Jon ORMAZABAL
PILOTA

Inork ez du oraindik azken hitza esan

Irribarria-Rezusta eta Ezkurdia-Tolosa bide onera itzuli dira Zumaian eta Iruñean

ALTUNA-MARTIJA 18

EZKURDIA-TOLOSA 22


Binakako Txapelketa etapak erretzen ari da, baina inork ez du oraindik azken hitza esan nahi eta orekatuta agertzen zen sailkapena are gehiago estutu zuten atzo Irribarria-Rezustak eta Ezkurdia-Tolosak, pronostikoak oso aurka izan arren, bi partida oso desberdinetan, Elezkano-Rezustari (7-22) Zumaian eta Altuna III.a-Martijari (18-22) Labriten gailenduta.

Bi partidetan faboritoek huts egin bazuten ere, Zumaiako eta Iruñeko partidak arras desberdinak izan ziren: Aitzurin 2017ko txapeldunak goitik behera nagusitu ziren bitartean, Labriten oreka erabatekoa izan zen, dezente gogortu zen partidako azken txanpara Ezkurdia-Tolosa osoago heldu baziren ere.

Azken asteetan oso dinamika kezkagarrian sartuta ziren Irribarria-Rezustak era ezin hobean uxatu zituzten izan zitzaketen zalantzak, partida bakarra galdua zuten Elezkano-Zabaletari irabaztea handia bada, zazpian uztea ez baitago edonoren esku. Euren potentzial ikaragarriari etekin guztia atera zioten bi ezker gipuzkoarrek. Argi zuten urdinek liderrei irabazteko aparteko gauzak egin beharko zituztela kantxan eta hala egin zuten, bai erasoan, eta baita defentsan ere; aramarrak, esaterako, pilotazale guztiak txundituta utzi zituen, zazpitik, paretan igota, eramandako pilotarekin. Erasoan ere zorrotz aritu zen goierritarra eta Rezustak ere aspaldian jo ez dituen pilotakadak jo zituen Aitzurin, bien artean partida borobila osatuz.

Eta halakoetan gertatu ohi den bezala, batzuek hainbeste jokatzeko besteak ere euren mailatik urrun izan ziren, kasu honetan, bereziki, bi jotzaileren aurka ezer egiterik izan ez zuen Zabaleta. Etxarrengoak ez zuen ohikoa duen eran atzean dominatzerik izan eta gainera bost pilota bota zituen. Elezkanok, bere aldetik, jokotik erabat deskonektatua ibili behar izan zuen arerioen joko uholdearen aurrean. Baldintza horietan, partida nahikoa azkar hautsi zen (6-4koaren ostean) eta kolore bakarra izan zuen hortik aurrera.

Tolosaren susperraldia

Labriten, ordea, azken-azken txanpara arte, Altuna-Martija 18-17 aurretik joan ziren bigarren atsedenaldi luzera, ezinezkoa izan zen partidak hartuko zuen norabidea igartzea. Hori bai, ordura arte oreka eta berdinketak bata bestearen atzetik izan baziren, azken txanpa horretara askoz osoago heldu ziren Ezkurdia eta Tolosa, jokoz eta fisikoz, eta bizirik irauteko beharrezko puntua eskuratu zuten.

Eta Zumaian Irribarriaren lana nabarmendu behar bada, Iruñean aipamen berezia merezi du horren txapelketa zaila izaten ari den Xabi Tolosak jokatutako partidak. Lehia azkenerako asko gogortu bazen ere, anoetarrak «beste ordu erdiz jokatzeko moduan» amaitu zuen partida, pilota oso bizi mugitu zuen eta, batez ere, akituta amaitu duen Martijak baino askoz osoago jokatu zituen partida erabaki zuten azken tantoak. Ordura arte, lehia oso parekatua izan zen. Pilota bizi erabili bazuten ere, atzean ez zen inor argi nagusitu eta horrek partida aurrelariek asmatzen zutenaren arabera joatea eragin zuen. Gehiago galdu arren, Ezkurdiak distira gehiago izan zuen eta Altuna, gaizki aritu ez arren, ohi baino grisago aritu zen une beroetan.