuetan eta jaiegunetan proba gutxiago egiteko joerarekin bat etorriz. Izan ere, osasun sistema publikoan 3.911 PCR eta antigeno test egin ziren. Positibotasun tasa %51,7koa izan zen herrialdean.

Larunbateko 2.021 kasu berrietatik, Iruñekoak (630) nabarmentzen dira kopuruagatik, eta kaltetuenak Bigarren Zabalgunea (82), Arrotxapea (74), Txantrea (63) eta Donibane (62) auzoak dira; Tuteran, berriz, 81 kasu berri antzeman ziren larunbat honetan.

Nafarroako gainerako herrietan, kutsatze gehien Sarrigurenen (63), Burlatan (62), Tafallan (54), Zizur Nagusian (46), Barañainen (43) eta Atarrabian (40) detektatu ziren.

Ostiralean bezala, Nafarroan beste hiru pertsona hil ziren covid-19ak jota. Eta, ospitaleetako okupazioaren ikuspegitik, larunbatean 25 paziente ospitaleratu zituzten covidagatik, horietako bost ZIUetan; beraz, 227 pertsona daude ospitaleratuta (ostiralean 221 ziren, ostegunean 215, asteazkenean 200, asteartean 204, astelehenean 183 eta igandean 188), eta horietatik 30 ZIUn daude (ostiralean 27 zeuden, ostegunean 24, asteazkenean 21, asteartean eta astelehenean 22 eta igandean 24).

Antigeno testak dohainik?

EH Bilduk Gotzone Sagardui EAEko Osasun sailburuari atzo galdetu zion ea Lakua «herritarrei antigeno testak doan banatzea» eta test horiek espazio publikoetara zabaltzea aztertzen ari den.

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea Osasun Sailak antigenoen testak erabiltzen dituen kasuen inguruko interesa agertu zuen eta espazio itxietara sartzeko erabiltzea aztertzen ari diren galdetu zuen.

Era berean, lanean hasi aurretik eremu soziosanitarioko langileei antigeno-testak egiteko aukeraz galdetu zuen koalizio subiranistako legebiltzarkideak, bai eta espazio publikoetan gizartean zabaltzeko aukeraz ere, eta EAEko Osasun Sailak horiek doan banatzeko aukeraz.

«Kolapso nabarmena»

Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak uste du «ebidentzia» bat dela Osakidetzaren kolapsoa, eta aurreikusi zuen «oso zaila» izango dela urtarrilean ikasgeletako egoera, «baja har dezaketen irakasleak ordezkatzeko langilerik ez dagoelako».

“Radio Euskadi”-n egindako elkarrizketa batean, buruzagi sindikalak honako hau adierazi zuen: «Autokontroleko, autotesteko eta gure kabuz bajak kudeatzeko egoera batera igaro gara, eta horrek zerbitzu publikoak pribatizatzeko politikaren ondorio den egiturazko egoera bati erantzuten dio, baita Osakidetzan ere. Egoera horretatik osasun pribatua aprobetxatzen da, eta horregatik da garrantzitsua urtarrilaren 23an kalera ateratzea».

Europa mailako osasun publikoko inbertsioa BPGaren %7 ingurukoa dela eta EAEn %5ekoa dela adierazi ondoren, Aranburuk egungo egoera zuzentzeko «langile gehiago kontratatzea» beharrezkoa dela defendatu zuen.