Andoni ARABAOLAZA
ESKALADA

Mexikoko El Gigante hormak euskal sokada baten bisita jaso du

Mikel Mendizabal eta Mikel Saez de Urabainek «Amapola Express» bidearen (7c+, 860 m) bigarren igoera egin berri dute.

Neguko denboraldian sartuta gaude, eta, horrenbestez, alpinistek hotza eskatzen dute euren jarduerak era egokian egin ahal izateko. Baina badira sasoi honetan arrokaren deia jaso eta alderdi “lehorretara” abiatzen direnak ere abentura bila. Mikel Mendizabal eta Mikel Saez de Urabainek osatutako sokadak Euskal Herri hezeak garaiotan izaten dituen euri prezipitazioetatik ihes egin eta Mexikora bidaiatu du.

Hain zuzen ere, joan den abenduaren 8an hegazkina hartu eta Mexikok dituen hormatzar ikusgarriek zer eskaintzen duten probatzera abiatu ziren. Zehazki, izen handia hartu duten El Gigante eta Basaseachic hormatzarrak zituzten zain.

Mendizabalek 26 urte ditu, baina, halere, ibilbide oparoa egiten ari da dagoeneko. Saez de Urabainek, berriz, adin bikoitza du. Eta bere curriculuma ezagututa, ezer gutxi esan dezakegu berari buruz. Soilik goi mailako eta eskarmentu handiko alpinista eta eskalatzailea dela. Beraz, gaztetasuna eta beteranotasuna elkar hartuta. Urteak daramatzate elkarrekin eskalatzen, eta bidaia honetan ere berriro lotu dute soka gerrira.

Saez de Urabainek aipatu bezala, arrazoi ezberdinengatik biek ala biek oso argi zuten Mexikon izango zutela “geltoki” nagusi: «Lehenik eta behin, azaroa eta abendua hilabete petralak izaten dira Euskal Herrian. Jakina, eguraldiari begiratzen badiogu. Alderdi gutxi daude segurtasun minimo bat ematen dutenak eskalatzen jarduteko. Eta bestetik, Mexikon hormatzar asko eta onak daude. Hori guretzako berria zen, eta zirraragarria iruditu zitzaigun eremu ezezagun batera joatea».

Eta alde guztietatik begiratuta, zorionez, apustua ondo baino hobeto atera zaie. Eguraldiari dagokionez, ez dute muturreko negurik izan, justu kontrakoa: «Soilik bi egunetan egin digu euria. Berez, eskalatzeko baldintza egokiak izan ditugu. Arrokaren ukipena ona izan da, egunez tenperatura atsegina egin digu eta gauez hotza baina ez gehiegi. Nahiz eta negua izan, aurreratu behar dut ez dugula inortxorekin ere topo egin, ez eskalatzaileekin, ezta turistekin ere. Antza denez, ez da ohiko denboraldia bertan».

Bakar-bakarrik, beraz, El Gigante bezalako murru erraldoi eta erakargarri batean. Bakardadekoa nahi dutenentzat aukera ezin hobea. Mexikoko pareta handiari dagokionez, berriz, aurreratu behar dugu historia “laburra” duela; izan ere, lehen bidea 1998. urtean zabaldu zen.

Aurrez aurre 900 metro luze den horma, errespetua eskatzen duena. Saez de Urabainek baieztatu digu ikusgarria dela oso: «Tentea izateaz gain, eroria ere badu. Ipar orientazioa duenez, nahiko iluna da; izan ere, eguzkiaren izpiak apenas jasotzen ditu. Hori esan eta gero, aipatu behar dut hara iristeko nolabaiteko abentura batean murgildu beharra duzula. Murrura iristeko egundoko itzulia egin behar da. Oihan handi bat zeharkatu behar da, eta, ondoren, zintzur batera jaitsi».

Bigarren igoera

Era askean eskalatzeko, El Gigantek soilik hiru bide eskaintzen ditu: “La conjura de los necios”, “Logical progression” eta “Amapola Express”. Bada, hiru aukera horiek aztertu ondoren, bi gipuzkoarrek azken bidearen alde egin zuten. Krokisak dioen bezala, 860 metro luze da eta 7c+ zailtasuna du.

“Amapola Express” marran sartu baino lehen, euskal sokada Basasiachic horman egon zen. Eta ur-jauzi batengatik ezaguna den horma horretan “Subiendo el arcoiris” eta “Macuchi” bideak eskalatu zituzten.

Alderdi horretako arrokara egokitu ondoren, Mendizabal eta Saez de Urabain El Gigantera abiatu ziren. Heldu bezain laster, aukeratutako bidera hurbildu, bi luze eskalatu eta soka finkatu zuten.

“Logical progression”-en ez bezala (goitik paraboltekin ekipatuta dago), “Amapola Express”-en tresneria asko behar da aseguratzeko. Hain zuzen ere, eite edo estilo hori da bi eskalatzaile gipuzkoarrak gehien erakartzen dituena. Aurreko igotzaileek bost egun behar izan zituzten bide hori eskalatu ahal izateko. Hamaka eraman zuten, eta horrek erritmoa erabat moteldu zien. Euskal sokada, berriz, arin aritu zen, eta soilik bibak bat behar izan zuen jarduera hori egiteko: «Bibaka ez zen batere erosoa izan. Ipurdia kokatzeko leku txiki bat besterik ez genuen aurkitu!».

Saez de Urabainek dio eskalatu berri duten marra kalitate handikoa dela: «Hasierako hiru luzeetan landaretza dago, baina, ondoren, luze teknikoak eta arroka onekoak gainditu genituen. Ondoren, bidearen gakoari ekin genion paretaren eremu tenteenean. Oso zaila iruditu zitzaigun; izan ere, mugimendu oso behartuak zituen. Bederatzigarren luzearekin bukatu genuen lehen eguna. Biharamunean goiz hasi ginen, eta onartu behar dugu denbora dezente galdu genuela bidea bilatzen. Krokisa nahasia zen, eta guk berritu duguna zuzenagoa da. Sekzio horretako hainbat luzerekin buruhauste latzak izan genituen. Hamaseigarrenak, adibidez, interpretazio asko ditu. Zorionez, hurrengo bi luzeek gailurraren gertutasuna erakutsi ziguten. Gaua heltzearekin batera bukatu genituen ‘Amapola Express’ bidean egin beharreko ia lan guztiak. Eta tontorretik gertu, lepo batean, gaua igaro genuen. El Giganteko puntu gorena hurrengo egunean zapaltzeko ohorea izan genuen».

Era horretan, Mendizabal eta Saez de Urabainek esku artean zuten helburua erdietsi zuten.

“Amapola Express” bidearen bigarren igoera izan da eskalatzaile gipuzkoarrena, estilo arinean eta bi eguneko jardunean egindakoa. Protagonistok, oro har, pozarren daude eginiko eskaladarekin eta aukeratutako bidearekin: «Onartu behar dugu marra hau zabaldu zutenek lan oso txukuna egin zutela; ondo irekita dago. Arestian esan dudan bezala, krokisarekin arazoak izan genituen, baina eskalatu dugun bidea estetikoa eta ona da. Lehen luzeetan landaretza dago, baina, oro har, arrokaren kalitatea ona da. Gainera, murruan bakarrik egon gara».