Arnaitz GORRITI
BINAKAKO TXAPELKETA

Peña eta Albisu, Olympiacos gogor haren oinordekoak

Urrutikoetxea eta Aranguren 10-1 eta 18-10 aurretik ibili arren, Jon Ander biek azken txanpan irabazi zieten.

URRUTI.-ARANGUREN 20

PEñA II-ALBISU 22


«Partida oso txarra jokatu dugu, baina buruz gogor gaude eta hozka egiten jarraitzen dugu. Gainera, sakez min ematen asmatu dugu». Jon Ander Peñaren adierazpenok erakusten dute Peña II.ak eta Albisuk burugogorkeria dutela bertute nagusi. Nahiz eta 10-1 galtzen hasi, Getariako Sahatsaga pilotalekuan neurketari buelta emateko kapaz izan ziren, astebete aurretik Donostian Irribarria eta Rezustaren aurka egin zuten moduan.

Saskibaloiko Euroliga 2012an eta 2013an irabazi zuen Olympiacos hark egiten zuen moduan, etsi gabe lanean jarraitzeko bertutea dutela erakutsi zuten Tolosako aurrelariak eta Ataungo atzelariak. Ez dute orain arte iazko txapelketan bezain ongi jokatu, baina ia patuaren aurka harramazkaturiko azken bi garaipenekin sailkapen nagusiko seigarren postura igo dira, Jaka eta Mariezkurrenarekin berdinduta, eta Urrutikoetxea eta Arangurenengandik garaipen bakarrera.

Etsi-etsian, gorantz

Gauza handirik egiteke, 10-1 aurreratu ziren Urrutikoetxea eta Aranguren. Albisuk aurreneko tanto horietan behar baino pilota gehiago galdu zituen, Sahatsaga frontoiko zoru azkarrera jarri ezinik. Aurrean ere, Urrutikoetxeak amaitzen ez zuena Peñak galtzen zuen, beharrezko patxadarik gabe jokatuz.

Alabaina, urdinek ez dute sekula etsitzen, eta Albisu asentatu ahala, Jon Ander Peñak aurrean errematerako aukera gehiago aurkitu zituen, beti asmatu ez bazuen ere.

Partida 18-10etik aurrera hasi zen aldatzen. Peñak sakez min ematen zuen, eta sakean egiten ez zituenak errematean pilatzen zituen ostean. Urdinak 18-16raino hurbildu ziren eta gorriei hezurretaraino sartu zieten beldurra. Urrutikoetxeak, hala ere, ekimena hartu zuen eta partida ia erabakita laga markagailura 20-16ko emaitza igota.

Gipuzkoar biek, dena den, lanari ekinez 20na berdindu zuten eta partidan lehenengoz aurretik jarri ziren Peñak sakez lortu zuen laugarren tantoari esker: 20-21. Azken tantoan, txokoan airez utzi zuen pilota Tolosako aurrelariak, Aranguren aurreneko botean iritsi zen, baina zabalera dejada bota zuen eta kanpora alde egin zion ahaleginak. Olympiacos txapeldunaren antzera, urdinen burugogorkeria nagusitu zen azkenean.

«Hozka egitean» datza sekretua

Garaipenagatik gustura bai, baina ez egindako jokoarekin. Horra Albisu eta Peñaren egoera Getarian irabazita.

«Noizbait irabazten hasi beharko dugu!», bota zuen Ataungo atzelariak. «Asko sufrituta, baina lortu dugu. Kolpez- eta ez ginen gaizki ikusten, baina beti deseroso, pilotari ezin jarrita, eta 14. tantora arte-edo opariak geuk egin ditugu. Gero partidan sartu gara, gure maila ematen hasi gara eta horrekin irabazi dugu», gaineratu zuen Albisuk.

Jon Ander Peñak, berriz, Getariako frontoi azkarrari eman zion garrantzia, eta partida amaitu berritan «presioa» igarri zuela onartu zuen.

«Irabazita ere ez nago gustura. Oso sentsazio txarrekin egon gara, baina hozka egiten jarraitu dugu, eta horrek puntua eman digu. Hala ere, hobeto hasi behar dugu. Ez gara frontoira egokitu, eta nik presaka, presionatuta, jokatu dut. Baina hozka egiten segi dugu eta hortik atera dugu partida», esan zuen. A. G.