Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA - EUROLIGA

Municheko Bayernen bisita deserosoa Gasteizen, Burgosen aurka aritu aurretik

Etxea hankaz gora dugula bisitaririk baletorkigu, ez dezala gugandik harrera beroegirik espero. Lugon Breoganen aurka galdu ostean, ia Kopatik at geratu zen asteazkenean Saski Baskonia, ez bada azken orduko karanbolaren bat gertatzen; alegia, igandean Burgosi sekulako egurra ematea eta Tenerifek jokatzeke dituen hiru partidetatik –Valentzia etxean, UCAM Murtzia eta Burgos kanpoan– gehienez bakarra irabaz dezala eta Baskoniarekiko average orokorra –13 puntu Vidorretarenen alde– gal dezala.

Ez da aldarterik egokiena gaur 20.30ean Municheko Bayernen bisita jasotzeko, ezta gutxiagorik ere; ezta eskuarki ACB Ligan baino Euroligan pentsatu ohi duen zalearentzat ere. Alabaina, itxura batean dirudiena baino garrantzi handiagoko dema izango da.

Izan ere, 8-11 balantzearekin, Bavierako taldeak gasteiztarrek baino garaipen bat gehiago dauka. Are gehiago, uneotan zortzigarren postuan dagoen Anadolu Efes txapeldunarengandik garaipen bakarrera dago Andrea Trinchieriren taldea. Ondorioz, Bayerni irabazi ezean, Baskoniak Top 8ra hurbiltzeko abagune bikain askoa galduko luke.

Gabon jaien bezperan 76-81 irabazi zuten gasteiztarrek Munichen, Wade Baldwinek sekulako erakustaldia eman eta gero. Baina ordutik hona Baskoniaren jokoa ez da askorik zuzendu, ez behintzat Lugon 89-83 galdu berritan Neven Spahijak esanari so eginez gero.

«Egiten ditugun akatsak entrenamendu gehiagorekin bakarrik konpon litezke, baina ez daukagu entrenatzeko astirik. Berez 83 puntu sartzea aski litzateke talde serioa bagina, baina hainbeste akats egin ditugu galdutako baloiekin eta defentsan, ezen merezita irabazi baitigute». Norbere entrenatzaileak halakorik esaten badu, akabo.

Bada, gaur gauean galduz gero, gasteiztarrak akaso etsipenak jo ditzake, eta hori derrigor saihestu beharreko gaitza da.

Lointek Gernika Bizkaia

Bestalde, igande eguerdian Donostian derbia jokatu eta gero, Lointek Gernika Bizkaiak datorren astean jokatuko ditu aurreneko itzulia amaitzeko falta zaizkion hiru partidetatik bi. Biak kanpoan, hain zuzen.

Hilaren 26an, 20.00etan, 15. jardunaldiko neurketa jokatuko dute Lleidan Mario Lopezen jokalariek, Irati Etxarri lider duen Cadi La Seuren kontra.

Hilaren 30ean, berriz, 18.00etatik aurrera, 13. jardunaldiari dagokion dema jokatuko dute Campus Prometeren kontra, Logroñon bertan.