Mikel ZUBIMENDI
DONOSTIA
TXILLARDEGIREN

Txillardegi euskaldun jendearen gogoan, hori da benetako aitorpena

Indar eta dotorezia handiko ekitaldi batekin omendu zuten atzo Txillardegi, bere izena daraman Donostiako Antigua auzoko plazan. Bertan, argi ikusi zen sektakeriagatik aitorpen ofizialik ez duen abertzale handia euskaldun jendearen gogoan bizirik dela. Bere memoria trinkotu eta landu egin da, gezia urrutirago jaurtiz. Horra egiazko aitorpena.

Atzo, Donostiako Antigua auzoan, eguerdiko eguzki handiak argia oparitu zuen, epeltasun gozoa, hitzaren, dantzaren eta irudiaren bitartez zabaldu zen energia handia, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi handiaren heriotzaren X. urteurreneko ekitaldia ederragotuz. Familia lehen lerroan, adineko jendea eta gazteak ere bai, lehengo eta oraingo militante abertzaleak, memoria kondentsatu asko sentitu zitekeen, itzaltzen ari den belaunaldi baten presentzia, gure herriarentzat eta euskararentzat handia, oso handia izan den figura baten itzalpean.

Markel Perez eta Guillermo Elizaga txalapartari gazteen pieza batekin hasi zen ekitaldia, jendea ekitaldira batzera perkusio saio ederrarekin deituz. Aurkezleak ongi etorria eman eta osasun neurriak betetzeagatik eskerrak eman ondoren, aurreskuak eta lore-eskaintzak eman zioten segida ekitaldiari. Janitz eta Sua Enparantza anai-arrebak, txistu eta danbolinarekin solista bat eta, bestea, dantzari, dotoreziaz aritu ziren Txillardegiren horma-irudiaren aurrean. Denboraren higadurari hobeto eusteko Mikel Herrerok aluminioz eta plastikoz berritu duen irudi ikonikoa, hain zuzen. Hantxe, «Euskara da euskaldunon aberria» hitz eta irribarre dituela, Txillardegi izan zen lekuan, Txillardegi plazan.

Ofizialki, baina, Gaskoinia plaza deitzen da, Txillardegi izen toponimikoa aspaldikoa den arren. Plazarena edo liburutegiarena, Txillardegiren izena eta izana aitortzea bakarrik, deabrua konbokatzea baita batzuentzat. Ez diote barkatzen, ez diote barkatu nahi, sarri irakurri ditugu hitz horiek, eta, atzo, oso presente egin zen sentimendu hori.

«Zauri zornatuak orbaintzeko»

Sortu zituen kreaturak eta egindako ekarpenak euskararentzat eta aberriarentzat zein handiak izan diren denok jakin arren, edo agian horregatik, batzuek ez dizkiotelako aitortu nahi. EAJren aurrean altxatu eta ETAren sorrerari ekitea, adibidez; ez dute onartu nahi ETAk euskarari salbatzeko emandako arnasa, Euskal Herriari emandako aukera eta sinesgarritasuna. Euskara hizkuntza bakarra dela eta batasuna behar zela konbentzituta, Txillardegi hizkuntzalaritzan aitzindaria izan zela. Eta Euskaltzaindiak egin ziona, nola itxi zizkioten sartzeko ateak, bazterketa hura, oraindik bizirik da, tamalez, desagertu ez den jarrera mendekari gisa.

Injustizia horren sentimendua transmititu zuen “Txillardegi Udal Liburutegia” ekimeneko Fito Rodriguezen hitzaldiak. Sektakeriaren adibideak eman zituen, zentsurarena, aitorpen ofizialaren absentziarena. Txillardegiren memoria gorde eta bere izenak Donostiako iruditerian leku bat izan dezan egindako eskaerek jasotako ezezkoen berri eman zuen, hizkuntzalaritzan, literaturan eta pentsamenduan gure herriari egin dizkion ekarpenak gogoratzean.

Baina Rodriguezenak ez ziren izan etsipenaren hitzak. Hamar urte eta gero, aitorpenean bidea egin daitekeela aipatu zuen. Gogora ekarri zuen Oñatiko Udalak euskara batuaren alde Txillardegik egin zuen ekarpen itzela aitortzeko Arantzazun jarritako oroigarria, edo sozialisten esku den Hendaiakoak –urte luzez bertan bizi izan zen– nola ez duen arazorik izan ebidentzia argia eta guztiz justiziazkoa dena aitortzeko. Donostiako Udalak ere egin ahal duelako. Eta egiteak, azken hamar urteotako jarrera aldatzeak, «elkarbizitzarako zauri zornatuak orbaintzen» lagunduko lukeelako.

Ekitaldira bertaratu zen Joseba Sarrionandia idazlearen “Han izanik hona naiz” saiakera liburuko pasarte bat irakurri zuen Rodriguezek, gero, publikoari, azken mezu bat pasatu baino lehen: «Zuek zarete benetako aitorpen ofiziala». Urtez urte, euskal politika, kultura eta pentsamenduan barrena, alorrez alor, Txillardegiren memoria landu eta gezia apur bat urrutirago jaurtitzen saiatzen den jendea.

Isildu eta kikildu gabe

Hitzak bertso egin ziren ondoren Unai eta Beñat Gaztelumendi anaiekin. Donostian barrena bidaia bat egitera eraman zuten jendea, hiriko iruditeria eta izendegia errepasatuz: Borboi leinuko Isabel II.aren edo Carlos I.aren hiribideak, edo Maria Cristina bera ere; eta Frantzia pasealekua, Madril etorbidea, Londres Hotela… «eta Txillardegik non du liburutegia?» bertsotik bertsora galdeginez, oso arina eta jostaria izan zen saioan.

Ekitaldiari amaiera emateko, bertaratutakoei kantatzeko eta dantzatzeko gonbidapena luzatu zitzaien. Hain zuzen, duela 40 urte Xabier Amuriza bertsolariak sortu zuen “Euskal Herrian euskaraz” abestia kantatzera eta Baztango zazpi jauziak herri dantzarekin animatzera. Elkarrekin euskaraz kantuan, denok batera dantzatuz, eman zioten agurra ekitaldiari. Ondo pentsatuta, Txillardegik berak bere bizitzaren ibilbidean egin bezala: isildu eta kikildu gabe, zurikeriarik gabe. Abiapuntu eta helburu batekin beti: euskara eta aberria.