GARA
BILBO

«Zientzia alboratu dute, bi urtean ez dute ezer ikasi eta egoera hau etsigarria da»

Zaila da egungo egoera pandemikoari tamaina hartzea, eta are zailagoa adituak ere neurria hartu ezinda entzuten ditugunean. «Ez dakigu zein den egoera momentu honetan. Ez naiz gai inolako analisirik egiteko», adierazi zuen atzo Koldo Garcia zientzialariak NAIZ Irratiko tertulia zientifikoan. Nabarmendu zuen, ildo horretan, egunak direla Lakuako Gobernuak uko egin diola kutsatze kopurua modu fidagarrian zenbatzeari.

«Intzidentziaren datuek, egun dauden moduan, ez dute ezertarako balio. Hori da urte hasiera honetan gauzarik txarrena, ez dakigula gauzak nola joango diren, begiratu dezakegun gauza bakarra ospitaletan gertatzen dena delako», gaineratu zuen.

Ildo berean, Izortze Santin ikerlariak azaldu zuen «txertoek emandako abantaila galdu» egin dugula, kutsatze kopurua izugarri igo den heinean eta «agintariak, berriro ere, ez direlako gai izan birusari aurre egiteko». Horren adibide gisa, esan zuen ospitaletan izaten ari diren artatzeak aurreko hiru olatuetan baino gehiago direla, eta ZIUetan dagoen jende kopurua udako olatukoa baino altuagoa dela.

Bizi dugun oldarraldiak goia noiz jo dezakeen aurreikustea zaila da, are gehiago kutsatzeen jarraipena egiterik ez badago. Eta nahiz eta Nafarroan langa horretatik gertu egon gaitezkeen zantzuak egon –Osasun Publiko eta Lan Osasuneko Institutuaren azken txostenak hori iradokitzen du–, egungo egoera zailak luzerako joko duela dirudi. Izan ere, oldarraldiak goia jo ondoren ere, hainbat astez egunero milaka eta milaka kutsatze izaten jarraituko dugu.

Horregatik, Pedro Sanchez presidente espainolak azken egunetan esandakoek ezinegona sortzen dute, besteak beste, covida gripe baten antzera baloratzen hasi beharko genukeela esan baitu. Alde horretatik, Santinek azpimarratu zuen Sanchezek zabaldu eta beste hainbatek bere egindako mezu hori «arriskutsua» izan daitekeela, covidak jendea erietxetara eramaten eta heriotzak eragiten jarraitzen duelako oraindik. «Azkarregi joaten ari dira», adierazi zuen.

«Prezioa ez da onargarria»

Gainera, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) aste honetan bertan esan du goizegi dela koronabirusa gaixotasun endemiko gisa tratatzeko, eta kutsatuen jarraipena indartzeko deia egin du. Bide horretatik, Garciak gogorarazi zuen egoera endemikoa izateak ez duela esan nahi arriskurik ez dagoenik. OMEk hurrengo bi hilabeteetan europarren %50 inguru kutsatuko direla aurreikusi du, eta horregatik haserre mintzatu zen Santin: «Distopia batean bizi gara. Ebidentzia zientifikoa alde batetik doa eta arduradun politikoen erabakiak beste alde batetik».

Autotesten, autoisolamenduen, autozaintzaren eta autobajen garaian bizi gara, eta bi zientzialariek nabarmendu zuten hori «akatsa» dela. Gainera, haien ustez, eguneroko datuak kontatzeari uztea arazo bat da, horrek are gehiago zailduko baitu eraginkortasuna duten neurriak hartzea. Emaitza, agerikoa, besteak beste, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntzaren esparruan hartutako neurri batzuei «zentzurik ez» ikustea zientzialariek. Horien artean, «eskola kirola bertan behera utzi izana».

«Noraezean gabiltza. Neurriak hartzeko momentuan, politikariek haien aholkulariek esaten dietena kontuan hartzen dute, eta profesionalen iritzia alboratzen dute. Zientzia alboratu dute. Bi urtean ez dute ezer ikasi, eta egoera hau etsigarria da», nabarmendu zuen Santinek.

Egoeraren larritasunaren adibide gisa, urteko lehenengo bost egunetan berrogeita hamar euskal herritar hil direla nabarmendu zuen Garciak, eta gogora ekarri zuen azken olatu hau hasi zenean, urrian, halako zifra bat izateko hiru aste igaro behar zirela. «Hau ez da txantxa bat –ohartarazi zuen–, hemen jendea hiltzen ari da eta honi aurre egin behar zaio. Onartzen ari garen prezioa ez da onargarria».